Edozer

Berria, Onintza Enbeita, 12-11-2026

Whatsappak gauza onen batzuk ekarriko zituen, baina niri eztabaidak gehitu dizkit, eta ez daukat bakoitzari behar duen denbora eskaintzeko astirik. Urtean bi edo hiru aldiz elkartzen garen talde bat badut eta lehengoan Santiago Abascal La Revuelta-n izango zelako eztabaidan hasi ziren lagunak. Ez lioketela joaten utzi behar, ez omen da justua Hauteskunde Batzordeak halakoak inposatzea… Erantzuteko gogoa banuen, baina astirik ez. Eutsi egin nuen ezer esan gabe, harik eta batek esan zuen arte telebista publikoak iritzi guztiei egin behar diela lekua. «Ez», idatzi nuen, eta, astirik izan ez arren, argudiatu egin behar izan nuen: «Telebista publikoak ez dio faxismoari lekurik egin behar. Ez dira iritziak bakarrik. Gure askatasunaren kontra ari dira etengabe». Gauza da denbora daramagula telebista publikoan astakeriak entzuten denon telebista izan behar duenaren zera horrekin. Agertzen dira faxistak homosexualez edozer esaten, genero indarkeria ukatzen, arrazakeria ezkutatu gabe atzerritarren kontra… eta guk, beste guztion askatasunaren kontrako ekintzak ikusi beharrean, iritziak ikusten ditugu.

Barkatuko didazue, baina gauza bat da iritzi guztiak onartzea eta beste bat, oso desberdina, edozer onartzea. Eta nik benetan pentsatzen dut guztionak diren hedabideek ez lioketela faxismoari lekurik egin behar. Ez hemen ez Espainian.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)