Joseba Asiron: «Ez da alde egiteko garai egokia: konpromisoak berresteko garaia da»
Berria, , 16-10-2026Joseba Asiron Iruñeko alkateak (Iruñea, 1962) oraingo hiriari erreparatzen dion bakoitzean, bere historialari senaren ondorioz, iraganari egiten dio so ezinbestean. «Beti erakusten dut nire hankatxoa. Alkate gisa nagoenetik, hainbestetan hitz egin behar dut ezjakin hutsa naizen gaiei buruz, zeren noizbait alde historikoa ateratzen denean, disfrutatzen dut», onartzen du umil. Orain, baina, etorkizunera eta aurrera begiratu nahi du, eskuinaren eta eskuin muturraren aliantzaren ondorioz atzera egiteko arriskua baitago. Horregatik, EH Bilduk berretsi egin du Asiron laugarren aldiz Iruñeko hautagai izatea udal hauteskundeetan.
Zergatik eman duzu baiezkoa?
Oro har, erabakigarria izan da egoera politikoa. Ikusita gauzak nola dauden munduan, estatuan, Euskal Herrian eta Iruñean, ez da alde egiteko garai egokia. Alderantziz, konpromisoak berresteko garaia da.
Konpromisoa eta ardura ere nabaritu duzu? Ez zenuen beste erremediorik?
Ez, erremedioa banuen eta alternatiba ere bai. Hamabi urte daramatzat hemen, beti esan dut nire ibilbide profesionala [San Fermin] ikastolan amaitu nahi nuela, eta hau zen itzultzeko garaia. Baina ikusten ari gara zer datorren, eta aurrerapausoa emateko ordua da, ez alde batera egitekoa.
Oraingoz ezin da jakin udal hauteskundeetan UPN eta PP elkarrekin joango ote diren, ezta zein izango den hautagaia ere. Hori airean izanik ere, EH Bildu lehen indar izan daiteke?
Gertu gaude. Aurreko hauteskundeetan 2.900 botoren faltan geratu ginen. Haiek zertxobait jaitsi eta gu zertxobait igoz gero, parekatu egingo ginen. Ez nago horrekin obsesionatuta. Guk lotu genuen alkatetza, inoiz lortutako emaitzarik handiena lortuta. [27 hautetsiren artean] Hamasei boto lortuta. Ibarrolak 11 boto besterik ez zuen lortu. Diferentzia oso handia da, eta lortu behar duguna da eredu horri eustea. Desberdinen arteko akordioa da hauteskunde guztietan Iruñeko herriak helarazten digun erradiografia.
Akordio hori sendotzeko aukerarik ba al dago? Jokaleku orokor eta ezegonkor horretan, PSNk zer transmititzen dizue?
Haiei galdetu beharko litzaieke. Oso eroso sentitu dira hemen. Haiek egiten duten balantzea oso positiboa da, bi arrazoirengatik: Batetik, aukera izan dutelako euren proiektuak aurrera ateratzeko, eta, bigarrenik, ikusten dutelako EH Bildu dela bazkide fidagarria. Ematen dugun hitza bete dugu beti. Horregatik etorri zen UPNren eta PSNren arteko haustura, eta gurekin, berriz, alderantziz, mesfidantza batzuk alde batera utzi dituzte, eta lan egiten ari gara modu positiboan.
PSNk UPNko hautagaitzei bide eman izan die. Hori iraganeko kontua da?
Egungo jokalekuan, eta faxismoa parean dugula, ez dut uste PSNk atzera joko duenik. Herriak ez liguke barkatuko.
Mugarri bat izan da
zentsura mozioa. Hiru urteotan oposizioak, UPNk, gainditu al du hori?
Oposizioak, UPNk eta Ibarrola andereak ez dute dolua gainditzea lortu. Hori da sinestezina. Politikak batzuetan goian eta beste batzuetan behean jartzen zaitu. Ibarrola andereari gertatu zaiona niri ere gertatu zitzaidan. Nik alkatetza galdu nuen bere garaian, baina profesionaltasunez eta kirol legez onartu behar duzu hori. Alkatetza galdu genuen legealdi on bat egin eta gero, PSNren «Agur, Asiron, agur» oihu artean. Mingarria izan zen, baina trebeak izan ginen dolua asteburu batean egiteko. Alkatetza galduta, astelehenean itzuli ginenean udaletxera, ja beste aldarte batean geunden: gerora Esporrin anderearekin finkatu genituen gerora jostagarriak eta eraginkorrak izan diren moduak eta elkarrizketa. Oraingo hau legealdi honetan loratu da, baina aurreko legealdian erein genuen.
Agintaldi honetan zer balantze egiten duzu?
Hasteko, aurrekontuak izan ditugu urte guztietan. Horrek erakusten du ados jartzeko gaitasuna duzula, baina gero badu ondorio zuzena: hiria mugitzen hasten da. Ia arloz arlo joan beharko genuke. Adibidez, Sarasate aurrera doa ez dakit zenbat urtetan porrot egin eta gero. Hiri proiektu bat da, legealdi proiektu bat. Niretzat, hala eta guztiz ere, inportanteena da Iruñeko jendearen aurrean erakutsi dugula alternatibak daudela.
Joseba Asiron, Iruñeko alkatea, bere bulegoan, leihotik begira. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Akordio programatikoa hitzartu zenuten. Nola dago?
Gutxi gorabehera %90 bete da. Ehuneko hori oso likidoa da, baina gertu gaude.
Irailean, hiriaren egoerari buruzko eztabaidan, autokritika egin, eta batik bat erritmoari buruz hitz egin zenuen. Denboraz kanpo zabiltzate hainbat kontutan?
Seguru. Adibidez, askoz ere azkarrago joan nahiko nuke Erripagañako aferan. Espero dut hemendik ekainera gauzak gehiago definituko direla.
Gaia aipatu duzunez,
Erripagañako afera
konpontzeko lantalde bat osatu da. Korapiloa askatzen hasteko konponbideak bilatzea espero duzue?
Konponbidea bilatu beharko dugu. Bestela, jendeak aurpegiratu egingo digu guztioi. Lau udalerri, lau alkatetza, eta udal bakoitzean, gainera, konposizio politiko desberdina. Esaterako, PSNk ez du alkatetzarik udal bakar batean ere, baina ezinbestekoa da guztietan. Burlatan, berriz, Zurekin Nafarroa da erabakigarria, eta hemen ez hainbeste. Gero, dudarik gabe, herri bakoitzak bere interesak ditu.
Agintaldiko gaietako bat izan da
Erorien Monumentua. Bi proiektu daude, eta
haietako batek indarra hartu du. Ba al dago denborarik maiatzerako azken proiektua egituratzeko?
Aurrera doa oraingoz. Emandako pausoak oso inportanteak izan dira. Une oro adierazi dugu hau akordio baten bidez egin behar zela. Denborak arrazoia eman digu. Orain badugu gehiengo bat udal barruan aurrekontuak izateko PSNrekin. Badugu lege aldaketa ere gorpuztua, Nafarroako Parlamentuan PSNren babesa lortu delako. Bestela ezingo genuke. Ideien lehiaketa bultzatu dugu, eta bi proiektu ditugu horien gainean lan egiteko. Sarasatekoa legealdiko proiektua da, baina Erorien Monumentua hori baino gehiago da. Legealdi batzuetako lana izango da, eta dena bukatua ikusi arte urteak beharko dira. Baina legealdi hau amaitzen denean ja dena zehaztua eta definitua egongo da. Hori bai.
Posibilismo hori ongi ulertua izan da? Kalean protesta ugari egin dira eraikina eraistearen alde, eta elkarte memorialistek gogor kritikatu dute erabakia.
Hasieran, hainbat tokitan esaten zidaten: alkateak nahiko balu, bihar bertan bota ahalko litzateke. Argi dago ezetz. Batetik, eraikina babestua zegoelako, eta hor mehatxu bat zegoen dudarik gabe; baina nondik ateratzen duzu aurrekontua, eta zer alternatiba daude hori bultzatzeko? Horretarako behar zen akordio politikoa. Hau da, oraingo honen alternatiba bakarra zen orain arte bezala uztea eraikina beste lau urtez.
Ireki den bide honetan atzera egiteko arriskua al dago?
Ez dut zalantzarik. Vox, UPN eta PPren udal gobernu bat hau eteten eta geldiarazten saiatuko zen. Hori gertatzea oso urrun dago.
Joseba Asiron, elkarrizketan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Etxebizitza eskuragarrien plana landu duzue, eta bederatzi auzotarako etxe sustapenak bultzatzen ari zarete. Ez da egun batetik besterako kontua izango.
Hori da. Larrialdi egoera bat dago, baina hau ez da Gazteluko plazan jarlekuak behar direla ikusi eta hurrengo egunean jartzeko moduko gaia. Hemen adostasun politikoak lortu behar dira, hirigintza plangintza egin, aurrera atera, eta hori egitetik garabiak ikusi arte urte bat pasatzen da. Horregatik da horren konplikatua. Zer dugu gure alde? 2023ko abenduaren 28an izan zela zentsura mozioa. Urtarrilaren 1ean sartu ginen gobernuan, eta otsailaren 1ean aurkeztu genuen plana, handik hilabete batera. Argi dago lehendik landua zegoela. Hiru urteko lana badugu. Otsailaren 1etik hona 3.301 etxebizitza bultzatu dira.
UPNk maiz esaten du parlamentuan ezkerrak ez duela etxerik eraikitzen…
Nola ezetz? Noski, 3.300 etxe horiek gero exekuzio maila desberdin batean daude. Etxeak ez dira egun batetik bestera egiten. Aurrera doa Donapea auzoa, non 5.000 etxebizitza egingo diren, eta Etxabakoitzen 11.500 egingo dira.
Iruñea tentsio handiko eremu deklaratu denetik
, zer eragin izan du merkatuan?
Datu bat eman ahal dizut. Azken datuen arabera, alokairuaren prezioa jada Iruñean %5 merkatu da. Horixe duela eragina, Madrilen eta beste toki batzuetan oraindik jarraitzen baitu igotzen.
Eta hala ere, etxegabetzeak izaten dira. Zer egin dezake udalak egoera lazgarri horri aurre egiteko?
Etxebizitza larrialdian egiten ari garena da parametro objektiboetan kokatu eta benetan udal baliabideak udal parkean sartu irizpide objektibo batzuen arabera: behar gehien dutenak, pertsona zaurgarriak eta abar. Lehenetsi behar dugu hori. Ezin dugu hau lasterketa bat bihurtu ea nor sartzen den lehenago udalak konpondutako etxebizitzetan. Hori ez da posible. Hori irizpide teknikoen arabera erabakitzen da.
Maristen etxebizitza sustapenean, Obenasa eraikuntza enpresak eten du kontratua, eta etxebizitza erosteko konpromisoa zuten 108 familia linbo batean geratu dira. Arazoa konpontzeko eskaera egin dute. Udalak zer du esateko auzi horretan?
Honetan, arazoa urrutitik dator. Batetik, 2019 – 2023 legealdian gertatu behar ez zuen zerbait gertatu zen. Hau da, arrakala bat sortu zen 48 etxebizitza libreen eta babes ofizialeko 108 horien artean. Hori bazen gertatu behar ez zen zerbait. Bigarrenik, hau eraikuntza pribatu bat da, eta kooperatiba pribatu baten kontratua, non udalari soilik zegokion baimenak ematea hainbat baldintza betez gero. Gure eragiteko gaitasuna oso txikia da.
UPNk «kudeaketa kaskarra» leporatu dio Joxe Abaurrea Hirigintza zinegotziari, eta hura kargugabetzeko eskatu du.
Ez da udalaren afera. Nafarroako Gobernuaren etxe sustapen bat da. Gainera, eraikuntza enpresa baten eta etxebizitza kooperatiba baten arteko harremana da. Gure jarrera beti egongo da familien alde, eta ahal dugun heinean saiatuko gara bitartekari lana egiten. Baina ez dago udalaren esku gauzak aldatzea. Enpresari esaten diogu bere erabakian atzera egiteko. Bestela, familiei lagundu diezaiekegu diru konpentsazioak lortzen eta beste eraikuntza enpresa bat bilatzen.
Sarasateko egitasmoa agintaldi amaierarako amaitzea espero da?
Sanferminetarako. Espero dugu ordurako dena prestatua egongo dela.
Zer esan nahi du egitasmo honek zuretzat?
Sarasate pasealekua 1885ean amaitu zen. Bigarren topagunea izan zen. Gazteluko plazaren luzapen naturala zen. Azken hamarkadetan hartutako erabaki oker batzuen ondorioz, hor horma moduko bat paratu zen, eta oztopo bat bilakatu zen. Alde Zaharraren eta Zabalgunearen arteko bereizketa bat zen. Ja ez zen topagune bat, pasabide bat baizik. Galdu zuen funtzio hori. Berriro plataforma bakarra ezarrita, Alde Zaharraren eta Zabalgunearen arteko jarraipen bat bilakatuko da. Ez da muga bat izango, zubia baizik. Gainera, babestoki klimatikoa ere izango da, zuhaitzak mantenduko direlako. Hiriarentzat sekulako oparia izango da. Lehen aldiz izango du Sarasateren ikonografia, bai eta Oteizaren eskultura bat ere. Gainera, sinbolikoki eszenografia bitxia du. Garai batean mutur batean zegoen botere exekutiboa, diputazioa; bestean, judiziala, epaitegiak, eta foruak tartean. Orain aldatu egin da: batean, botere exekutiboa; bestean, botere legegilea, parlamentua. Eta foruak erdian. Hiriarentzat toki oso inportantea da.
Elkarbizitza plana akordio programatikoan zegoen, eta ekarpenak bildu dituzue. Zein da asmoa?
Laster bozkatuko dugu. Enpresa baten esku egon da. Orain dela pare bat aste egin zen jardunaldi parte hartzailea. Oso interesgarriak izan ziren. Orain aurkeztu behar digute diagnosia, eta espero dut azaroan onartuko dela osoko bilkuran.
Joseba Asiron, elkarrizketan, eta atzean Iruñeko koadro bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jaso ikastola zaharra
eta
Arantzadiko komentua
hustu behar izan dituzue. Etxegabeen kopurua handia da; zer konponbide planteatzen duzue? Udalak zer egin dezake?
Arazo globala da, mundu osoko afera. Ez gara hitz egiten ari etxegabeei buruz. Segur aski, Bigarren Mundu Gerratik ikusi gabeko migrazio krisi bat da hau. Arazo globalak ezin dira konpondu irtenbide lokalen bidez, globalen bidez baizik. Guri dagokigunez, Iruñea sekulako ahalegina egiten ari da. 2023an, UPNren azken gobernuak 1,7 milioi euro inbertitu zituen, eta guk 2024an 3,6 milioi. Urtebetean bikoiztu egin genuen. Giza baliabideak hirukoiztu ditugu, eta hala eta guztiz ere badakigu ez dugula guk arazoa konponduko. Hori oso argi dago. Irtenbidea? Har daitekeen erabakirik inportanteena da, baldintza konkretuen pean, etorri direnen egoera erregularizatzea. Modu horretan lan merkatuan sartu ahalko dira. Eta hori da dudarik gabe irtenbiderik onena: lan bat ematea lanik ez duenari. Oso inportantea izan da erregularizazioa.
Eskuinak segurtasun falta dagoela dio, eta hori agenda politikoaren ardatzean jarri nahi du. Itxitako bi eremu horiek segurtasun faltarekin lotzen dituzte. Zein da errealitatea?
Batetik iruditzen zait diskurtso hori erabat arduragabea dela. Eskuinak diskurtso hori bereganatzen du, eskuin muturraren eraginez. Benetan oso kezkagarria da. Ez bakarrik ezkerreko ikuspegi batetik, baizik eta ikuspegi gizatiar batetik. Segurtasun falta ez du sortzen jendearen jatorriak, baizik eta jendearen egoerak. Jendea egoera zaurgarri batean dagoenean pizten dira horrelako egoerak. Horregatik da hain inportantea erregularizazioa, horrek ekarriko baitu egonkortasuna.
Iruñeko Normalizazio Linguistikorako I. Plana
garatzen ari zarete. Zer urrats egin dira?
Guk edozein gehiengo lortzeko behar dugu PSNren akordioa. Orduan, badakigu gauza batzuetan PSNren jarrera guregandik gertuago dagoela, baina euskararen arloan ez da historikoki izan akordiorik. Lan handia egin behar izan dugu, pedagogia handia. Segur aski bi aldeek pazientzia eduki behar izan dugu akordioak lortzeko. Adibidez, haur eskolen aferan lortu dugu eskariaren eta eskaintzaren arteko parekotasun batera jotzea. Hori ez da beti gertatu, eta ez da Euskararen Legeak esaten duena. Legeak ez du esaten parekatu egin behar direla eskaria eta eskaintza. Esaten da bultzatu egin behar dela, saiatu behar dugula sustatzen. Joango gara, poliki – poliki. Oraingoz, inportanteena da hiri pasaia aldatzea.
Bizikleta elektrikoen zerbitzua adjudikatutako enpresak porrot egin zuen, eta enpresa berriak noiz abiaraziko du zerbitzua?
Hasieran, kontua ez zen behar bezala planteatu hainbat arrazoirengatik. Batetik, ekonomikoki enpresaren funtzionamendua eta bideragarritasuna ez zen behar bezala kalkulatu, eta horrek eraman zuen enpresa porrot egitera. Bigarrenik, ez zuen kontenplatzen Iruñerrira zabaltzeko posibilitatea. Gu saiatu ginen egoera bideratzen, eta azkenean hartu behar izan genuen erabaki mingarria: zerbitzua eten eta berriro prozesua martxan jarri. Azkenean, beste enpresa baten eskuetan geratu da. Jendeak azkenean ulertu du, eta, uda osoa bizikleta gabe pasa ostean, hemendik gutxira izango dugu zerbitzua, berme guztiekin.
(Puede haber caducado)