Zartatu egin da babes hesia

Berria, Aitor Garmendia Etxeberria, 19-11-2026

«Gu eta haiek». Hori da Vox Espainiako alderdi ultraeskuindarraren diskurtsoaren oinarria. Ahaztu «guztiok berdinak gara» mantra elizkoia. Mugak daude. Geografikoak eta bestelakoak. «Voxentzat, bere estatu ikuspegiarentzat mehatxu diren guztiak dira

haiek

». Paloma Castro Martinez Zientzia Politikoetako doktoreak eta Santiago de Compostelako Unibertsitateko irakasleak Voxen emozio eraikuntza ikertu zuen doktore tesian, eta jakinarazi du Voxekoentzat

haiek

migranteak eta Kataluniako independentistak direla, adibidez. Baina izan daitezke feministak, LGTBI kolektibokoak eta ezkerrekoak ere.

Azken urteetara arte Voxekoak

haiek

izan dira Espainiako politikagintzan. Muga bat, babes hesi bat egon da Santiago Abascalen alderdiaren eta Espainiako Gobernuaren artean. Espainiako Estatuko herritarren arteko arrakaletan sakontzea eragotzi duen harresi hori, ordea, zartatzen hasia da. PP Alderdi Popularrak Espainiako Gorteetarako hauteskundeak irabaziz gero, litekeena da Voxekin akordio bat egitea Moncloara iristeko.

Lehen aldiz posible da alderdi «postfaxista» bat Espainiako gobernura iristea. Guillermo Fernandez Vazquez Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko irakasleak azaldu du kontzeptu hori. Zientzia Politikoetan doktorea da Fernandez ere, eta argitu du zergatik Voxi ez dion zuzenean «alderdi faxista» deitzen: «Postfaxista deritze ideologikoki faxismotik edaten duten alderdiei, tradizio politikotzat faxismoa dutenei. Baina zergatik ez zaie zuzenean faxista deitzen? Proiektu horien helburua —lehen helburua behintzat— ez delako estatu kolpe bat eman eta erregimen faxista bat indarrean jartzea. Talde neofaxistek, aldiz, bai, helburu hori dute; Nucleo Nacionalek, esaterako. Azken horiek ez dute joko demokratikoa onartzen».

Hortaz, esparru demokratiko baten barnean jarduten du alderdi postfaxistak: «Eskuin postfaxistek erregimen demokratiko iliberalak bultzatzen dituzte, Orbanek bezala, baina hauteskundeak egin, egiten dira». Viktor Orban Hungariako presidente ohi ultraeskuindarrak (2010 – 2026), esaterako, aurten galdu ditu bozak. Halere, Abascalen aliatu horrek «demokrazia iliberala» ezarri zuen Hungarian. Hau da, gizabanakoen askatasunak murrizten dituen erregimen bat, baina sistema «demokratiko» batean. «Voxek ez du 1972ra itzuli nahi; izatekotan, 1976ra. Haren analisia baita trantsizioan kontzesio gehiegi egin zitzaizkiela ezkerrari eta nazionalistei», azaldu du Fernandezek.

Berriro ere atzera egin nahiko du Voxek gobernua osatzera iristen bada. Inkestak alde ditu: gehienen arabera, baliteke 2023ko bozetan baino zazpi puntu gehiago lortzea —botoen %12,3 lortu zituzten—; eta ia bikoiztu egingo lituzke diputatuak, 55 eta 68 artean edukitzeraino. Horiek horrela, hirugarren alderdi moduan sendotuko litzake, eta baliteke PPrekin koalizioa eginda gehiengoa edukitzeko adina babes biltzea.

Santiago Abascal Voxen mitin batean, Cornella de Llobregaten, igandean. ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Horretarako aukera edukiz gero PP babes hesia alboratzeko prest agertu da. Jada elkarrekin osatu dituzte gobernuak Extremaduran, Gaztela eta Leonen, Aragoin eta Andaluzian. Azken hori izan du mintzagai Castrok: «Moreno Bonillak [PP] babes gutxi behar bazuen ere, Voxek Andaluziako Gobernuaren parte izatea exijitu zion. Horrek erakusten du PPk emaitza oso onak lortzen baditu ere, Voxen beharra baldin badu, azken horrek gobernuaren parte izatea exijituko diola».

Halere, Fernandezek esan du ikusi beharko dela Voxek zenbat eragin dezakeen PPrengan. Dagoeneko, ordea, ari da eragiten. Eta ez soilik Alderdi Popularrean. Diskurtsoa bere aldera eramana du alderdi ultraeskuindarrak, eskuinera egin dio tira. «Voxek emaitzak hobetzearen arrazoi nagusia kopia efektua izan daiteke», azaldu du Castrok: «Eskuineko alderdi tradizionalak —PPk— eskuin muturreko alderdiaren —Voxen— diskurtsoa kopiatzean gertatzen da kopia efektua. Badirudi horrela PPk Voxen boto emaileak erakar ditzakeela; ez da, baina, hori geratzen. Orain arte beldurra eta gaitzespena sortzen zuten diskurtsoak normalizatzea dakar horrek. Alderdi tradizionalek ultraeskuinaren adierazpenak bere egiten badituzte, ez dirudite horren muturrekoak. Horrek boto emailea eskuinerago eramaten du, Voxengana hurbiltzen du».

Migrazioa, erdigunean

Ez da kasualitatea Voxen hauteskunde programako 115 puntuetatik lehena

Ceuta ceutarrentzat berreskuratzea

izatea. Eta lehen proposamena: «Inbasore guztiak berehala kanporatzea». Fernandezen arabera, uztailaren amaieran Ceutan izandako migrazio krisiak «izugarri» lagundu dio Voxi.

Izan ere, Espainiak Afrika iparraldean dituen hiri autonomoak herrialde osoaren «maketa» modukoak dira alderdi ultraeskuindarrarentzat: «Voxen kontakizunaren arabera, Espainia inbasio bat jasateko arriskuan dago, herritar natiboak ia gutxiengoa dira». Ceutan eta Melillan, proportzioan azken hamarkadetan behera egin du «espainiar kristau zurien» biztanleriak. Observatorio Andalusi Espainiako komunitate musulmanaren jarraipena egiten duen gobernuz kanpoko erakundearen datuek diotenez, Ceutako biztanleen %42 inguru jatorri soziokultural musulmanekoak ziren 2023an; eta Melillan, %51 inguru.

Egoera hortaz probestu nahi du alderdi ultraeskuindarrak. Mezu islamofoboak zabalduz eta Ceutako krisia inbasio moduan aurkeztuz, bere tesia sinesgarria dela erakutsi nahi du. Hauteskunde programako proposamenen artean daude, besteak beste, burka eta niqaba espazio publikoetan debekatzea edota ikastetxeetako jantokietan halal menuak kentzea.

Bozen kanpainan oihartzun handiena izaten ari den gaiaren inguruan, ordea —hau da, etxebizitzaren auzian—, Voxek diskurtso «oso ahula eta kontraesankorra» du, Fernandezen arabera. «Azken urteetan herritarren ezinegonaz baliatu da, baina behin gizartea antolatu denean, albo batera egin du, ez duelako ezer ere esateko».

Etxebizitzaren alorrean ere migrazioaren auzia txertatu nahi izan du Voxek. Hauteskunde programan, etxebizitzaren atalean, hau dio lehen puntuak: «Etxebizitza programa ororen oinarrian mugen kontrol zorrotzak egon behar du». Eta bigarrenak: «Etxeak, Espainian, espainiarrentzat. Lehentasun nazionala». Horiek albo batera utzita, Voxek proposatzen du gehiago eraikitzea, inbertsio gehiago egitea eta okupazioa geldiaraztea. Ez du, ordea, alokairuen prezioak mugatzea aipatzen, ezta putre funtsen aukako neurririk proposatu ere. Voxentzat, espekulatzaileak ez dira

haiek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)