«Diskurtso arrazista eta faxisten aurrean ezberdinen arteko aliantzak ehundu nahi ditugu»

Iruñeko Arrozak ekimenak «kaleak bete» nahi ditu «pertsona guztien bizitza duinen alde» eta «faxismoaren eta arrazakeriaren aurka». Arantxa Caminos bozeramaileak azaldu duenez, urriaren 12a «egun berezia» izango da: «Jaia, elkartasuna eta aldarrikapena uztartzen duen topaketa handia egingo dugu».

Gara, Aritz Santamaria, 08-10-2026

«Elkarrekin amestu! Elkarrekin borrokatu!» leloak gidatuko du Iruñeko Arrozak deitutako manifestazioa: «Ezberdinen arteko alaintzak ehundu behar ditugu diskurtso arrazista eta faxisten aurrean». Urriaren 12an, «jaia, elkartasuna eta aldarrikapena» uztartzeko eguna izango dela aldarrikatu du Arantxa Caminos bozeramaileak NAIZ irratiko Iruindarra saioan.

Antoniutti parketik abiatuko da manifestazioa, 12:00etan; aurretik, ordea, dantzaldia egingo dute, Iruñeko udaletxe plazan. Caminosek hiru erro defendatuko dituztela azaldu du: «Guztiontzako eskubideak, aberastasunaren banaketa eta bizitza duinak ». Eskuin muturraren «mamuaren» aurrean, «klase herrikoiak batzeko» beharra azpimarratu du. Izan ere, Caminosek «olatu erreakzionarioaren» aurrean festa bat antolatu dutela nabarmendu du, «gure herriaren aniztasunaren erakusle».

Iruñean «geroz eta aliantza gehiago» daudela adierazi du, ahaztu gabe «arrazakeria eta aurreritziak oraindik ere daudela». «Jai eguna behetik eta ezkerretik» antolatu dutela azaldu du. Era berean, data ez dute ausaz erabaki: «Egun horretan eskuin muturrak inperio arrazista eta patriarkala oroitzeko eguna ospatzen du». Horren aurrean, «Iruñea solidario eta antifaxista» aldarrikatu nahi dutela gaineratu bozeramaileak. Gainera, ekimenak jaso duen babesa ere goraipatu du: «Era guztietako ehun erakundek bat egin dute».

Bozeramaileak azaldu duenez, kalejiran abiatuko dira Iruñetik Txantreara, Broken Brothers Brass Bandek girotuta. Behin helmugan, Irubide parkean, «egitarau zabala» prestatu dute, eta ondotik arroz dastaketa egingo da. «Elkarrekin amets egiteko eta borrokatzeko eguna izango da», gaineratu du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)