Federico Arambururen hiltzaileei 26 eta 19 urteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete

Parisko Krimen Auzitegiak 26 urteko espetxe zigorra ezarri dio Le Prioli hilketagatik; eta 19 urtekoa Bouvierri hilketa saiakeragatik. Epaileek zirkunstantzia politiko edo arrazistarik atxiki ez arren, Le Priol eta Bouvierren eskuin muturreko ideologia agerian gelditu da.

Gara, , 27-09-2026

«Pixka bat hunkituta nago; lau urte baino gehiago daramatzat une honen zain», adierazi zuen Shawn Hegartyk, Arambururen erailketaren lekuko izan zenak, 2022ko gau tragikoaren kontakizunari zegokion auzi saioan. Bada, lau urteko itxaronaldiaren eta hiru urteko ikerketaren ondotik, iritsi da Arambururen hilketaren aferaren epaia: Le Priol eta Bouvier, hurrenez hurren, 26 eta 19 urteko espetxe zigorra betetzera kondenatu dituzte; lehena hilketagatik eta bigarrena hilketa saiakeragatik.

Bestalde, frogak ezkutatu eta deuseztatzeagatik, hiru urteko espetxe zigorra ezarri diete Le Priolen orduko bikotekide Lyson Rochemirri eta Anthony Sorrentinori, eskuin muturreko militanteen lagunari.

2022ko martxoaren 18tik 19rako gauean hil zuten Federico Martin Aramburu kirolari ohia, Parisen. Hegarty lagun, bazkide eta taldekide ohiarekin zegoen Aramburu, Frantziako hiriburuko Le Mabillon ostatuan tragoak hartzen. Loik Le Priolekin eta Romain Bouvierrekin liskarra izan zuten Aramburuk eta Hegartyk; azkenerako, ostatuko zerbitzari eta segurtasun langileek bereizi behar izan zituzten lau gizonak. Bi errugbilari ohiak handik lekutu ondotik, mendeku bila atera ziren Le Priol eta Bouvier; lehena, oinez; eta bigarrena, Lyson Rochemirrek gidaturiko jeep batean.

Bouvier izan zen Aramburu eta Hegarty atzeman zituen lehena eta tiroz zauritu zuen gau hartan bizia galduko zuena. Handik segundo batzuetara, Le Priolek pistola atera eta sei tirorekin errematatu zuen Aramburu. Hegartyk honela gogoratu zuen momentu hura epaiketan: «Besoetan hartu nuen, itotzen ari zela ikusi nuen, odola ateratzen zitzaion ahotik. ‘Deitu poliziari, hilko naiz’, erran zidan». Segurtasun kamerek jaso zituzten nola ostatuko liskarreko irudiak hala ondorengo enkontru hilgarrikoak.

ESKUIN MUTURREKO MILITANTE BORTITZAK
Epaileek zirkunstantzia politiko edo arrazistarik atxiki ez arren, Le Priolen eta Bouvierren eskuin muturreko ideologia agerian gelditu zen inkestan zein epaiketan. Haren semea «gorrotoak» hil zuela ohartarazi zuen Cecilia Aramburuk. Ez da gutxiagorako, Gud eskuin muturreko miliziako kideak izandakoak baitira Le Priol eta Bouvier. Biek ala biek aurrekari penalak zituzten haien erakundeko kide bat torturatzeagatik. Bada, Cecilia Aramburuk Frantziako agintarien erantzukizuna seinalatu zuen, bi susmagarriak bortizkeria larriagotuko delituengatik kontrol judizialpean baitzeuden. «Ulertzen dut hau Federicori buruz hitz egiteko tokia dela, baina biziki zaila da ez ozen erratea krimen horrek ez zuela gertatu behar, saihestu zitekeela». Le Priolek eta Bouvierrek ezin zuten elkarrekin egon, eta are gutxiago armarik eraman.

Zenbait urte lehenago, Frantziako Armadatik kanporatu zuten Le Priol, Djiboutin prostituta bat jipoitu zuelakoan. Armadan gazterik hasirik, armak eramateko ohitura zuela azaldu zuen epaiketan; eta, «bere burua arriskuan ikusirik, erreflexu militarrengatik» egin ziola tiro Arambururi. Bouvierri dagokionez, besteak beste, Hitlerren estatua bat eta agintari naziaren “Mein Kampf” liburuaren ale bat atzeman zuen Frantziako Poliziak bere etxean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)