Faxismoa edo gauza abstraktu hori

Berria, Ander Perez Argote, 15-10-2026

Aspalditxotik hona, ez da inguruan ezkerreko mugimendu politiko, elkarte edota kultur egitasmorik, bere jarduna aldarrikatzeko garaian, faxismoaren etorreraren mamua haizatzen ez duenik. Olatu erreakzionarioa, ultraeskuinaren gorakada edota faxismoaren indartzea ohiko esaldi bilakatu zaizkigu, baina kontraposizioan eskaini daitekeen proiektu sendo baten faltan, baliabide erretoriko huts bihurtzeko arriskua dago. Faxismoaren mehatxua ez da nolanahikoa, eta hartaz ohartarazi beharra lehentasunezko auzia da, baina haren ondorio zehatzen itzulpen praktikorik gabe, abisua automatismo bihurtzekotan dago. Edo okerrago: kontraposizioan aritu gabe egitasmo askatzailerik ez duen mugimendu baten gabezia iradoki dezake. Konfrontazioa da politikaren motorra, eta dialektika historiarena, baina beharko luke ezkerraren proiektuak bere ekimen hutsez izan ilusionagarri, eta ez bakarrik txarrenarekiko konparazioan.

Ezkerra analisi orokorretan dabilen bitartean, ultraeskuinak eremu praktikoan irabazten du, xehetasunetan, ideia sinple, ulergarri eta bihurrituen zabalkundean. Horregatik da garrantzitsua eremu horretan aurre egitea, eta banan-banan deuseztatzea haren falazia bakoitza. Asteon bi adibide izan dituzu bizi zaren hirian bertan. Etorkina mehatxu eta etsai bihurtzen ari diren honetan (bide batez, noizbait ez dute hala egin?), ehunka etorkin eta bertako bildu ditu Iruñeko Arrozak ekimenak, noiz eta urriaren 12ak sinbolizatzen duen guztiaren aurrean, zer eta aldeak alde, eta pribilegioak pribilegio, etsai komunaren aurrean bat egiteko beharra aldarrikatzeko.

Bestea, berripaper hau inprimatzen den egunean ikusteke, faxista probokatzaile baten etorreraren aurrean deitutako erantzun herritarra da, mamu abstraktu batengan baino gehiago, arriskuan egon litezkeen sektore zapalduenen eskubide zehatzen defentsan jarri duena fokua.

Bietatik eta gehiagotik beharko da, are gehiago orain non, hauteskundeetara deituta eta inkestak dantzan, faxismoak ez dirudien jada mehatxu bat, errealitate gertu bat baizik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)