Kapital errentak %19,7 igo ziren 2024an EAEn; lanarekin irabazitakoak, %6,9

Eustatek aditzera eman duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez besteko errenta maila %7,2 igo zen 2024. urtean. Mediaz harago, EAEko aberastasunaren banaketak generoaren, jatorriaren eta adinaren araberako arrakala handiak ditu oraindik, eta joera kezkagarri bat erakusten du: lanaren errentaren pisu gero eta txikiagoa.

Gara, Beñat ZALDUA, 20-10-2026

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 18 urtetik aurreragoko biztanleen batez besteko errenta pertsonala 28.170 eurokoa izan zen 2024. urtean, atzo Eustatek aditzera eman zuenez. Zifra hori aurreko urtekoa baino %7,2 handiagoa da.

Hortxe atzoko lerroburu borobila, atzo zabaldu zenez. Biribil honek, ordea, ertzak ditu. Hasteko, 2024an KPIak %3,6 egin zuen gora, beraz, errenta errealaren gorakada puska bat txikiagoa da. Bestetik, jakina denez, errenta hori ez da berdin banatzen biztanle guztien artean. Batek oilasko oso bat jaten badu eta bere ondokoak hegal bakar bat ere ez badu dastatzen, batez bestekoak beti esango du oilasko erdia jan duela bakoitzak.

10.000 EURO GEHIAGO GIZONENTZAT
Arrakala nabarmenetakoa generoarena izaten jarraitzen du. 2024an, gizonen batez besteko errenta 33.722 eurokoa izan zen, eta emakumeena, 23.041 euro. Pentsiodunen artean, tartea are larriagoa da. 75-79 urte arteko gizonek, adibidez, 36.139 euroko errenta dute, eta adin bereko emakumeek, erdia: 18.583. Adinean behera joan ahala tartea txikitzen bada ere, arrakala ez da ixten. 30-34 tarteko gizonek 27.696 euroko errenta izan zuten, eta adin bereko emakumeek, 23.494.

Eboluzioa portzentajeetan begiratuz gero, joerak zapore gazi-gozoa uzten du. Gozoa, emakumeen errenta media baino gehiago igo delako (%8,1), eta gizonena, gutxiago (%6,6). Gazia, erritmo honekin 2053. urtera arte ez direlako bi errentak elkartuko.

GAZTEAK ETA ATZERRITARRAK, PREKARIOAGO
Aurreko adibideak jarraitu dituenak antzemango zuen dagoeneko beste arrakaletako bat. Sorpresa gutxirekin, gazteen errenta adin ertainekoena baino askoz baxuagoa da. Normala, neurri batean, baina azpimarratu beharrekoa. 30-34 urterekin guraso izateko adina, gaur egun, errenta 25.609 eurokoa da. Hogei urte gehiago dituztenena, aldiz, 35.420 eurokoa.

Aldea handiagoa da oraindik jatorriaren arrakalari erreparatuz gero. Araban (29.679 euro), Bizkaian (31.416) eta Gipuzkoan (33.094) jaiotakoen errenta batez bestekoa baino handiagoa da. Estatu espainoletik kanpo jaiotakoena, ordea, 14.018 eurokoa da.

Horien barruan ere bada alderik. Nazionalitate iparramerikarren bat dutenen errenta 18.268 eurokoa izan zen; erdialdeko amerikarrena, aldiz, 6.784koa. Hegoamerikarrena 9.238 eurokoa izan zen, afrikarrena 10.719koa, eta asiarrena 11.992 eurokoa.

LANAK, GERO ETA PISU GUTXIAGO
Eboluzioak ikusita, kezkagarriena, edonola, errenta orokor horren osaera da. Lanaren errentek, alegia, soldaten bidez lortzen direnek, pisu gero eta txikiago daukate aberastasun osoaren barruan. 2024an %6,9 igo ziren lanaren errentak. Kapitalaren errentak (aurrezkiek, akzioek, parte hartze enpresarialek, etxe eta lokalen alokairuek eta abar uzten dituztenak), aldiz, %25 igo ziren.

Aspalditik datorren joera da, eta ez da bakarrik Euskal Herrian gertatzen. Azken mende laurdeneko garapena kezkagarria da puntu honetan. 2001. urtean, errenta orokorraren bi heren ziren lan errentak (%66,8). 2024. urtean, aldiz, portzentaje hori %57,8ra jaitsi da. Tarte horretan, transferentziek (pentsioek, batik bat) pisu handiagoa hartu dute, %19tik %28,9ra pasa baitira, biztanleriaren zahartzea eta gazteen lan prekaritatea medio. Baina txikiagoa izan arren, kapital errenten pisuaren igoera ere kezkagarria da, %7,3tik %9,1era igo baita.

Aurretik zerbait daukanak bakarrik poltsikoratu ahal ditu kapital errentak, beraz, joera honek berdintasunaren aldeko bidea auzian jartzen du. Zenbaki borobilekin agian hobe ulertzen da: 2001ean, kapital higiezinetan batez beste 186 euro banatu ziren. 2024an, 615 izan ziren.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)