Palestina eta Euskal Herria, elkartasunetik elkarlanera
Gara, , 28-09-2026Palestinaren eta Euskal Herriaren arteko elkartasun loturak aspaldikoak badira ere, Palestinako herria jasaten ari den genozidioaren testuinguruan, lotura horiek estutzeko ahaleginak areagotzen ari dira azken urteotan: futbol selekzioen arteko iazko partida, sarraskia salatzeko askotariko ekimenak… GARAn azaltzen denez, bide horretan sakontzeko asmoz, Euskal Herrian beste hiru ekimen abiatu berri dira: dantza palestinar tradizionalean oinarritzen den Dabke dantza taldea eratu dute, Palestina Gara elkartea sortu dute eta haurren arteko elkartasuna bultzatzea asmo duen “Ibaitik itsasora” liburua euskaratu dute.
Palestinako herritarrak sistematikoki hiltzeko baldintza haiek hilgarri egitea da, hau da, gizatasuna ukatzea. Erregimen sionistak, hain zuzen, hori egin du behin eta berriz, gizakiak baino barbaroak direla esanez, eta zibilizazioaren aurrerabiderako barbaro palestinarrak hiltzea, zilegi ez ezik, beharrezkoa ere badela argudiatuz. Horren aurrean, bakoitzak bere bidetik ekinez bada ere, aipatu ekimen horien lehen helburua palestinarrak humanizatzea da. Liburuaren bidez, Palestinako sukalde, historia edota kulturara hurbiltzen dute euskal irakurlea; dantzaren eskutik, kultura hori bera haragiztatu eta zuzenean ikusteko aukera eskaintzen dute; Palestina Gara elkarteak, azkenik, Euskal Herrian bizi diren 150 errefuxiatu palestinarrei bizitza duinerako kondizioak errazten dizkie, zubi lanak eginez. Horrela, ahal duten neurrian, «bizitza normal bat» eraikitzeko aukerak ematen dizkiete; hau da, eskubide ororen jabe, gizatasunez bizitzeko aukerak.
Ekimen horien bultzatzaileek estatu askoren trabak jasan badituzte ere, Euskal Herrian «egiazko elkartasuna» sentitu omen dute: «Jendea oso erne dago, babestu eta animatu egiten zaituzte». Horren balioa aitortuta, ez dago bertan goxo geratzerik, ezta intentsitatea apaltzerik ere. Elkartasunetik elkarren arteko ezagutzara eta lanera, ezinbestekoa da halako ekimenak indartzea, bai eta horiei beharrezkoa den bultzada instituzionala ematea ere. Bestela esanda, NBEn ikusi berri den irudian sakondu behar da: Netanyahu bakartu behar da eta Palestinako kausa unibertsalaren bueltan herriak elkartu.
(Puede haber caducado)