Europan gazte matxinada ari du

Berria, Joxe Iriarte 'Bikila', 03-11-2026

Horrelakorik ez dut ikusi Europan 1968ko maiatzetik. Hala ere, badago desberdintasunik; garai hartan ez bezala, egun eskuin muturra gora doa Europa guztian. Eta horrek erantzun defentsiboaren antza du ofentsibarena baino gehiago. Baina baliteke batetik bestera jauzi egitea. Datozen hilabeteetan izango diren hauteskundeetan eta kale borroketan garaituak bagara, jai dugu. Gorriak eta bi ikusiko ditugu. Ondo ateratzen bagara, berriz, faxismoaren mamua uxatu dezakegu.

Espainiar estatuan, etxebizitza mugimenduak eztanda egin du gizarte osoa inarrosiz. Belgikan ere, urriaren 12an, ACOD sindikatuek eta beste egitura sindikal batzuek deitutako grebek ondorio dezente izan dituzte trenbide sarean, hiri garraioan, komunikabide publikoetan eta eskola jardueran. Albanian, bizitza garestitzearen eta gobernuaren ustelkeriaren aurkako mobilizazio gogorrak egiten ari dira. Alemanian, irailaren 25ean greba handia izan zen eskoletan, eta 45.000 lagun baino gehiago mobilizatu ziren ehun hiritan. Mugimenduak salatu du gobernuak 140.000 milioi euro inguru bideratu dituela 2027ko aurrekontu militarrera, eta hezkuntzan, osasunean eta ekintza klimatikoan murrizketak mantendu. Italian, gobernuak armada atera du kalera egoera kontrolatzeko. Irlandan, urriaren 14an, sektore publikoetako 300.000 langilek greba egin zuten; irrati – telebista publikoak azken urteetako greba egunik handienetakotzat jo zuen. Portugalen, bi greba orokor eta dozenaka protesta izan dira, iritzi publikoaren gehiengoak gobernuaren agenda bortitz atzerakoiaren aurka eginda.

Eta, azkenik, Frantziakoa izan da estonagarriena. Gobernuek errepresio gero eta handiagoarekin erantzun zuten 2018an Jaka Horien kontra, eta 2019an eta 2023an pentsioen erreformen aurkako mugimenduaren kontra: errebindikazioei entzungor eginez eta legeak dekretuz ezarriz. Horrela, boterea indar errepresiboen bidez mantentzen da, zilegitasun demokratikoaren bidez baino gehiago.

Horrela, hobeto ulertzen da Frantziako Gobernuak bigarren hezkuntzako ikasleen matxinadari eman dion polizia tratua;

gaizkiletzat

hartuz, eta indarrez neutralizatu behar den hiri matxinada irudikatuz. Frantziako Gobernua ez da itsuz eta gorrez osatua, ezta idiotaz eta inozoz ere. Gobernu horrek aurrekoaren bideari eutsi dio, eta balizko gerra zibilaren baliabideekin erantzuten dio.

Christian Laval soziologoak, Paris – Nanterre Unibertsitateko katedradun emerituak, honela aztertu du egoera: «Eskolatutako gazteen mugimendu batek ez zuen inoiz antzeko errepresiorik jasan: Bigarren Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 5.000 ikasle atxilotu zituzten, larri zauritu, eta, azken asteburuan, beste 2.500».

Poliziek, batzuetan zibilak edo ia ekipamendu militarra dutenak, gazteak iraintzen, kolpatzen eta atxilotzen dituzte. Benetako gerra egiten ari dira haur eta nerabeen aurka; indarra dagoen lekuan, balio duen botere bakarra nor den erakusteko.

Oldartze maila ez da polizia erradikalen

gehiegikeria

isolatuaz osatzen, aurreikusitako politikaz baizik. Laurent Nuñez Barne ministroak ezin hobeto azaldu zuen urriaren 2an TF1en: «Ez dago ez moderazio kontsignarik, ez barne segurtasuneko indarren esku dagoen armamentu guztia ez erabiltzeko kontsignarik

».

Beste era batera esanda, baliabide guztiak erabil daitezke, ez bakarrik borrak eta negar gasak, baita gomazko balen tiroak ere (LBD), eta horien kalteak dramatikoak eta handiak dira: 14 urteko gazte bati erauzitako begia, hortz hautsiak, aurpegiko hausturak, esku bat erauzita… Uztailean, adibidez, legez onartu zen ordenako indarren defentsa legitimoaren presuntzioa, eskuin muturrak aspalditik eskatzen zuena.

Hedabideek manifestarien indarkeriaz, arpilatzeez eta degradazioez hitz egiten dute, gertaera horiek protesten bihotza eta helburu nagusiak balira bezala; baina azken hilabeteetan eta urteetan sortutako gizarte ustiapenaren ondorio saihestezinak baino ez dira. Larunbatean bertan, eta hurrengo egunetan, komunikabideak eta gobernua indarkeria eszena horietan oinarritu dira, eta arpilatzaileek gazteei manifestazioak lapurtu dizkietela salatu. Lasaitasunerako deia egin dute, eta, lehen aldiz, aldarrikapenen zilegitasuna aitortu dute. Funtsean, «protesta egin nahi baduzue, egin ezazue, baina zibilizatuta», esaten ari zaizkie inolako konponbiderik eman gabe.

Olivier Besançenoten iritziz, «gizartearen eztanda oro bide bihurgunetsuetatik igarotzen da. Ez dago eztanda sozialik albo kalteak sortzen ez duenik. Gizartearen nahigabea ahal bezala adierazten da, eta batzuetan arpilatzeak eta poliziarekiko liskarrak gertatzen dira. Indarkeria gaitzesteko deien eta apologia bidezko prozesu mehatxuen helburu bakarra gizarte erantzuna diziplinatzea eta ahoa estaltzea da».

Baina inoiz ez da galdetzen nola erantzun basakeria legalari? Zer egin horrelako dinamikak gertatzen direnean? Zeinen ardura da? Manifestariek beren burua defendatzeko eskubidea dute. Beti sortzen dira albo kalteak. Eta gerrako albo kalte guztiak —hildakoak barne— justifikatzen dituzten horiek espantua eta desadostasuna agertzen dute oraingoan. Adibidez, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak babesa azaldu die segurtasun indarrei, zehazki, poliziari. Poliziaren probokazioak direnean ere bai?

Errepresioa ikusita, ikasleen protestak poliziarengandik babesteko antolatu dira mugimendu sindikala, ikasleen gurasoak eta herritarren elkarteak: janaria blokeoetara eramanez hasi, eta poliziaren errepresiotik babesteko giza hesiak antolatzeraino. Ez da nahikoa. Jokoan dagoena langileen mugimenduak txanda hartzea da. Ekoizleek gizartean duten indarra, zoritxarrez, ez da nahikoa izango, eta ez dugu lortuko errebolta legitimo horrek klase helduaren kontzientzia sortzea, garaipen partzialetan oinarritua, edo gutxienez horretan sinesteko arrazoiak emango dizkigun ikusgarritasunean oinarritua. Horixe dago jokoan greba orokorraren leloaren atzean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)