Sutan: «Ezin da emakumeon mina eta sufrimendua gorrotoa hauspotzeko erabili»

Hitz gogorrak izan ditu Sutan elkarte transfeministak eraso matxista baten ondotik Angelun egondako suizidioaren ondoren hainbat hedabidek gertakari horri buruz harturiko jarreraren aitzinean. Bere ustez «emakumeen aurkako indarkeria arrazakeria eta diskurtso xenofoboak zabaltzeko» baliatu dutelako.

Gara, Maite Ubiria Beaumont, 20-10-2026

19 urteko indarkeria matxistaren biktima batek bere buruaz beste egin zuen irailaren 19an, Angelun, 36 urteko gizon batek bortxatu eta egun gutira. Atzoko egunerako (urriak 19) elkarretaratzeak deitu zituen mugimendu feministak euskal hiriburuetan. Sutan elkarte transfeministak Baionako Askatasun plazan antolaturiko protestan hamarnaka lagun bildu ziren arratsaldean, «indarkeria matxistak duen eragina erdigunean jartzeko beharra azpimarratzeko».

Indarkeria matxistak aurpegi eta ondorio ugari dituela agerian utzi ondoren, Sutanek oroitarazi zuen «ezinbestekoa» dela «haren adierazpenak eta ondorioak ikuspegi feministatik» aztertzea. Elkarte transfeministak defendatu zuenez, «emakumeon bizipenak, sufrimendua eta bizitzeko baldintzak erdigunean jarri behar ditugu, indarkeria horren errealitatea ulertu eta hari aurre egiteko».

Horren ondotik, kritika sakona zuzendu zien Sutanek hedabideei, erasoari buruz gizarteari helarazitako informazioa zalantzak jarriz. «Hedabideei exijitzen diegu erantzukizunez joka dezatela, indarkeria matxistaren larritasuna erdigunean jar dezatela eta arrazakeria normalizatzeari utz diezaiotela», adierazi zuen hizlariak, segituan honako oharra gehituz: «Ezin da emakumeon mina eta sufrimendua gorrotoa hauspotzeko erabili».

Erantzukizunekin segituz, «erakunde publikoek indarkeria matxistaren aurrean prebentzioa, arreta integrala eta laguntza egokia bermatzeko ardura dutela» mahairatu zuen elkarteak, indarkeria gaitzestea ez dela aski eta baliabideak zein «benetako konpromiso politikoa» behar direla gehituz. Azkenean, gizonei haien ardura hartzeko deia egin zien Sutanek, bortizkeria matxistaren arazoari erantzutea gizarte osoari dagokiola gogoratuz.

Autodefentsa kolektiborako hautua bere eginez, emakumeen bizitzak eta ongizatea erdigunean jarrita, «indarkeria matxistaren adierazpen guztiak aitortu eta horiei erantzuteko gai izango den» gizarte bat eraikitzeko engaiamendua berretsi zuen mugimendu feministak atzo arratsaldean, Baionan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)