Iruñeko Arrozak ekimenak urriaren 12an hiriko kaleak betetzeko deia egin du

Iruñeko Arrozak herri ekimenak urriaren 12an manifestazioa eta arroz-festa antolatu ditu, ‘Elkarrekin Amestu! Elkarrekin Borrokatu!’ lelopean. 100 erakunderen babesarekin, kaleak betetzeko deia egin du, faxismoaren eta arrazakeriaren aurka.

Gara, Naiz, 03-10-2026

Iruñeko Arrozak herri ekimenak, mota guztietako 100 erakunderen babesarekin, urriaren 12rako Antoniutti parketik ‘Elkarrekin Amestu! Elkarrekin Borrokatu! Lelopean abiatuko den manifestaldia eta ondorengo arroz-festa antolatu ditu Txantreako Irubide parkean. Manifestazioak Iruñeko kaleak zeharkatuko ditu «faxismoaren eta arrazakeriaren aurka, eta pertsona guztien bizitza duinen alde, hauen jatorria eta izaera edozein dela ere».

Deitzaileek kaleak betetzeko deia egin dute «elkartasunaren eta duintasun antifaxistaren sinbolo gisa». Azken egunetako gertaeren aurrean, «bidea argia» dela adierazi dute: «behekoen mobilizazioa, batasuna eta antolaketa eraginkorra da, bai ultraeskuindarren posizioak geldiarazteko, bai eta herri konkisten agertokiak eskuratzeko eta ortzimuga berriak irudikatzeko».
PUBLICIDAD

Manifestazio hau Iruñeko Arrozak mobilizazio, festa eta aldarrikapen egunaren barruan antolatu da eta ondoren Irubiden (Txantrea) munduko arrozak dastatzeko aukera izango da. Era guztietako ehun erakundek bat egin dute aurreko urteko ‘Txantreako Arrozak’ esperientziatik sortutako ekimenarekin, eta aurten zabaldu egingo da, «desberdinen artean batu beharra baitugu jasaten ari garen olatu faxista eta arrazistaren aurrean».

«Manifestazioa, hain zuzen ere, Espainia erreakzionarioak bere inperio arrazista eta patriarkala, kolonialismoa, belizismoa eta nazional-katolizismoa ohoratzen dituen egunean egingo da. Oraingoan, aldiz, jatorri, kultura eta kolore guztietako beheko eta ezkerreko jendeak osatzen duen Iruñea solidarioa mobilizatu egingo da. Denok batera, eskuin muturraren etengabeko borroka eta zatiketaren amuari hozka egiten ez dioten herritarrak gehiengoa direla erakutsiko dugu», adierazi dute.

«Gorrotoaren, buloen eta errepresioaren estrategia erreakzionarioak klase herrikoiak bereiztea eta elkarren aurka jartzea bilatzen du, betiko moduan betikoek irabaz dezaten. Horren aurrean, ezberdintasunen gainetik, besoz-beso guztiok mehatxatzen gaituen munstro faxistaren aurka borrokatzeko borondate irmoa aldarrikatuko dugu», gehitu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)