Zerbait mugitzen ari da
Gara, , 25-10-2026Denbora oso mugatuan gertakari asko ematen ari dira, eta azelerazio sozialaren garaiok ezegonkortasun kronikotik asko badute ere, pozarren nago oraingo honetan. Gauzak azkarregi doazen sentipen nahasi eta urduriak indarrez hartzen gaitu, baina, azken asteetan, esnatzearen, kontzientzia hartzearen usainak lagunduta doala iruditzen zait.
Ameriketako Estatu Batuen nahi armamentistiko eta ekonomikoetara kikildutako Europa honetan, Trump ultraeskuina baliabide finantzario eta mediatikoekin hornitzen ari den bitartean, milioika pertsona hasi dira mobilizatzen haien eskubideen alde.
Ehunka manifestazio erraldoi ematen ari dira espainiar eta frantziar estatuetan, baita Portugal, Italia, Grezia, Belgika edota Albanian ere. Etxebizitzaren kostuen neurrigabetasuna salatzeko, soldaten igoera aldarrikatzeko, edota zerbitzu publikoetan eta hezkuntza sistemetan ematen ari diren murrizketak jasanezinak direla argi esateko irteten ari da jendea kalera. Datu interesgarri bat adierazten dute azterketa desberdinek: gazteria paper oso garrantzitsua betetzen ari da horretan guztian. Krisi batetik bestera, erosahalmenaren etengabeko gainbehera ezagutzea beste aukerarik izan ez duen belaunaldi hori; sare sozialetako koordenatuen legatu neoliberala txiki-txikitatik irentsi behar izan dugunok; ultraeskuineko influencer eta ustezko kazetarien eguneroko bonbardaketa basatia gehien jasan dugun horiek.
Noski, alternatiba ekonomiko eta politikoak egia bihurtzeko mobilizazioa ez da nahikoa izango, baina bada tresna garrantzitsua. Bada haserrea antolatzeko ezinbesteko erregaia, jendartea politizatzeko modu eraginkor eta aktiboa, milaka pertsonak antolakuntzara salto egiteko aukera ematen duen mugimendua. Parlamentuetako proposamen politikoetan eragiten du, alderdien posizioak mugiaraztea dakar, eta indar harremanak eraldatzea lortzen da. Bada, beraz, esperantzarako motibo; eta denon ardura izango da, lurraldez lurralde, mobilizazio zikloa hauspotu eta ahalik eta eszenatoki hoberena lortzen jarraitzeko lan egitea.
(Puede haber caducado)