Babacar Welle gogoratzeko manifestazioa egingo dute larunbatean Hondarribian
Manifestazioa egingo dute larunbat honetan Hondarribian, Babacar Welle oroitzeko. Astelehenean hil zen, udaltzain batek bere aurka tiro egin ostean, eta Senegalgo elkarte batek antolatu du mobilizazioa. Asteartean ere irten ziren kalera, zendutako gizonarentzat justizia aldarrikatzeko.
Gara, , 01-10-2026Larunbatean manifestazioa egingo dute Hondarribian, astelehenean udaltzain batek tiroz hil zuen Babacar Welle oroitzeko. Asteartean ere mobilizatu ziren herrian, justizia eskatzeko. Senegalgo elkarte batek antolatu du manifestazioa eta 17.00etan abiatuko da Hondarribiko Udaltzaingoaren polizia-etxearen aurretik, San Pedro kalera bidean.
Azaldu dutenez, bigarren mobilizazio hau antolatu izanaren arrazoia da gizona senegaldarra zela, bere gertukoak ere bai, eta askok arrantzale gisa egiten dutenez lan, ezin izan zuten asteartekoan parte hartu. Manifestazioa antolatu duen elkarteak bere gain hartuko ditu Welleren gorpua aberriratzeko gastuak.
Babacar Wellek 46 urte zituen, 15 bat urte zeramatzan Gipuzkoan bizitzen eta jakina zen arazo psikiatrikoak zituela. Udaltzain batek tiro egin zion, bertsio ofizialaren arabera, gizona ertzain bati labanaz mehatxu egiten ari zitzaiolako, taberna bateko terrazan zeuden herritar batzuk ere mehatxatu ostean. Udaltzainak hiru aldiz egin zion tiro eta bertan hil zen, nahiz eta osasun zerbitzuak gizona suspertzen saiatu ziren. Jazotakoaren ostean agentea zerbitzutik erretiratu dute eta arma kendu diote. Euspel sindikatuak bere gain hartu du udaltzainaren defentsa juridikoa.
Asteartean egin zuten mobilizazioan ehunka herritarrek hartu zuten parte eta justizia eskatu zuten Babacar Wellerentzat. Halaber, bertan izan zen Senegalgo kontsula eta udal gobernuaren ordezkaritza bat.
(Puede haber caducado)