Saharari elkartasuna adierazteko kirol ekitaldi solidarioa antolatu dute Gasteizen
Arabako Boxeo Federazioarekin lankidetzan egingo dute ekitaldia larunbatean, Mendizorrotzako kiroldegian. Boxeo, muay thai eta kickboxing diziplinetan lehiatuko dira Saharako Kirol Federazioaren eta Euskal Selekzioaren kontaktu kiroletako taldeak.
Berria, , 19-11-2026Saharako Kirol Federazioak eta Arabako Boxeo Federazioak elkarlanean antolatutako kirol eta elkartasun jaialdia hartuko du Gasteizko Mendizorrotza kiroldegiak datorren larunbatean, 10:00etatik 13:00etara. Ekitaldian, Saharako Kirol Federazioaren eta Euskal Selekzioaren kontaktu kiroletako taldeek indarrak neurtuko dituzte boxeo, muay thai eta kickboxing diziplinetan. Kirol lehiaketaz harago, Mendebaldeko Saharako herriaren eta euskal herritarren arteko «zubiak eraiki, elkartasuna adierazi eta senidetasuna sendotzeko» helburua dauka egitasmoak.
2023ko lehen ekitaldia «historikotzat» jo ondoren, aurtengo jaialdia proiektua finkatzeko aurrerapauso bat dela nabarmendu du Saharako Kirol Federazioak. Ekinaldiaren bitartez, kirolari sahararrak sostengatu nahi dituzte, kirolaren bitartez herrialdeko egoerari ikusgarritasuna emateko. Lehiaketa baino gehiago, herrien arteko topaketa izango dela adierazi du federazioak.
IKUSI GEHIAGO
Mendebaldeko Sahararako AEBen proposamena geldiarazi du Moskuk
«Herritar guztiak gonbidatzen ditugu jardunaldi honetan lagundu gaitzaten. Errespetua, ahalegina eta elkarbizitza izango dira benetako protagonistak», nabarmendu du Saharako Kirol Federazioak. Bigarren ekitaldia aurrera eramaten parte hartu duten erakunde zein pertsona guztien lana goraipatu dute. Horretaz gain, euskal gizartearen harrera eta elkartasuna nabarmendu dituzte. Sahararrentzako egoera zailean egingo da larunbateko ekitaldia: Nazio Batuek Minurso misioa amaitzea erabaki ondoren, mobilizazio orokorra iragarri zuen azaro hasieran Fronte Polisarioak, Maroko lurralde askatuen aurkako ofentsiba prestatzen ari delako beldurrez.
(Puede haber caducado)