‘Black water’ filmak eskuratu du publikoaren saria Gasteizko Zinemastean

Zinemastea Dokumentala, orain arte Euskal Dokumentalaren Astea zena, badu dagoeneko publikoaren sariaren irabazlea. Vital Fundazioaren kultur espazio berrira euskal ekoizpeneko dokumental onenez gozatzera joan diren ikusleek ‘Black water’ hautatu dute botoen bidez.

Gara, Naiz, 01-11-2026

Gasteizko Arkabiak lehen aldiz hartu du Zinemastea Dokumentala ekimena, lehen Fundación Vital Fundazioak antolatutako Euskal Dokumentalaren Aste ezaguna zena. Eta azaroaren 26tik 30era bitartean Vital Fundazioaren kultur espazio berriak ‘Black water’ filmea hartuko du, ikusleek horrela hautatu dutelako. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian Amnisty International saria jaso zuen.

Natxo Leuzaren filmak ikusleen babesa lortu du Galder Arriagaren ‘El arte sencillo’, Izaskun Arandiaren ‘Irailak’, Alejandro Cortés Calahorraren ‘La maleta de Alex’ eta Jabi Elortegiren ‘Gatibu, agur esan barik’ filmen aurretik.

2025ean euskal profesionalek zuzendutako dokumental onenen artean egin da iaukeraketa, eta edizio honetan ardatz nagusi izan dituzte familiaren memoriarekin, klima-aldaketaren ondorioekin eta zinemaren zein musikaren munduko pertsonaien ibilbideekin lotutako istorioek.

Natxo Leuzaren ‘Black Water’ filmak Bangladeshera garamatza, Lokhi eta haren familiaren istorioa kontatzeko. Klima-aldaketaren ondorioz, beren etxea utzi eta Dhakara emigratu behar dute. Itsas mailaren igoerak, ekaitzek, zikloiek eta higadurak landa-eremuetako familia ugari beren bizilekuak uztera behartzen dituzte. 82 minutuko filmak errealitate hori erakusten du: egunero milaka pertsona iristen dira hiriburura, beren etxeak mehatxatzen dituzten uretatik urrun etorkizun berri baten bila.

Natxo Leuzak ibilbide luzea du dokumentalgintzan, eta hainbat herrialdetan filmatutako proiektuetan hartu du parte. Bere lanen artean daude ‘El Drogas’ eta ‘Born in Gambia’, baita nazioko eta nazioarteko hainbat jaialditan hautatu eta saritutako film laburrak ere.

Saria ofizialki 2027ko urtarrilaren 30ean banatuko da, Zinemastearen hurrengo edizioko amaiera-galan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)