LABek etxeko langileek bizi duten «egoera kezkagarria» salatu du
Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetako etxeko langileen egoera salatu du sindikatu abertzaleak. Hainbat kasuren artean aipatu du Gernikako udaltzain batek bere etxeko langilearen arropa etxebizitzatik atera eta Udaltzaingoaren bulegoan «botata» utzi izana.
Gara, , 02-10-2026LAB sindikatuak Busturialdea eta Lea-Artibain etxeko langileek «egoera kezkagarria» bizi dutela salatu zuen atzo. Azken lau hilabetetan 32 kasu artatu dituztela adierazi zuen, azkena uniformez jantzitako Gernikako udaltzain batek etxeko langile batekin izandako jarrera.
Ohar baten bidez aditzera eman zuen etxeko langile baten enplegatzaileak, Gernikako uniformea zeraman udaltzain batek, langile horren arropa etxetik atera eta Udaltzaingoaren bulegoetan «botata» utzi zuela.
LABek ohartarazi zuen ez dela kasu isolatua. Horregatik, sindikatuak etxeko langileak antolatzeko lan egiten du, «langileek jasaten duten esplotazioa salatzeko, baita hitzarmen kolektiboaren alde borrokatzeko ere». Sindikatuaren helburua, langile horiek «egunerokoan instituzio zein administrazioetatik jasaten duten arrazakeria eta klasismoa salatzea» da.
LABek azaldu zuenez, bi eskualdeen kasuan dispertsio geografikoak egoera are gehiago zailtzen du: «Langileak herriguneetatik urrun dauden etxe isolatuetan lan egitera behartuta daude, eta hurbileko komunitate edo talde bat izatea galarazi edo zailtzen die horrek, barne erregimenean daudenen kasuan bereziki». Etxeko langileek jasaten dituzten baldintza bidegabeak salatzeko urratsa ematen dutenean, gainera, sarri enplegatzaileen partetik «mehatxuak, iruzurrak edota kaleratzeak» jasotzen dituztela azaldu zuen LABek.
Sindikatuak gehitu zuenez, «lan baldintzen urraketa sistematikoak gizarte politiken krudelkeria agerian uzten du». Horregatik, «etxeko langile orori eskua luzatzen dio sindikatuak, eta antolakuntzarako urratsa eman dezaten animatzen ditu».
(Puede haber caducado)