Zero Pobrezia plataformak «eskuin muturreko indarren nazioarteko aliantza» salatu du

Plataformak ekintza bat egin du Donostian. Hiru politikari ultraeskuindarren elkarrizketa bat irudikatu dute.

Berria, Uxue Perez Mujika, 16-10-2026

«Eskuin muturreko indarren nazioarteko aliantza, desinformazioaren eta informazio faltsuaren erabilera politikoa eta autoritarismoaren gorakada horrek duen eragina». Salaketa horiek eraman ditu kalera gaur Zero Pobrezia GKEak. Plataformak kale ekintza bat egin du gaur Donostiako Kontxako pasealekuan, Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta.

Bertan, Donald Trumpen —AEBetako presidentea—, Benjamin Netanyahuren —Israelgo presidentea— eta Santiago Abascalen —Vox alderdi ultraeskuindarraren bozeramailea— erreplika bana jarri dute bata bestearekin solasean arituko balira bezala. Hiru buru ultraeskuindarren elkarrizketan, boterea, manipulazioa eta bonbardaketak aipatzen dituzte.

Pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako astearen bueltan egin dute ekintza hori. Gaurkoan, ekintza kolektiboa izan da, eta hedabideen aurrean adierazpenik ez egitea erabaki dute, ekintza «kolektibizatzeko eta ekintzaileen segurtasuna zaintzeko» asmoz. Garaiari egin diote erreferentzia, eta elkartasuna defendatu dute, «GKEen, gizarte mugimenduen eta ekintzaileen aurkako difamazioa, seinalatzea, kriminalizazioa, jazarpena eta askotako erasoak» hain ohikoak diren honetan.

«Informazio faltsuari aurre egiteko eta zentzuz bozkatzeko» eskatu dute astearteko prentsaurrekoan aipatutako gisara. Plataformak salatu du «zalantzan» jartzen ari direla guztien ongizatea bermatzen duten balioak, eta eskuin muturraren aurrerapenak «zuzeneko arriskua» dakarrela giza eskubideetan, justizia sozialean eta ingurumen justizian.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)