Migratzaileen erregularizazioak enplegu sorrera bultzatu du

Gizarte Segurantzak duela urtebete baino 34.000 kotizatzaile gehiago ditu, eta asko egonaldia legeztatu duten etorkinak dira. Langabezia handitu egin da, erregularizazioaren poderioz hori ere.

Berria, Iker Aranburu, 02-10-2026

Etorkinen ezohiko erregularizazio prozesuak baldintzatu ditu iraileko enpleguaren datuak. Ia 65.000 lagunek eskatu zuten beren egoera legeztatzea, eta, paperak iritsi ahala, Gizarte Segurantzan izena ematen ari dira beltzean lanean ari zirenak, eta enplegu bulegoetan, berriz, oraintxe lanposturik ez daukatenak. Ondorioz, gora egin du langabeen kopuruak (3.238), eta are gehiago modu legalean lanean ari direnenak (12.281).

Irailean ohikoa izaten da langabezia apaltzea, udako oporren astean zenbait sektore berriz aktibatu egiten direlako. Hori gertatu da azken hamar urteetan, baina aurten ez. Abuztuan baino 3.238 langabe gehiago daude erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan. Are gehiago: 2024ko irailaz geroztik lehen aldiz, urtebete lehenago baino langabe gehiago daude: 4.261 gehiago, zehazki.

Azken horien artean asko azkenaldian kanpotik iritsitakoak direla erakusten du Nafarroako Gobernak emandako datu batek: lurralde horretan azken urtean %1,75 handitu da langabezia Espainiako pasaportea dutenen artean, eta %25,9, berriz, ez dutenen artean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)