'Ibaitik itsasora, Palestina libre' eguna, hirugarrenez, Makean

Ipar Euskal Herriko Palestinaren aldeko taldeen sareak antolaturik, 'Ibaitik itsasora, Palestina libre' eguna iraganen da bihar, azaroaren 14an, Makean. Hirugarren urtez jarraian, «genozidioak gehien eragiten dienei hitza emateko» helburuari helduko dio topaketak.

Gara, Tidjan Peron eta Maite Ubiria Beaumont, 13-11-2026

«Gorakada erreakzionario eta faxista betean garen honetan, nehoiz baino gehiago, elkartzeko beharra dugu, zapaltzaileen bortizkeriak pairatzen dituztenen esperientziak ezagutzeko, egiturazko egoerak aztertzeko eta ulertzeko, eta gogoeta kolektiboa bideratzeko, borrokei hats berri bat emateko». Bihar, azaroaren 14an, iraganen den ‘Ibaitik itsasora, Palestina libre’ egunaren atarian plazaraturiko gogoeta da.

Ipar Euskal Herriko Palestinaren aldeko taldeen sareak antolaturik, «genozidioak gehien eragiten dienei hitza emateko helburua» erdigunean jarri dute hastapenetik topaketaren sustatzaileek. Hirugarren edizio honen bitartez «Palestinaren alde borrokan direnei kosta ahala kosta sustengua ematen» segituko dugula adierazteko gomita egin du sareak.

Elkartasunaren balioa aldarrikatzearekin batera, horren gauzapen praktikoaren gainean arreta ezarri du sareak. Hala, Palestinan genozidioak aurrera segitzen duela ohartaraziz, Israelen aurkako «boikota eta zigorra» tresna zilegitzat defendatu ditu.

Egitaraua begiratuta, orain arteko hainbat ekimen atxiki badituzte ere, berrikuntzekin dator topaketa. Ohiko proposamenetatik hasita, Palestinaren alde jarduten duten euskal eragileen azoka emanen dute goizeko 10:00etatik 15:00etara, Makeako plazan.

‘Israel Handiaren proiektua, Mendebaldearen islamofobia eta erresistentziak’ izenburu duen hitzaldiarekin hasiera emanen zaio, 10:00etan, eztabaidaren atalari. Antolatzaileek azaldu dutenez, «hitzaldi horretan Israelek Palestinan, Libanon zein Sirian duen hedapen koloniala jorratuko» dute, «Israel Handiaren proiektu sionistari begiratuta». Hizlariak honako hauek izanen dira: sionismoren aurkako jarrera defendatzen duen Eyal Sivan zinemagile israeldarra, Kawtar Najib Liverpooleko Unibertsitateko giza geografiako irakaslea eta islamofobian aditua, eta Salah Hamouri abokatu eta giza eskubideen defendatzaile frantziar-palestinarra.

Bazkaria dastatu ondoren (13 euroan, tiketak bertan salgai), Israelgo presondegietako egoera izanen dute aztergai arratsaldeko 15:30ean abiatuko den mintzaldian. Palestinatik bertatik bideo dei bidez mintzatuko dira, alde batetik, Parisko Inalco institutuaren antropologia eta historia doktoregaia den Assia Zaino –emakume presoei buruzko hainbat ikerketaren egilea da– eta, bestetik, 2024an atxilotu ondoren, Israelgo espetxeetan bertatik bertara errepresioa pairatu zuen Hadeel Shatara preso ohia. Gaur egun 10.000 palestinar inguru gatibu dira Israelen; jakinik atxilotze zentroetan torturak eta tratu ankerrak ohikoak direla, giza eskubideen aldeko erakundeek gerian utzi dutenez.

Nola borrokatu Israelen proiektu kolonialaren kontra, zeinak oinarrian dituen lurraldeen despopulazioa eta herri palestinarra biltzen duten osagai artistiko eta kulturalen ezabatzea? Eyal Sivan eta Rūh Duo musika taldearen eskutik, artisten erresistentzia dute aipagai ondoko hitzaldian. Boikot kulturalaren mugimenduak jorraturiko ibilbideari ere erreparatuko diote hitzaldi horretan.

17:30etik 19:00ak bitartean, ‘Mendebaldearen konplizitatea eta boikotaren beharra. CAFen adibidea’ izenburu duen azken mintzaldian bilduko dira jardunaldira bertaratuko diren lagunak. Hurbiletik hasita, «Israelen apartheid eta praktika kolonialak ahalbidetzen dituzten enpresei begira» ezarriko dira Santi Gonzalez Vallejo ekonomialaria eta sindikalista ohiaren eta BDZko Caf arloko aktibista bat.

Lauak, Dassault eta bereziki Caf enpresaren jokabideari erreperatuko diote bukaerako hitzaldi horretan, «aspaldi» heldu zelako «Beasaingo enpresa boikotatzeko eta zigortzeko deialdia Palestinatik». Michel Foucher Makean antolaturiko topaketaren antolatzaileetako batek Mediabask hedabideari azaldu dioenez, «CAF enpresa Jerusalemetik lurralde okupatuetara doan trenbidea egiten ari da eta gogoratu behar da 800.000 kolono daudela legez kanpo Zisjordanian bizitzen». Kolonia horiek dituzten helburu ekonomikoak aintzat harturik, negozio hori hondatzea lehentasunezkoa dela azpimarratu du.

Antzerkia, Harri Xuri gelan

Kulturak, hain zuzen, toki berezia izanen du aurtengo topaketetan. Hala, 19:00etan, Mahmoud eta Mounak animaturik, Dabkeh dantzara hurbiltzeko ikastaroan parte har dezakete haur zein helduek.

Gauean, berriz, Palestinako Jenin errefuxiatu gunean sortu zen Ahmed Tobasik ‘AND Here I AM’ antzelana taularatuko du (arabieraz, azpitituak frantsesez), 20:00etatik goiti, Harri Xuri gelan.

Antzerkiarekin batera, bigarren berrikuntza nagusia haurren xokoa izanen da. Bertan, egun osoan haurrendako animazioak eginen ditu Ipar Euskal Herriko Palestinaren aldeko sareak. Sorkuntza jarduerak, irakurketa xokoa, joko kooperatiboak, yoga… eskaintza plurala prestatu dute. Arratsaldea bururatzeko, 17:30ean, Nanoua konpainiako lagunek ‘Promenons-nous dans les boites’ antzerki pieza emanen dute.

Eguna amaitzeko, musika

19:30etik 02:00ak arte, musikaren txanda izanen da Makean. Afixan, honako taldeak: Punttu Kakotx elektrotxaranga; Barrrk Ipar Euskal Herriko rock talde gaztea; Herry Gerriya, DJ Pata, Little Martin Selektah, Muxker Jauna eta Monsieur leCrepe elkartzen dituen egitasmoa; Ruh Duo musikari bikote palestinarra eta Karibeko musika Lapurdiko herrixkara bertaratuko duen Siwanaba DJ-a.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)