Canon Français kexu da Suprefeturak segurtasun kostua ordainarazi nahi diolako

Canon Français-ek Biarritzen antolatu nahi duen oturuntza debekatzeko galdetu du ekimenaren aurka dauden eragileak biltzen dituen kolektiboak. Suprefeturak ez du aurreikusten, gaur gaurkoz, aukera hori, salbu antolatzaileek segurtasun kostua -45.000 euro- ordaintzeari muzin eginen baliote.

Gara, Maite Ubiria Beaumont, 22-10-2026

Heldu den azaroaren 28an, Biarritzeko Irati gelan, «aitzineko Frantzia» aldarri, egin nahi den oturuntza salatzen duten eragileek, Anti-Canon Français kolektiboa osatu dute. Bada, Biarritzeko auzapezarekin, Serge Blancorekin, biltzeko asmoa duen eragilea ez dago konforme Mathieu Duhamel suprefetak beren kezkei emandako erantzunagatik. Hilaren 15ean iragan zen bileran, Estatu ordezkariak ekimena debekatzeko aparteko arrazoirik ez zela azaldu zien, ordena publikoari buruzko lanjera alboratuz.

Blkura horren ondotik plazaraturiko prentsa-oharrean, Anti-Canon Français-ek datu esanguratsu bat eman zuen. Eskuin muturrak aldarrikatzen duen Frantziaren nortasuna babesten duen Canon Français-ek milaka lagun bildu ohi ditu bere ekimenetan. Biarritzen antolaturiko lehenengo ‘euskal oturantza’-rako sarreren aitzin-salmentaren gaineko datu zehatzik ez badago ere, Irati gelaren tamaina aintzat hartuta, ospakizun jendetsua aurreikus daiteke. Ekimenaren tamainaren araberako polizia dispositiboa aurreikusiko dela baieztatu ondotik, oturuntzaren antolatzaileei horren kostuaren berri emanen diela jakinarazi zien prefetak Anti-Canon Français kolektiboko ordezkariei. Hau da, segurtasun dispositiboari buruzko aitzinkontua jasoko dute antolatzaileek.

Jadaneko sare sozialen bidez segirtasunaren kostu altua 45.000 euro ordaintzeko beharra salatu dute ekimenaren antolatzaileek. «Besta ekimenaren kontra» diren taldeen erruz faktura hori ordaindu behar izana arbuiatu du, era berean estatu ordezkaritza harturiko erabakia arbuiatuz.

Suprefeturaren arabera, Canon Français-en kudeatzaileek aukera bi lituzkete: edo estatu ordezkaritzak igorritako aitzinkontua onartu eta egitasmoa mantentzea, edo kostua aintzat hartzeari muzin eginez, oturuntza bertan behera uztea.

Canon Français-en arabera, Biarritzeko otordurako sarrerak aspalditik agortu ziren. Segurtasun kostuak zalantzan jar dezake ekimena? Segurtasun dispositiboaren diruztatzeari buruz Duhamelek emandako informazioak ez ditu kolektiboko kideak lasaitu, ez suprefeturak ez Biarritzeko Herriko Etxeak deus egin ezean, «ekimen horren bidegarritasuna Canon Français-en finantza ahalmenaren menpe geldituko litzatekeelako». Erantzuna etsigarria da Anti-Canon kolektiboa osatzen duten eragileentzat, «munduan zehar eskuin muturraren ideiak hedatzeko diru kopuru erraldoiak baliatzen direla ezaguna baita».

Helburu politikoak

Suprefetaren adierazpenak gezurtatuz, oturuntza ez dela «ekimen komertzial arrun bat bat gehiago» ohartarazi dute Anti-Canon Français kolektiboko kideek, bere helburu politikoak salagarriak direla oroitaraziz. Hainbat aurrekari gogora ekarri dituzte: «Rennes, Angers eta Chemille-n oturuntza erraldoi hauek hitz arrazista eta homofoboz beteak izan ziren, baita nazien erregimenari goraipamenez ere. Quimper-en, irain jasa. Caen-en, apirilaren 18an, prentsak egiaztatu zuen jokabide arrazista, homofobo eta sexista ugari izan zirela; eta ‘bankete normandiarra’ egin eta hurrengo egunean eraso fisikoak izan ziren hiriko karriketan».

Halaber, irailaren 22an Biarritzeko kontseiluaren kanpoaldean eginiko elkarretaratzearen ondotik , irain eta mehatxu larriak jaso zitzten Anti-Canon Français-en parte diren eragileek sare sozialen bidez.

Mobilizaziorako deia

Heldu den azaroaren 2rako manifestazio bat deitu du Anti-Canon Françaisek, Biarritzen. 18:00etan hasiko den mobilizazioa turismo bulegotik abiatu eta herriko etxearen aitzinean bukatuko da, egun horretan herriko kontseilua bilduko baita. «Eskuin muturreko ideiak zabaltzearen kontra diren guziak» parte hartzera deitu ditu kolektiboak. Horrez gain, «arduradunek gertakaria bertan behera ez uztea erabakitzen badute», egunean berean, azaroaren 28an, mobilizazioen bidez banketea oztopatzeko mezua zabaldu du.

Oroitzearren, uda aitzin martxan eman zen izenpedura bilketak dagoeneko 3.000 sinadura baino gehiago jaso ditu, eta hilaren 9an Euskal Herriko 100 bat pertsona ezagunek ekimen horri «herri harresia» egiteko deia luzatu zuten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)