Ume, nerabe eta familien euskaraz aritzeko aukerak indartzeko ekimena abiatu dute Galdakaon
Euskararekin harreman gutxi duten ikasle familiei zuzenduta, hizkuntza praktikatzeko aukerak indartu ditu Galdakaoko Udalak. ‘Euskara Indarzte’ programaren barruan dago ekimena, eta haur eta nerabeentzako atal bat du eta helduentzako eta familientzako beste bat.
Gara, , 26-10-2026Galdakaoko Udalak ‘Euskara Indartze’ programa jarri du martxan, herriko haur eta nerabeek eskolaz kanpoko aisialdian euskararekin harreman estuagoa izateko. Helburua da hizkuntza erabiltzeko aukera izatea, ikasle batzuek eskola orduetatik kanpo hizkuntzarekin harreman gutxi dutelako eta horrek zailtasuna sortzen dielako euskara ikasteko eta erabiltzeko unean.
Bada, egoera horri erantzuna emateko, Galdakaoko Udalak herriko ikastetxeekin elkarlanean abiatu zuen egitasmoa, eskolaz kanpo ere euskaraz aritzeko eta praktikatzeko aukerak eskaintzeko. Bi atal ditu programak: batetik, haur eta nerabeekin egiten dena, euskara jolasen bidez modu ludikoan lantzekoa; bestetik, helduei zuzendutakoa, hizkuntzara hurbiltzeko eta erabiltzeko aukerak eskaintzen dituena.
Lehenengo programa LH1etik DBH2ra bitarteko ikasleei zuzenduta dago, eta aurten 12 talde osatu dira. Beste herrialde batetik iritsi berri diren edo duela gutxi etorritako haurrek lehentasuna dute, baita euskara ikasteko edo erabiltzeko zailtasunak dituzten beste ikasle batzuek ere. Saioak astean behin egingo dira ikastetxeetan, ikasturte osoan zehar, eta izen ematea ikastetxeetatik bertatik kudeatzen da.
Beste alde batetik, programak helduentzako eskaintza ere badu; saioak Torrezabal Kultur Etxean egingo dira, asteazkenero, 10.30etik 11.30era. Horrez gain, berrikuntza moduan, aurten familiei zuzendutako saio pilotua ere egingo da Aperribai eskolan. Astean behin elkartuko dira gurasoak, astelehenetan, 15.30etik 16.30era, euskarara lehen hurbilketa egiteko eta euren seme-alabei hizkuntza transmititzen laguntzeko helburuarekin.
Helduen programan izena emateko aukera dago oraindik, eta interesa dutenek edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek Udaleko Migrazio arloarekin jar daitezke harremanetan, 944 010 563 edo 688 624 752 telefono zenbakietara deituta. Programan parte hartzea doakoa da.
Ekimen honen bidez, Galdakaoko Udalak euskararen erabilera sustatzen jarraitzen du, haur, nerabe eta familiei hizkuntzarekin harremana izateko espazioak eskainiz eta herriko ikastetxeekin elkarlana indartuz.
(Puede haber caducado)