30 lagunetik gora etxerik gabe geratu dira Donostiako Herreran, kaleratze agindua jasota

Donostiako Herrera auzoko Jolastokietako pabiloietatik 30 pertsonatik gora etxegabetu dituzte. Harrera Sareak azaldu duenez, beraiek abisatu behar izan diete eta Polizia eta komitiba judiziala agertu baino lehen beren kabuz atera dira. Urtarrilean beste horrenbeste lagun kanporatu zituzten.

Gara, Naiz, 24-09-2026

30 lagunetik gora etxerik gabe geratu dira ostegun honetan Donostiako Herrera auzoan, Jolastokieta kaleko 4.ean, kaleratze agindu bat tarteko. Jolastokietako Zardoya Otiseko pabiloietan bizi ziren 18 eta 30 urte arteko 30 lagun inguru eta 9.30erako zen joatekoa komitiba judiziala; hala ere, Donostiako Harrera Sareak jakitera eman duenez, beren kabuz atera dira ordu horretarako.

Harrera Sareak azaldu duenez, atzo jaso zuten kaleratze agindua eta elkarte honek berak abisatu behar izan die bertan bizi ziren pertsonei kanporatu egingo zituztela, etxebizitza alternatibarik eskaini gabe. Harrera Sareko kide den Aiala Juanikorenak NAIZi aditzera eman dio asteazken eguerdian, bertan bizi zirenak sarearekin jarri zirela harremanetan kaleratze agindua jaso zutenean. «Haiengana joan ginen, lasaitu eta dena azaltzeko asmoz, eta esan genien momentu horretan hoberena mugitzen eta irteten hastea zela, ez genekielako zein indar polizial bidaliko zuten. Bolondresak izan ginen bertara gerturatu, kontaketa egin eta zer behar duten galdetzeaz arduratu ginenak», kontatu du.

Arratsaldean zehar Harrera Sareko kideak autoekin laguntzera joan zirela aipatu du Juanikorenak: «Haien jabetzak autoetan sartu eta gordetzen lagundu genien, batzuk gure etxeetara eramanez eta beste batzuek inguruko pabiloietan edota prest zituzten txabola batzuetan gorde nahi izan zituzten». Gainera, kanpin dendak ere eraman zizkietela kontatu du, ahal zuten heinean tokia uzten hasteko beste baliabide batzuk izan bitartean.

Bi identifikatu asteazkenean

Sareko kideak aipatu duenez arratsaldean bolondresak laguntzen ari zirela Udaltzaingoak horietako bi identifikatu zituen eta haien asmoen berri galdetu zien.

Ostegun goiz honetan Harrera Sareko kideak bertara joan dira, 6.00etan, Polizia iritsi baino lehen irteten laguntzera. «Joan garenerako atzo kontatutako 30 pertsonetatik 15 zeuden eta gurekin atera dira. 7.00etarako dena hutsik zegoen», azaldu du. Bestalde, azpimarratu du «goizean kaleratutako kideetako batzuk zuzenean lanera edota ikastera» joan direla.

Bertan bizi ziren kide batzuk lanerako bizikleta eta motxilekin (Harrera Sarea)
Bertan bizi ziren pertsona batzuk lanerako bizikleta eta motxilekin. (Harrera Sarea)
Jarraian, Udaltzaingoa eta Ertzaintza iritsi da. Lakuako Segurtasun Sailak baieztatu du ertzainak joan direnean dagoeneko pabiloia hutsik zegoela eta zigilatu egin dutela.

Sareak jakinarazi du, halaber, administrazio erregulazio prozesuan dauden pertsonak direla bertan bizi zirenak, ikasten edo lanean ari direnak lana lortu eta bizitza proiektu autonomo bat eraiki ahal izateko. «Aukera bat bilatzen duten bitartean, Donostiak gero eta zailago jartzen die hirian bizi ahal izatea» deitoratu du Harrera Sareak.

Juanikorenak esan duenez, gaur gaurkoz kaleratutako kideek ez dute plazarik aterpetxeren batean lo egiteko, eta Donostiako Udala ez da haiekin harremanetan jarri.

Etxegabetu dituzten 30 pertsona horiek kalera doazela aurreikusita, kanpin dendak, mantak, lo zakuak eta ekarpen ekonomikoak eskatu ditu Donostiako Harrera Sareak.

Urtarrilean beste pabiloi bat hutsarazi zuten Herreran, 4. pabiloia, hain zuzen ere, eta kale gorrian geratu ziren bertan aterpe hartzen ari ziren 20-30 bat pertsona. Haietako 7 hartu zituzten La Sirenako aterpetxean. Ostean, maiatzean, Jon Insausti Donostiako alkateak adierazi zuen Udalak «beharrezko baliabide guztiak» jarriko zituela etxegabetzea «berehalakoa» izan zedin.

Egiako erasoaz

Alkateak Egian pertsona migratzaile bat tirokatu izanaren inguruan egindako adierazpenei ere erantzun die Harrera Sareak. Hala, datu pribatuak zabaldu izana leporatu dio eta zehaztu du datuok ez direla «guztiz zuzenak».

Halaber, argitu du Udalak ez diola biktimari erasoa pairatu izanagatik arreta edo zaintza zehatzik eskaini eta ez dela berarekin harremanetan jarri: «Eskaini zaizkion baliabide urriak ez dira izan Udalak erasoaren aurrean emandako erantzuna. Harrera Sareak egindako eskaeren ondorioz eskaini zaizkion baliabideak, edo bide arruntetatik zegozkiolako eta bere txande iritsi zelako eskaini zaizkion baliabideak izan dira». Era berean, azpimarratu du erasoa pairatu zuen pertsona «muturreko zaurgarritasun egoeran» dagoela.

Gainera, deitoratu du Udalak ez dituela martxan jarri gertakari arrazisten aurrean jarduteko bere protokoloak ezartzen dituen neurriak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)