Arambururen hilketa: Le Priol eta Bouvierrek epaiari helegitea jarri diote
Le Prioleri eta Bouvierri, hurrenez hurren, 26 eta 19 urteko espetxe zigorra ezarri zien Parisko Krimen auzitegiak irailaren 25ean. Federico Arambururen heriotzaren aferan kondenatu zituzten eskuin muturreko militanteak. Biek helegitea jartzearen ondorioz, epaiketa berriz iraganen da.
Gara, , 06-10-2026Beste epaiketa bati egin beharko diote aurre Federico Arambururen senide eta lagunek. Biarritz Olympique taldeko errugbilari ohiaren heriotzaren aferan kondenaturiko Loik Le Priolek eta Romain Bouvierrek helegite bana jarri diote Parisko Krimen Auzitegiaren epaiari. Le Prioli 26 urteko espetxe zigorra ezarri zion auzitegiak, hilketagatik, Bouvieri, berriz, 19 urtekoa, hilketa saiakeragatik.
Kondenaturiko pertsonek eskuin muturrarekin daukaten lotura agerian gelditu zen irailean iragan zen hiru asteko epaiketan. Bertzeak bertze, Gud eskuin muturreko milizia kide izandakoak dira. Beren inpunitatea salatuz, semea «gorrotoak» erail ziola adierazi zuen Cecilia Aramburu errugbilari ohiaren amak epailearen aitzinean.
Izan ere, kontrol judizialpean zeuden nola Le Priol hala Bouvier, taldean egindako bortizkeriagatik. Ondorioz, ezin zuten elkarrekin egon, eta are gutxiago armarik eraman. Arambururen heriotzaren gauean beren buruen defentsan aritu zirela argudiatu zuten biek ala biek auzi saioetan. Armadan egindako ibilbideagatik estres post-traumatikoa zeukala aipatuz justifikatu zuen bere jokabidea Le Priolek. Bouvierrek berriz, gutxietsi egin zuen etxean atzeman zioten 2.8000 euroko armategiaren garrantzia.
Oraino ere argitzeke dago ea noiz eginen den epaiketa berria Parisko Dei Auzitegian.
(Puede haber caducado)