Elkartasunaren goxoa eta doilorkeriaren mingotsa
Gara, , 13-11-2026Hamarkada luzea igaro da Zaporeak ekimena abiatu zenetik, Intxaurrondoko zazpi lagun Greziara heltzen ziren errefuxiatuentzat otorduak prestatzen eta banatzen hasi zirenetik. Sei hilabeterako sortu zen, larrialdi egoera bati erantzuteko, baina larrialdi egoerek betikotzeko joera hartu dute, eta, zorionez, jende askoren laguntzeko gogoak jakin du erronkari erantzuten. Horregatik eman dituzte ia hamaika urte.
Denbora tarte horretan hasierako taldea bikoiztu egin da, eta beste lagun askoren laguntza ere jaso dute: Lesbos irlako errefuxiatu esparruetan atxikita dituzten pertsonentzat sukaldean aritu diren boluntarioena. Orotara, zortzi milioi errazio inguru banatu dituzte, elkartasun ariketa erraldoia egikarituz. Kontzientziazio lana ere egin dute Zaporeakeko kideek, azken finean, kontzientziak bultzatu baititu eurak ere Mediterraneo aldera jotzera, eta gizatasun horrek instituzioen eta herritarren aitortza jaso du. Egindakoarekin asebeteta egoteko arrazoiak badituzte, beraz, agur esateko orduan.
Albistea hori baita gaur, 2016an hasitako ibilbidea bukatu dela. Donostian egindako prentsaurrekoan
azaldu zutenez, ekimena amaitutzat emateko arrazoien artean nekea dago, urte hauetako lan eskergaren osteko neke logikoa eta ulergarria. Baina agerraldian ez zituzten esan gabe utzi lan hori egiteko izan dituzten oztopo gero eta handiagoak eta, horiei lotuta, Europar Batasunak migrazio politiken esparruan izan duen bilakaera tamalgarria. Izan ere, pertsona migrante eta errefuxiatuei elkartasuna adieraztea zailagoa bihurtu da urtetik urtera, mugen kontrola zorroztu eta mugak zeharkatzea lortzen dutenenganako jarrera gogortu den neurrian. Duela hamar urte, egoera ez zen samurra gerrak, goseak edo jazarpenak eraginda itsasoa zeharkatuta etorri nahi zutenentzat, baina urte hauetan ez da hobetu. Aitzitik, eskuinera lerratu diren instituzio europarren zekenkeriak zailagoa egin du ez bakarrik gurera heltzea, baita harrera duina egitea ere. Zaporeakeko kideek atseden hartuko dute, baina herritarroi dagokigu hemendik aurrera Europan zein gailenduko den erabakitzea: elkartasunaren goxoa edo doilorkeria politikoaren mingotsa.
(Puede haber caducado)