Etxebizitzaren auzian egiturazko aldaketak exijituko dituzte euskal sindikatuek greban

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaroaren 11ko greba orokorrerako aldarrikapenak aurkeztu dituzte, etxebizitza eskubidea bermatzea, espekulazioarekin amaitzea eta soldatak duintzea ardatz hartuta.

Gara, Asier Robles, 22-10-2026

‘Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!’ lelopean ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaroaren 11rako deitu duten greba orokorrerako adostu dituzten aldarrikapenak eta mobilizazioak publiko egin dituzte gaur, Bilbon eta Iruñean egindako agerraldietan.

Greba orokorra espainiar Estatu mailan izan arren, Euskal Herriko gehiengo sindikalak marko propioa «babestu eta defendatu», bertan adostutako aldarrikapenak zabaldu eta hemengo instituzioak interpelatuko dituzte. Izan ere, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Esparru propioan sakontzeko unea dela uste dute deitzaileek.

Etxebizitza «eskubide bermatua» izan behar dela eta espekulazioarekin amaitu beharra dagoela azpimarratu dute. «Etxebizitza da langileriaren pobretzearen eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazista sakontzen dituen iturburu nagusietako bat. Etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean», aldarrikatu dute.

Hiru aldarrikapen nagusiak

Kalitatezko etxebizitza bermatze aldera erroko hiru transformazio bultzatu behar direla defendatu dute sindikatu guztiek: batetik, «espekulatzaileen desjabetzea», bestetik, «jardun espekulatiboaren debekua» eta, azkenik, «etxebizitzen antolaketa justua, langileriaren beharren arabera antolatua». «Egiturazko eraldaketa hauek lortu ezean, espekulazioak eta errentismoak bere horretan jarraituko dute», nabarmendu dute.

Erroko hiru aldarrikapen horietaz gain, langileentzat aringarriak izan daitezkeen beste neurri batzuk defendatu dituzte, hala nola, etxegabetzeekin bukatzea edota etxebizitzaren prezioaren jaitsiera.

Instituzioen «ardura»

Hala, sindikatuak PSOE buru duen espainiar Gobernua kritikatu dute, «azken 8 urteetan egoera errotik aldatzeko inolako neurririk hartu ez duelako».

Era berean, maila guztietako ardurak seinalatu dituzte, bereziki EAEko eta Nafarroako Gobernuena. «Etxebizitzaren esparruan eskumen zabalak izan arren, negozioa indartzen duten politikak babesteko erabili dituzte». Udalen ardura ere seinalatu dute, «alternatibarik gabeko etxegabetzeak eman baitira horietako batzuetan».

Confebask eta CEN patronalak ere interpelatuak izan dira prentsaurrekoan: «Patronal hauek dira prekarizazioa betikotzen jarraitzen dutenak eta gainera, uko egin diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari».

Alderdiei ere mezu argia helarazi diete: «Ez dugu onartuko alderdiek etxebizitzaren auzia euren interesetarako erabiltzea konponbide errealik planteatu gabe».

Era berean, soldaten debaluazioaren ondorioz langileriak bizi duen pobretzea salatu dute deitzaileek, eta Hego Euskal Herrian azaroaren 11ko greba orokorraren aldarrikapen nagusietako bat soldatak duintzea izango dela gogorarazi dute.

Ildo horretan, Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa «premiazko neurria» dela adierazi dute.

Mobilizazioa deialdiak

‘Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! Contra el empobrecimiento, subida de salarios’ izango da azaroaren 11ko grebaren lema nagusia.

Hauek izango dira greba orokorraren eguneko mobilizazioak: 12:00etan Gasteizen (Bilbo plazatik) eta Eibarren (Untzaga plazatik) eta 12:30ean Bilbon (Arriagatik), Donostian (Pio XIItik), Iruñean (Gaztelu plazatik) eta Tuteran (Foru plazatik).

Arratsaldean ere mobilizazioak egongo dira 4 hiriburuetan zein herri ezberdinetan. «Kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea da», aldarrikatu dute sindikatuek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)