Datorren astelehenean Donostiako familia bat etxegabetuko dutela salatu du Saretxe sindikatuak

Saretxe Etxebizitza Sindikatuak salatu du datorren astelehenean, hilaren 19an, sei senideko familia bat etxegabetuko dutela Donostiako Egia auzoan; horien artean, bi adingabe. Bozeramaileak dei egin die erakundeei behar duten eta betetzen duten zaurgarritasun txostena sinatzera, hori geldi dadin.

Gara, Aingeru Odriozola, 13-10-2026

Saretxe Etxebizitza Sindikatua Donostiako Egia auzoan bildu da, astearte honetan, datorren astelehenean bertan aurreikusita dagoen etxegabetze bat salatzeko. Hain zuzen, sei laguneko familia bat etxerik gabe geratuko da, tartean, zortzi eta hamar urteko bi adingabe eta aiton-amonak.

Duela bi aste, Aitor ikastolako Latxaga guraso elkarteak bertako familia bat etxegabetzeko arriskuan zegoela ohartarazi zuen. Familiak zazpi urte daramatza etxe berean.

Sindikatuaren hitzetan, familia «ezin da etxegabetu» egoera zaurgarrian bizi delako. Besteak beste, haien diru sarrerak «oso urriak» direla eta gurasoetako batek lan istripu bat izan duela –ebakuntzak eta errehabilitazioa tarteko– gaineratu du sindikatuak. Momentuz, familiak ez du etxebizitza alternatibarik.

«Alokairu bila ibili dira, baina Donostian ezer aurkitzea ezinezkoa da, eta etxegabetzea gauzatuz gero, kalegorrian egongo dira astelehenean», gehitu dute Noa Goikoetxea eta Maider Fernandez Saretxeko bozeramaileek.

«Laberinto judizial eta burokratikoa»

2024an, bi hilabete ordaindu gabe utzi zituzten arren, jada ordainduta daudela gogorarazi dute. Goikoetxearen aburuz, jabeak «laberinto judizial eta burokratiko» bati ekin zion orduan, baina zaurgarritasun txostena eta etxebizitza bermea izango balituzte, hori geldi zitekeen.

«Egoera horretan, ezin da etxegabetzea gauzatu, betiere 29/2026 errege dekretuaren arabera. Baina horretarako, zaurgarritasun txostena behar dute», berretsi dute bozeramaileek.

Ildo horretan, epaileei eta zerbitzu sozialei txosten hori bete dezaten eskatu die, eta gogorarazi dute zaurgarritasun baldintzak betetzen dituztela. Azpimarratu dute, bi haur txiki izanik, «egoera bortitza» pasaarazten zaiola familia horri.

Etxegabetzeak etxebizitza eskubide izatetik merkantzia izatera pasatzearen ondorio dela dio sindikatuak: «Errentismoa langile klasea esplotatzeko gisa garatu da eta, horregatik, zapaltzen die langileei eta bereziki talde zaurgarrienei».

Hain justu ere, datorren astean kaleratuko duten familia migratua dela kontuan izanik, kolektibo horrek etxebizitza bilatzerakoan sufritzen duen «bazterkeria arrazista» nabarmendu dute baita ere.

«Bereziki salatzekoa iruditzen zaigu egoera hau asteotan ematea, Maricarmenen etxegabetzeak eta osteko heriotzak lehen lerrora eraman du etxebizitzaren krisia, eta uneotan familia batek kalean amaitzeak amorragarria iruditzen zaigu».

Jon Insausti Donostiako alkateari «etxegabetze guztiak gelditzea eta, bereziki, familia honi alternatiba edo irtenbide erreal bat» ematea eskatu dio Saretxek.

Herritarrei, aldiz, etxebizitza eskubide unibertsala lortu arte borrokatzen jarraitzeko deia egin die, etxebizitza sindikatuetan eta datorren azaroaren 11n Hego Euskal Herrian deitu den greba orokorrean parte hartuz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)