Negu gorriak eta akademizidioa

Gara, Aitziber Pz. KARKAMO, 24-09-2026

Iruñetik Ceutara joandako Negu Gorriak plataformaren bisitaren harira jazotakoak begi bistan utzi du gorroto diskurtsoek aspaldi utzi ziotela diskurtso huts izateari. Irailarekin bat, eskolara itzultzeari buruzko mezuek bereganatu dituzte lerroburuak. Ceutako ikastetxe eta eskolen ondoan etorkinen kanpalekuak kokatu izanak bertako haur eta gazteentzako eragiten duen arriskuaz aritu dira hainbat komunikabide eta horren ondorio da azken egunotako erasoen gorakada.

Udako hutsune informatiboa betetzera etorritako albisteak ezin digu ahantzarazi aspaldidanik eskolara itzultzea ezinezkoa den beste leku bat. Gazako genozidioan, ospitaleekin batera, hezkuntza eta akademia eraikinak izan dira Armada israeldarraren helburu militar. Horren xede politikoa argia da. Israelek nahita akabatu nahi izan ditu intelektualak, artistak, irakasleak eta hezkuntza-egiturak, ezagutzaren transmisioa geldiarazteko eta memoria kulturala ezabatzeko asmoz. Horrela, Gazako 650.000 haurrek ez dute eskolara joateko aukerarik. Horrek ere badu izena: akademizidioa.

Ceutara igerian iritsitako milaka lagunen artean badira, marokoarrarekin batera, beste nazionalitate batzuetako kideak ere, tartean Gazatik iritsitako zenbait familia. Haientzat, Ceutako egoerak hobera egiten badu ere, negua beti izanen da gorria.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)