Bildumako armak eta arma historikoak arautzeko lege proposamena aurkeztu du Peio Dufauk
Arambururen hiltzaileen epaiketa iragan berritan eta eskuin muturraren gorakadaren testuinguruan, bildumako armak eta arma historikoak arautzeko lege proposamena aurkeztu du gaur Peio Dufauk Frantziako Asanblea Nazionalean.
Gara, , 30-09-2026Parisko Krimen Auzitegiak irailaren 25ean eman zuen Federico Aramburu Biarriz Olympique taldeko errugbilari ohiaren hiltzaileen, Loik Le Priol eta Romain Bouvierren, aurkako epaia. Hurrenez hurren, 26 eta 19 urteko espetxe zigorrera kondenatu zituzten eskuin muturreko militanteak. D kategoriako, hots, bildumako armen edo arma historikoen sailean sartzen ziren bi pistolaren balek zauritu eta hil zuten Aramburu.
Bada, bildumako armak eta arma historikoak eskuratu eta edukitzeko arauak zorroztu nahi ditu Peio Dufau diputatuak, prentsari igorritako oharrean adierazi duenez: «Gaur egun, D kategoriako suzko armak, hilgarriak izan arren, egiazko kontrolik gabe eskura daitezke. Hori ez da onargarria: funtzionatu dezaken su-arma batek ezin du edonoren esku egon, modu librean. Segurtasun publiko kontua da». Gainerako kategorietako suzko armen kasuan, horiek eskuratu ahal izateko ezinbertzeko baldintzetako bat da Finiada-n (armak eskuratu eta edukitzeko debekuen Frantziako fitxategi nazionala) ez egotea. Aramburu hil zuten Le Priol eta Bouvierrek kondenak jaso zituzten taldean egindako bortizkeriagatik eta armak eskuratu eta edukitzeko debekua zeukaten. Hala, Dufauk azpimarratu du krimen honek agerian utzi duela «hilketagatik, nahita eginiko bortizkeriagatik edo ekintza terroristengatik» kondenatutakoek armak eskuratzeko daukaten erraztasuna.
Legea onartuko balitz, suzko arma mota ororen jabe egin ahal izateko ehiza baimena, kirol tirorako lizentzia edo bildumagileen txartela aurkeztu beharko litzateke; horiek lortzeko, derrigorrezkoa da osasun psikologiko eta fisiko egokia berresten duen medikuaren agiria ukaitea eta Finiada fitxategian ez egotea.
Eskuin muturraren bortizkeria
«Bortizkeria eta armekiko pasioa dutenen ideologia hiltzailea» izan zuen aipagai Franck Zientarak, krimen auzitegiko presidenteak, Arambururen hiltzaileek epaiketan. Lege proposamena eskuin muturraren bortizkeria antolatuaren gorakadaren testuinguruan kokatu du Dufauk: «Barne Segurtasuneko zuzendari nagusiak 2023an, eta Terrorismoaren Aurkako Fiskaltza Nazionaleko fiskalburuak 2025ean, eskuin mutur bortitzaren ekintzen berpizteaz ohartarazi zuten publikoki. Izan ere, eskuin muturraren ideologia arrazista, antisemita, homofobo eta xenofoboaz blaitutako pertsona edo taldeen auziak ugaritu egin dira, bereziki ekintza armatuak prestatzen edo gauzatzen dituztenenak. Eskuin muturreko hainbat influencer-ek beren jarraitzaileei armatzeko dei irekia egin diete, arraza gerla zibil baterako presta daitzen; eta haietako batzuk armak eta bertzelako ekipamendua eskuratzen saiatzen ari dira, indarrean dagoen legediaren hutsuneak baliatuz».
Bilkura barne ministroarekin
Ikusteke dago ea nolako babesa lor dezakeen Lapurdiko diputatuaren lege proposamenak. Neurriak hartzea premiazkoa dela adierazi du EH Baiko hautetsiak: «Fite mugitu behar gara, ekintzara pasa nahi dutenak legez armatuak izatea saihesteko. Alderdiez haratagoko gai bat da: Florence Lasserre (MoDem) diputatua ere gaia hau lantzen aritu zen 2024an. Espero dugu neurri zentzudun hauek eragile denen babesa izatea eta Gobernuak lehenbailehen bere gain hartzea”.
Zentzu horretan, heldu den astean Frantziako Barne Ministroarekin biltzekoa dela iragarri du Dufauk, Mediabask-i egindako adierazpenetan. «Urte eta erdi joan da gai honi buruz lanean hasi ginenetik; ministroak egoki ikusiz gero, gauzak fite eta manera eraginkorrean aitzina daitezke», azaldu du diputatuak. Ministroak lege proposamena babestu ezean, alderdi arteko egitasmoen astean edo bere talde parlamentarioaren tarte batean legea defendatzeko asmoa agertu du.
(Puede haber caducado)