Txaimaa Bukharsa: «Marokon emakume bat lehen ministroa izatea ez da lorpen bat»

Bukharsaren arabera, benetako eztabaida ez da Marokoko gobernuburua emakumea edo gizona den, baizik eta benetan demokraziarik ba ote dagoen han.

Berria, Paula Marques Sanchez, 09-10-2026

Txaimaa Bukharsak (Safi, Maroko, 1995) Ingeniaritza Elektrikoa ikasi zuen Marokon; ondoren Kolonbiara joan zen, eta han, ezkondu, eta gaztelera ikasi zuen. Horren ostean, Espainiara joatea erabaki zuen, baina bertan ez zizkioten ikasketak baliozkotu. Hori dela eta, Ingeniaritza Elektrikoa berriro ikastea erabaki zuen, baina prozesu horretan eraso islamofobo eta arrazistak jasan zituen. Horrek bultzatu zuen, hain zuzen, ikasketa arabiar islamikoak egitera, eta, ondoren, aniztasun kulturalaren masterra egin zuen. Nahiz eta Espainian hamaika urtez bizi izan den, Espainiako Estatuarentzat bost urte daramatza herrialdean, ikasten ematen diren urteak ez baitira kontuan hartzen. Espainian funtzionario izateko herrian eman behar dituen urteak oraindik bete ez dituenez, bera kabuz sare sozialetan lanean dabil ekintzaile, eta Afrocolectiva komunikazio medioaren kofundatzailea da. Alternatibaren Haga espazioak bere jardunaldietara gonbidatu zuen aurreko astean, eta mahai inguru batean parte hartu zuen.

Fatima Zahra el-Mansuri Marokoko lehen ministro izendatu dute. Kargua hartzen duen lehen emakumea izanda, zer esan nahi du emakume marokoarrentzat?
Lehenik eta behin, ulertu behar dugu bestelako eztabaida baten aurrean gaudela. Gauza ez da gizon edo emakume batek boterea izatea, baizik eta benetan demokraziarik ba ote dagoen. Horregatik, garrantzitsua da Mendebaldeak Hegoalde Globala agenda feminista batetik soilik ez begiratzea. Erregimen marokoarraren autoritarismoaren analisiari dagokionez, ikuspegi antiinperialista batetik ere begiratu behar da. Beraz, benetako eztabaida izango litzateke ea Marokoko herriak boterea duen. Hauteskunde hauetan %20k bozkatu zuten, eta, gainera, hauteskunde iruzurrak egon ziren. Herriaren %70ek ez zuen alderdi honen alde bozkatu. Bestalde, alderdia erregearen familiari lotuta dago. Horregatik, logika arrazista eta autoritario berarekin jarraitzen badute, emakume bat lehen ministro izatea ez da lorpen bat.

«Logika arrazista eta autoritario berarekin jarraitzen badute, emakume bat lehen ministro izatea ez da lorpen bat»

Uste duzu horrek aldaketarik ekarriko duela?
Ez, kontrako efektua eragingo du. Hau da, munduaren aurrean Maroko aurreratu, progresista eta moderno bat aurkeztuko du, eta hain distiratsua den egitura horren azpian dagoena gero eta gehiago estaliko du.

Gertatzen ari dena zuritzeko mugimendu bat izan dela uste duzu?
Alderdi hau [PAM], erregimen alderdi bat izateaz aparte, Israelek aukeratutakoa da. Hauteskundeak baino lehenago, Israel Gara deitzen den erakunde batek argi utzi zuen alderdi hori nahiago zuela. Beraz, Israelek inposatutako narratiba bat da, erregimena zuritzeko eta irudi feminista bat emateko. Baina sakonean guztiz autoritarioa da, eta ez dauka zerikusirik feminismoarekin.

Bestalde, zer iritzi duzu Ceutan gertatu den eta gertatzen ari denaren inguruan?
Europan egon diren logika inperialista guztien kontzentrazio bat da. Nik uste dut Ceutak ispilu bat jarri diela aurrean Europari eta Espainiari; bere kontraesan guztiak erakutsi dizkiote. Orain dela aste gutxi batzuk, Espainiako presidentea Che Guevara balitz bezala agertzen zen bere «gerrari ez» diskurtso umilarekin. Baina, aldi berean, bere autoritarismoa erakutsi du, eta agerian utzi du Europako migrazio erregimenaren basakeria, Amnesty Internationalen ikerketan jaso diren torturek erakutsi duten bezala.

Emakumeak oso egoera gogorrak bizitzen ari dira Ceutan. Nolako eragina du haiengan migrazio prozesu honek, eta zergatik uste duzu haien errealitatea ez dela hainbeste erakusten?
Nik uste dut eskuin muturrak ustiatu egiten duela emakume migrante arrazializatuenganako sexu indarkeria. Eskuinari horren inguruan hitz egitea gustatzen zaio, baina zer terminorekin? Manipulazio terminoekin. Hainbeste inporta bazaizkigu emakume migranteak, zergatik ez dizkiegu ematen aterpe eta baldintza duin eta gizatiarrak? Benetan jasaten duten lehen indarkeria Europako politika nekropolitikoarena da: hori da beraien erronka handiena. Nekropolitika horrek kalean babesgabe uzten baditu, patriarkatua eta sekulako indarkeria aurkituko dute. Emakume migratzaile arrazializatuen inguruan hitz egin behar dugu, baina nekropolitika terminoen barruan, hori baita emakume hauek bortxatuak izatearen arrazoia. Esan beharra dago, gainera, bortxatzaile guztiak ez direla migranteak.

«Antinaturala da migrazioa murriztu nahi izatea. Migrazioa beti egongo da, nahiz eta muga altuagoak jarri»

Nola bizi da migrazioa Maroko barruan, eta, batez ere, nola bizi dute mugatik gertu bizi direnek?
Espainiak bere muga Marokorantz kanporatu du, eta Maroko Europako jazarroiaren lekua hartzen ari da. Pena da ezkerrak normaltasun batera bueltatzearen inguruan hitz egitea eta Marokok rol hori berriro hartu behar izatea. Horrek esan nahi du giza eskubideak urratzea eta berriro Europako beso armatua izatea. Horretaz gainera, beltzen komunitatekoek, Marokotik pasatzen direnean, arrazismo eta babesgabetasun itzelarekin egiten dute topo. Babes falta horren lehen kausa, berriz ere, migrazio politikak dira.

Askotan, Espainiako Gobernuak eta Europako Batasunak Marokori dirua eta baliabideak ematen dizkiote migrazioa kontrolatzeko. Hala gertatzen denean, zelan aldatzen da egoera Marokon?
Erregimenari botere handiagoa ematen diote. Benetan esaten ari badira Maroko ikaragarri txarra dela, zergatik finantzatzen dute? Hori da benetako galdera.

Europa migrazioa murrizten saiatzen da Afrikako hainbat herrirekin itunak eginez, baina horrek ez al ditu pertsona gehiago jartzen arriskuan?
Antinaturala da migrazioa murriztu nahi izatea. Migrazioa beti egongo da, nahiz eta muga altuagoak jarri. Zuk erabakitzen duzu urtean pertsona bat edo 10.000 hiltzea. Beraz, 500 urteko arpilatze batez hitz egiten ari gara; migrazioa arpilatze, esklabotza eta genozidioen produktu gisa. Borrellek dio lorategia basotik babestu nahi duela, baina, leku eta zenbaki aldetik, lorategia oso txikia da; beraz, ezin izango dute inoiz gelditu mugimendu gizatiar, aske eta natural hori.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)