Migranteak jopuntuan, eraldaketa geldiaraztea helburu

Berria, Maddi Iztueta Olano, 18-11-2026

Aspaldiko fenomenoa da migrazioa, ohikoa eta askotariko eragileek bultzatutakoa pertsonen joan – etorria: izan daiteke mendebaldetik ekialderakoa, iparretik hegorakoa; ekonomikoa, senideen araberakoa, turistikoa. Lekuan lekuko egoera politikoak behartuta migratzen dute batzuek, indarkeriatik eta gatazkatik ihesi beste batzuek, edota lur sikuaren eraginez. Joatea da lehenengo pausoa, eta beste nonbaitera iristea, bigarrena. Gorroto diskurtsoek eta arrazakeriak gora egin dute azken urteotan, ordea, bai mundu zabalean, bai Europan, bai Espainian, bai Euskal Herrian, eta asko dira migratzaileak jopuntuan dituzten herritarrak. Uste horiek zeharo baldintzatu dute Espainiako Gobernuaren azken legegintzaldia, eta hauteskundeetarako buruhauste eta tresna bihurtu dira.

Espainiako Gobernuak urtarril amaieran iragarri zuen migratzaileen egoera erregulatzeko ezohiko prozesu bati ekingo ziola; apirilaren 16an sartu zen indarrean, eta ekainaren 30era arteko epea finkatu zuten dokumentazioa bildu eta eskaerak egiteko. Zehar – Errefuxiatuekin elkarteko zuzendari Javier Canivellen arabera, prozesua, oro har, «positiboa» izan da. «Egoera administratiboa araututa daukaten migranteek eskubidea dute lan egiteko, gizarte segurantzarako, zenbait diru laguntza jasotzeko, eta etxebizitza bat lortzeko, nahiz eta, halere, zaila izan. Finean, dagoeneko gure artean bizi ziren ehunka pertsonaren existentzia aitortzea da».

Baina bada zer hobetu. «Ezohiko erregularizazio prozesu bat behar izateak agerian uzten ditu sistemaren kontraesanak», esan du Canivellek. Espainiako Gobernuak espero zuen 500.000 eta 700.000 eskaera artean jasotzea; azkenean, 1.100.000 eskaera inguru jaso ditu. «Pentsa, horrek esan nahi du milioi bat pertsona baino gehiago oso egoera zaurgarrian bizi direla Espainiako Estatuan, esplotazio sareen biktimak izateko arriskuan», ohartarazi du zuzendariak. Prozesua iragarri zutenetik, ehunka migranteri lagundu die Zehar – Errefuxiatuekin elkarteak, hala nola aholku juridikoak emanez. «Eta prozesua oraindik ez da bukatu, baina kolapso burokratiko eta lan karga handia dago», gogorarazi du.

Ezohiko erregularizazio prozesuak zeresana eman eta hautsak harrotu ditu, baina azken legegintzaldian beste zenbait neurri esanguratsu ere hartu dira migrazioaren alorrean: Atzerritarren Legearen erreforma, kasurako. 2025eko maiatzaren 20an sartu zen indarrean, eta, Canivellen arabera, baditu alde positiboak, arindu egin baitira lan egiteko eta bizilekua izateko baimenak lortzeko prozesuak. Gaur egun, bertan bi urtez bizi izana nahikoa da bizileku baimena lortzeko; orain arte, epe hori hiru urtekoa zen. Baditu alde negatiboak ere, ordea: «Asiloa eskatzen dutenei dagokienez, administrazioak haien eskaera atzera botatzen badu, ordura arte igarotako denbora ez da aintzat hartzen».

Madrilen aldatzen dituzte migrazioari buruzko legediak, eta, azken hilabeteetako gertakarien harira, Eusko Jaurlaritzak esana du alor horretan eskumen handiagoak izan nahiko lituzkeela, besteak beste iritzi diolako adingabe migranteak hartzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren sarea «gainezka» dagoela. Canivellek azaldu du hainbat maila daudela migrazioaren arloko antolakuntzari dagokionean, eta erabaki nagusiak Madrilen hartu arren foru aldundiek eta Nafarroako Foru Erkidegoak badituztela zenbait eskumen: «Udalek eta aldundiek erabakiak har ditzakete harrerari buruz, migratzaileak artatzeko programei buruz, elkarbizitzarako eta integraziorako neurriei buruz…».

Ceutako gertakariek bultzatuta, euskal gobernuek maizago eta irmoago egin dute eskaera hori. Horren inguruan galdetuta, kezkati azaldu da Canivell, eta han dauden edo egon diren lankide eta adiskideek kontatutako egoera deskribatu du: «Milaka pertsona oso egoera larrian daude, indarkeria handia pairatzen dute, ez dute intimitaterik, eta engainatu ere egiten dituzte». Han ez ezik, joan den uztailetik Euskal Herrian eta Espainian ere nabarmen areagotu dira migranteen aurkako mezuak eta diskurtsoak. Hauteskundeetara begira jarrita, Canivellek aitortu du «eszeptikoa» dela: «Kaltetuen dagoen kolektiboari egozten zaizkio arazo eta zailtasun guztiak».

Errudun bila

Hilaren 29an dira Espainiako Hauteskunde Orokorrak egitekoak, eta, inkesten arabera, baliteke Vox alderdi ultraeskuindarrak botoen %20 biltzea; 2023ko bozetan baino ia zortzi puntu gehiago. Gorakada hori ez da salbuespenezkoa, Imanol Negral EHUko Zientzia Politikoetako doktoregaiaren arabera, Europan gertatzen ari den eraldaketa politiko zabalaren adierazlea baizik. Eraldaketa horren oinarrian «estatus galeraren pertzepzioa» dagoela uste du: «Ez naiz soilik benetako galera materialez ari, baita norberak gizartean duen lekua galtzen ari dela sentitzeaz ere. Ezaguna duten mundua desagertzen ari den irudipenak ezinegona eragiten die bereziki gizonei eta gazteei».

Estutasun horri aurre egin nahian, eskuin erradikalaren gerizpera jo du herritar mordo batek, iraganeko bizimoduari eta pribilegioei nostalgiaz erreparatuz. Etsipen kolektibo hori baliatu dute zenbait alderdik, batez ere Voxek, errudun bat bilatzeko: migratzaileak. «Saltoki txikien gainbeheraren, ohiko lanbideen desagerpenaren eta auzoen eraldaketaren atzean belaunaldi erreleborik eza, kontsumo eredu berriak, etxebizitza politikak eta ekonomiaren berregituraketa dauden arren, aldaketa horiek immigrazioari eta kosmopolitismoaren aurrerapenari egozten zaizkio», adierazi du Negralek.

Migrazioa bertakoen aurkako arrisku den ideia aise zabaldu da azken urteotan; horren erakusle dira, besteak beste,

Lo que no te cuentan de Donosti

talde herritar arrazista, kale gorrian bizi diren migratzaileen kontra egindako ekintzak eta KAS Kaleko Afari Solidarioak egitasmoko boluntarioen aurkako jazarpena. «Natibismoaren ikuspuntua» gailendu da, finean; hots, Negralek azaldu duenez, ikuspuntu horrek lehentasuna ematen die komunitate nazionaleko kideei, eta kanpotik etorritako pertsona eta kultura batzuk mehatxu gisa aurkezten ditu.

Eta asmatutako «mehatxu» horrek Magrebeko gizon gazte baten aurpegia du: «Irudi hori ez da ausaz aukeratu. Gazte musulmana delinkuentziarekin ez ezik emakumeen eskubideen aurkako mehatxuarekin ere lotzen da. Paradoxikoki, salaketa hori egiten duten eragile batzuek feminismoa arbuiatzen dute. Kontraesan horrek erakusten du emakumeen eskubideak batzuetan ez direla helburu unibertsal gisa erabiltzen, talde jakin bat baztertzeko argudio gisa baizik».

Gorazarre tradizioari

Ultraeskuinak eta eskuinak migrazioarekiko dituzten jarrerak alderatu ote daitezkeen galdetuta, baietz erantzun du Negralek, baina zehaztapen batzuk gehitu ditu: «Voxek nazioaren lehentasuna eta identitatearen mehatxua jartzen ditu erdigunean. PPk legezkotasuna, mugen kontrola eta lan merkatuaren arabera kudeatutako immigrazioa; Juntsen agendan kontrol ahalmena eta katalanaren eta kultura katalanaren inguruko integrazioa daude; EAJk, berriz, eskumenen aldarrikapena harrerarekin, laneratzearekin eta bizikidetzarekin lotzen du». Halere, ohartarazi du «kutsatze arriskua» handia dela, hau da, eskuineko alderdi batek ultraeskuinaren antzera jokatzeko arriskua dagoela.

Edonola ere, migrazioarekiko arbuioa ez da Espainiako nazionalismoaren edo eskuinaren ingurumarietan soilik areagotu. Katalunian ere, adibidez, nabarmen egin du gora, eta horren erakusle da Aliantza Katalana alderdiaren sorrera. Euskal Herriko egoerari erreparatu dio Negralek: «Joseba Iturria kazetariaren inguruan sortzen ari den proiektua ezkerrekoa eta subiranista gisa aurkezten da, baina migrazioaren murrizketa eta identitate politiken aurkako kritika ere bere diskurtsoaren parte dira».

Izan ere, EHUko doktoregaiak uste du balitekeela euskal herritar batzuek immigrazioarekiko eta feminismoarekiko jarrera erreakzionarioa izatea eta, aldi berean, euskal nortasuna, hizkuntza eta tradizioa defendatzea, euskal eta espainiar identitateak elkarren aurkakotzat jo gabe: «Segmentu horrentzat ezker – eskuin ardatza baino garrantzitsuagoa izan liteke immigrazioaren eta aldaketa kulturalaren inguruko gatazka».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)