«Klase politikoa, oro har, oso isilik egon da»

Federico Martin Arambururen hiltzaileen aurkako epaiketa hiru astez segitu ondotik, epaiaz, Parisko Krimen Auzitegiko giroaz eta erreakzio politikoen faltaz mintzatu da Mediabask Irratiarekin Matthieu Suc 'Mediapart'-eko kazetaria.

Gara, Oihana Daguerre, 30-09-2026

Federico Martin Aramburu Biarritz Olympiqueko erregbilari ezagun ohia erailtzea egotzita, hilaren 7tik 25era bitartean epaiketa iragan da Parisko Krimen Auzitegian. Loik Le Priolek 26 urteko espetxe zigorra jaso du hilketagatik, eta Romain Bouvierrek 19 urtekoa hilketa saiakeragatik. Auzia gertutik segitu du Matthieu Suc Mediapart hedabideko kazetariak, eta horren nondik norakoei buruz mintzatu da Mediabask Irratian.

Zerk eraman du auzitegia hiltzeko asmoa egon zela ebaztera, aitzinetik pentsatua izan zela baztertuz?

Lehenik erran behar da parte zibilek epaia osoki ulertu eta onartu dutela. Noski, [Federico Martin Arambururen senide eta hurbilekoek] nahiago zuketen aitzinetik pentsaturiko ekintza zela ebatzi izan balitz. Hori erranik, kazetarien eta auzitegietako kronikarien artean, epaiketa hasi zenetik bagenekien auziaren erronka nagusia hilketaren ezaugarrien ingurukoa izanen zela, juridikoki ez baitzen erraza aitzinetik pentsaturikoa izan zela zela frogratzea. Auzitegiak hala ebatzi izan balu, ez zatekeen eskandalua izanen; baina baztertu izana ere ez da eskandalua.

Aitzinetik pentsaturiko hilketaren kalifikazioa atxiki izan balitz, ez dakit ea zigorrak ezberdinak izanen ote ziren. Hilketagatik gehienez 30 urteko zigorra ezar daiteke; aitzinetik pentsaturiko hilketagatik, berriz, bizi osoko espetxealdia ere ezar daiteke, hainbat inguruabar astungarrirekin. Auzia izugarria da, baina hainbat pertsona hil dituzten atentatuen egileei bizi osoko espetxe zigorrak ezarri zaizkielarik, zigorren arteko eskala bat errespetatu behar da. Nire ustez, epaia nahiko koherentea eta guztiz ulergarria da.

Federico MartIn Arambururen hurbilekoek bi akusatuen gizatasun falta ere salatu dute. Nola deskribatuko zenuke haien jarrera?

Akusatuen gizatasun falta ez dute Federico Martin Arambururen hurbilekoek bakarrik sentitu. Denok sentitu dugu; etengabeko zerbait izan da. Alde batetik, parte zibilaren eserlekuak beti beterik zeuden, oso lasai, duintasun handiz. Lekukotasuna ematera etorri direnek –Maria alargunak, Cecilia Federen amak, Shaun Hegartyk– lekukotasun hunkigarriak eman dituzte; eta, aldi berean, dotorezia handikoak. Ez da beti erraza biktima zarenean eta, manera zilegian, akusatuen aulkian daudenen kontrako haserrea senti dezakezunean. Horrek denak hunkitu ditu.

Bertze aldean, akusatuen familien eserlekuak maiz hutsik zeuden, edo familia zirkulu hertsieneko bizpahiru lagun baizik ez ziren agertzen. Eta akusatuek damu aurpegia erakusten zuten, baina faltsuak ziruditen, eta izugarri hotzak ziren.

Epaiketa aitzin, nire buruari erran nion: «Kasu, ez zaitez gehiegikeria eta klixeetan erori. Eskuin muturreko militanteak izateak ez du erran nahi karikaturizatu behar direnik. Epaitzen ari diren gizonak ere badira, bizi osoko espetxealdia jasotzeko arriskua dutenak. Tratamendu orekatu bat egitea lortu behar da, haien alderdi gizatiarra erakustea. Baina, egia erran, ez dut epaiketa osoan lortu. Egunak gaizki iragaten zitzaizkielako, salbatzeko gauza handirik ez zuen aurpegia erakusten zutelako… Azkenaurreko egunera eta defentsaren alegatuetara arte itxaron behar izan zen; Romain Bouvierren abokatuaren alegatua bereziki bikaina izan zen, eta nolabait akusatuak berriz gizatasunera hurbildu zituen.

Epaiketa honek ez die galdera guziei erantzun. Bat gelditu da bereziki airean, Federico Martin Arambururen amak planteatu zuena: nola liteke Loik Le Priol eta Romain Bouvierrek elkar ikusteko debekua izanik, kontrol judizial pean, gau hartan elkarrekin eta armaturik egotea? Zer erakusten du egoera horrek neurri judizial horren jarraipenari eta kontrolari buruz?

Galdera guztiz egokia eta interesgarria da. Bi gauza ikusten ditut hor. Lehena, eta azkenaldian hainbat aldiz idatzi dugu Mediapart-en: eskuin muturreko militanteek, zigor arloko kondenak izan ondotik, kontrol judiziala urratzea, elkar ikustea eta berriz ere ekintza bortitzak egitea behin eta berriz errepikatzen den fenomenoa da.

Lyonen militante antifaxistekin izandako liskar batean hil zen Quentin Deranque militante neonaziaren omenezko manifestazioan, adibidez, Lyonen egoteko debekua zuten pertsonak izan ziren; elkar ikusteko debekua zuten, manifestazio batean parte hartzeko debekua zuten. Eta zer egin zuten? Manifestazio batean parte hartu zuten, Lyonen, elkarrekin. Eskuin mutur erradikalean behin eta berriz ikusten den jarrera da: justiziaren erabakiei ez diete kasu handirik egiten.

Funtzionamendu okerra da, izugarri larria da, eta, aldi berean, –hor dago zailtasun guzia– Estatuak dituen baliabideekin egiten du lan. Oraindik ez gara estatu totalitario batean, non pertsona bakoitza eguneko 24 orduetan kontrolatzen den eta estatuak badakien bakoitzak zer egiten duen. Horretaz poztu behar dugu. Zoritxarrez, eskuin muturreko militante batzuk askatasun horretaz baliatzen dira, nolabait errateko.

Loik Le Priol eketa Romain Bouvierrek eskuin muturreko mugimenduekin zuten hurbiltasuna luze aipatu da epaiketan. Zer eragin izan zezakeen ingurune horrek haien ibilbidean?

Groupe Union Defense (Guf) taldean eta eskuin muturreko korronte erradikalenetan aktiboki parte hartu izanak matrize gisako bat osatu du. Interesgarria da ikustea fiskalak bere azken alegatuan eta Krimen Auzitegiko presidenteak epaia emateko momentuan mugimendu horren eginkizuna azpimarratu zutela. Bi gizon horiek ez zuten sekula elkar ezagutu behar, baina mugimendu horren bidez ezagutu zuten elkar, eta bortizkeriaren nolabaiteko gorazarrean murgildurik bizi izan ziren.

Ez da hutsala. Kasu honetan ez gara bortizkeria politikoaz ari; ostatuko liskar bat da, okerrera egin duena. Baina egunero gertatzen dira okertzen diren ostatuko liskarrak. Ostatuko liskar baten ondotik armak atera eta, Le Priolen zein Bouvierren tiroak batuz, hamar aldiz tiro egiten duten pertsonak, aldiz, anitzez ere ezohikoagoak dira.

Magistratuek azpimarratu dute, hein handi batean, gizon horiek beren burua supergizontzat har zezaketen ingurune batean bizi izan direlako gertatu dela krimen hau: armekiko lilura dagoen eta armak lortzeko neholako zailtasunik ez dagoen ingurune batean.

Federico Martin Arambururen eta Romain Bouvierren amen lekukotasunei buruzko zure artikuluan, parez pare dauden bi kontakizun eta bi mundu erakusten dituzu. Kontraste hori agerian uzteak gure gizartean existitzen diren bi errealitate hobeki ulertzeko aukera ematen al du?

Noski, elkarren oso kontrakoak diren bi kontakizun dira. Cecilia Arambururena ezagutzen dugu. Alde batetik, semea galdu duen ama baten kontakizuna da; eta, aldi berean, ulertu nahi duen ama batena: aipatu ditugu Estatuaren funtzionamendu okerrak, eta gizon horiek nola iritsi ziren huskeria batengatik haren semea hiltzera. Berriz ere, duintasunez eta gizatasunez beteriko lekukotasuna da.

Bertze aldean, Romain Bouvierren amaren lekukotasuna dago. Hasteko, ñabardura bat egin behar da: ama hori abokatu penalista da, krimen auzitegi baten eta epaiketa baten funtzionamendua ezagutzen du, eta bat-batean bere semeak bizi osoko espetxealdia jasotzeko arriskua duen auzi batean lekukotasuna ematen aurkitzen du bere burua. Noski saiatuko dela salbatzen. Noski gezurra errateko eskubidea duela. Horregatik ez zaie gurasoei zin eginarazten.

Uler daiteke egoera oso zaila izan dela harentzat eta hitz egitean trakets aritu izana. Izan ere, oso trakets aritu zen bere adierazpenetan. Erreakzio gehien sortu zuen eta jendea markatu zuen esaldia hau izan zen, bere semea Gud-en ibili izana justifikatzeko erran zuenean: «Baina nork ez du ezagutzen bere inguruan Gud-eko kiderik?».

Assaseko ikasleez ari zela erran zuen hori, berak ere han ikasi baitzuen zuzenbidea; Romain Bouvierren adopziozko aita ere Gud-eko kide nabarmena izan zen urte batzuk lehenago… Ekosistema moduko baten erakusgarri da, unibertso ttipi batena, zeinean jendea ez den ohartzen –berriz ere, izan zezakeen estresa eta egin zitzakeen hutsegiteak kontuan hartuz– ez dutela kanpoko mundua ikusten.

Halakoak erratera iristen dira, eta ez zaizkie harrigarriak iruditzen. Aretoko jendea zur eta lur gelditu zen une batez. Romain Bouvierrek eta Loik Le Priolek, nortasunari buruzko galdeketan, Gud-i buruz zera erran zuten: «Bai, baina badakizue, gaur egun ministro diren jende anitz pasatu da Gud-etik». Baliteke egia izatea, baina, hala ere, gauza batzuk justifikatzen ari dira, horiek zein problematikoak diren ikusi gabe.

Eskuin muturraren auziak eragin berezirik izan al du epaiketa kontatu eta ulertzeko maneran? Zer iritzi duzu hiru aste hauetako hedabideen trataeraz eta oihartzun politikoaz?

Eskuin muturraren auzia ez da zentrala izan, epaitzen ari zen krimena ez baitzen arrazista. Baina, noski, eragina izan du, eskuin muturreko militanteek egindako bortizkeria baita, eskuin muturra boteretik hurbil dagoen hauteskunde urte batean. Ziurrenik Clement Meric-en kasutik [2013an Parisen skinhead talde batek hil zuen militante antifaxista] eskuin muturrak norbait hil duen lehen auzia izan da. Horrek oihartzun mediatikoa eman dio, eta, nire ustez, baita gizartean ere, nolabait, datozen hilabeteetan gerta daitekeenaren proiekzio bat dagoelako.

Oihartzun politikoari buruz, zer erran? Auziaren hastapenetik gertatu denaren ildo berean doa. Hau da, Paris erdian gertaturiko hilketa bat, eskuin mutur erradikaleko bi militantek eginikoa, ezagunak, lehenagotik kondenatuak eta kontrol judiziala urratzen ari zirenak; eta, hala ere, klase politikoa, oro har, oso isilik egon da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)