Formakuntza [H]aga espazioan «faxismoari aurre egiteko»

Alternatiba alderdi politikotik jaiota, hainbat esparru okupatzeko helburuz sortu da [H]aga. Formakuntza, hausnarketa eta politizazio esparru gisa pentsatuta dago, eta Ailen Marinero eledunak nondik norakoak azaldu ditu NAIZ Irratian.

Gara, P.LEKUONA - H.BELATEGI, 01-10-2026

Bihar [H]agaren aurkezpen ekitaldia izango da Bilboko Euskalduna Jauregian 10.00etatik aurrera. «Formakuntza ezinbestekoa da faxismoari aurre egiteko», esan zuen atzo NAIZ Irratiko uhinetan Ailen Marinero espazioko arduradun eta Alternatibako ordezkariak. «Guretzat garrantzitsua da borroka, ekintzak eta kaleak hartzea, baina diskurtso horiei aurre egiteko ezinbesteko dira formakuntza eta elkarlana», gaineratu zuen.

Izan ere, militantzia politiko eta sozialaren ardatzetako bat osatzera dator [H]aga, hausnarketa eta eztabaidaren bitartez, ideia atzerakoien aurrean erantzuteko baliabide eta ezagutza gehiago edukitzeko. Alternatiba, EH Bildu eta ezkerreko subiranotasunaren baitako bestelako eragile eta mugimenduak «elikatzea eta batzea» da [H]agaren helburu nagusietako bat. Marineroren esanetan: «Ardatz oso zabala daukagu, landuko ditugu feminismoa, ekologismoa, antikapitalismoa, sozialismoa, subiranotasuna…».

Elkarlanean lan egitea garrantzitsua da fundazioko eledunaren arabera, «ibilbide bat badugu elkarlanean, Alternatibak parte hartu du foro anitzetan, horretan egin dugu lan, eta gure asmoa da [H]agaren bidez horretan sakontzea».

FOKUA GAZTERIAN
Planteatutako oinarrien inguruko jakin-mina duen edonor bertaratu daiteke [H]agak antolatutako saioetara, baina gazteak bereziki ongi etorriak izango dira, espazioko koordinatzaileak aurreratu duenez. «Proiektu hau zuzenduta dago ezker subiranistarekin identifikatzen diren pertsonei, baina jarri dugu fokua gazterian, gure ustez gazteak izango direlako etorkizuna aldatuko duten ala aldatu ahalko duten gizarte sektorea». Euskal Herrian gazteria «formatua eta borrokarako prest» dagoela aitortu arren, formakuntza gehiago eskaintzeak «faxismoari aurre egiten lagundu» ahal diela gaineratu zuen.

«Gazteok izango gara etorkizun batean eskubideak herentzian jasoko ditugunak, edota jasoko ez ditugunak eta borrokatu beharko ditugunak», zehaztu zuen Marinerok helburuak errepasatzerakoan.

Hitzaldien bidez gizartean zer-nola eragin daitekeen galdetuta, argi du bozeramaileak: «Etortzen direnak bertan landutako ideiekin geratzen dira, eta beraiek beste batzuekin hitz egingo dute eta horrela garatu eta hedatuko dira ideia horiek», hausnartu zuen.

Bilboko Euskalduna Jauregian bihar egingo duten jardunaldian honako gaiak jorratuko dituzte, besteak beste, zenbait adituren laguntzarekin: 78. erregimenaren ondorioak, ezegonkortasun geopolitikoa, kultura antifaxista, eskuin muturraren gorakada hedabideetan eta intersekzio borrokak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)