Mugarri izan zen ekintza gogoangarria
Gara, , 18-10-2026Mexikok 1968an hartu zituen olinpiar jokoak, bataila guztien urtean. Vietnamgo gerra, errusiarren tankeak Pragan, Martin Luther King, Robert F. Kennedy… eta jokoak hasi baino hamar egun lehenago Hiru Kulturen plazan Mexikoko Armadak sarraskia egin zuen, protestan zebiltzan 300 ikasle tiroz hilda.
Testuinguru tentsionatu hartan, Tommie Smith eta John Carlos atleta afro-amerikarrek Peter Norman australiarraren parte hartzearekin inoiz izan den dominak emateko ekitaldi gogoangarriena egin zuten. Burua apalduta, begiak itxita eta ukabila jasota erakusten dituen bi esprinterren argazkia olinpiar historiako unerik zirraragarriena ez ezik, AEBko eskubide zibilen mugimenduko mugarri ere izan zen.
Eskularru beltzak jantzi zituzten black power edo botere beltza irudikatzeko. Zapatilarik gabe, galtzerdi beltzekin igo ziren podiumera, bere komunitatearen pobrezia irudikatzeko. Smithek zapia zeraman lepoan eta Carlosek sokekin egindako lepokoa, lintxamenduak eta urkatzeak gogorarazteko.
Nazioarteko Olinpiar Batzordearen ustez, ekintza «espiritu olinpikoaren baloreen haustura biolentoa» izan zen. Ondorioak berehalakoak izan ziren: AEBko taldetik kanporatuta, 48 ordu eman zizkieten maletak egin eta Mexikotik ateratzeko. Ekintzak bizitza aldatu zien, betirako. Heriotza mehatxupean bizi behar izan zuten, baina denborarekin herrikideen eta munduaren aitortza eta ohoreak jaso zituzten, betirako.
(Puede haber caducado)