Babacar, Senegaleko lehoia
Gara, , 03-10-2026Horrela ezagutu nuen duela hamar urte pasatxo. Bere rasta luzeak reggae soinuaren erritmora astinduz. Tipo handia, bai gorputzez, bai bihotzez. Xelebrea, askotan. Senegaletik etorria zen, maitasunaren atzetik, etengabe maitemintzen den horietakoa baitzen. Lana bilatu eta emakume euskaldun batekin seme-alaba asko izan nahi zituena. Ederrak eztabaidak genituenak horren harira.
Espetxe baimen baten bueltan, Martutenera eramatea egokitu zitzaidan. Aurretik gosaltzera joan ginen Kolon pasealekura. «Baina ez al zaude ramadanean?», galdetu nion. Baietz, baina gero berak Alarekin egingo zituela kontuak. Maite zuen mendian ibiltzea, Aiako Harrian gora eta behera ibili ginen zenbaitetan. Txirrita euskaltegian ere izena eman zuen, beste jatorri batzuetako herritarrentzat antolatutako euskara ikastaro batean. Handik urte batzuetara, nire espetxeratzearen bezperan herrian egin zidaten agurrean ikusi nuen, jada txima luzeak galduta.
Babacar ez du tiro batek hil. Aspaldian bereak egin zuen. Etorkizun hobeago baten bila etorri, kalea-espetxea-kontsumoa biribilgunetik ezin atera, eta buruko osasun gaitza topatu zuen, beste askok bezala. Ez da lehenengoa izan, ez azkena, zoritxarrez. Hortik, bi hausnarketa. Ez al da nahiko agerikoa sistema integratzailea beharrean asistentzialista hutsa dugula? Gure instituzioen “bezeroa” zen aspalditik. Jotzen gaituen gaitzaren sintoma besterik ez.
Bigarrenik, aurrean dugun polizia ereduarena. Batzuk, pozik, labana duen gizon beltz «gaiztotik» libratu gaituelako. Beste batzuentzat, kezka eta beldurra, osasun mentalaren gaitzen krisialdien aurrean Polizian ohikoa bihurtzen ari den esku hartze koldar eta hiltzaileaz kezkati.
Agur, Babacar. Everything’s gonna be alright.
(Puede haber caducado)