«Euskara faxismo orori aurre egiteko tresna izan dadila» aldarrikatuko du EHEk Durangon
Abenduaren 5erako deitu duen manifestazio nazionalean, Euskal Herrian Euskarazek euskararen alde beteko ditu Durangoko kaleak. «Antigorputz sendoak ditugu, baina ez gaude salbu. Hortaz, gure aldarria argia da: euskara faxismo orori aurre egiteko tresna izan dadila, euskara hizkuntza antifaxista!».
Gara, , 23-09-2026Munduan barna eskuina hedatzen ari den garaiotan, inoiz baino garrantzitsuagoa da Euskal Herrian Euskarazentzat olatu erreakzionarioaren aurka eta justizia sozialaren alde kaleak hartzea eta herri mugimenduko eragileen arteko aliantzak sendotzea, nola ez, euskaraz.
Bide horretan, abenduaren 5erako deitu duen manifestazio nazionalean, beste behin euskararen alde beteko ditu Durangoko kaleak, oraingoan hizkuntza antifaxista gisa aldarrikatuz. Izan ere, «hurbilago eta harroago sumatzen ditugu eskuin muturra nahiz faxismoa –bai instituzioetan, baita kalean ere–, eta ohiko aurkako indarrak gero eta bortitzago ari dira bilakatzen», agertu dute eragilearen ordezkariek asteazken honetan Durangon emandako prentsaurrekoan.
«Autoritarismoan, militarismoan, errepresioan eta kolektibo gutxiagotuen zapalkuntzan sakontzea dute horiek helburu, herritarron eskubide sozialak urratuz eta murriztuz. Hala, fobia oro elikatzen dihardute, eta euskara ere jopuntuan dago. Gero eta ugariagoak dira euskaldunon aurkako erasoak, sententzia judizialak, epaiketak edota diskurtso euskarafoboak».
«Euskal Herri antifaxista euskaraz izango da edo ez da izango. Izan ere, ez dugu euskararik gabeko Euskal Herririk ulertzen, ezta nahi ere; euskarak egiten gaitu herri eta herririk ezean, ez dago herri antifaxistarik ere. Euskal Herritik faxismoari aurre egingo badiogu euskaraz egingo diogu», azpimarratu dute.
Independentziaren beharra
Badakite euskara edo euskalduntasuna ez dela, bere horretan, eskuin muturreko ideien edo diskurtsoen antidotoa. «Antigorputz sendoak ditugu, baina ez gaude salbu. Hortaz, gure aldarria argia da: euskara faxismo orori aurre egiteko tresna izan dadila, euskara hizkuntza antifaxista!».
Eskuin muturraren indartzeak egoera larritu badu ere, euskaldunon zapalkuntza ez da ezer berria, «frantziar eta espainiar estatu kolonial eta inperialisten menpeko, euskararen bazterketa betikotuta dago». Horregatik diote independentzia behar dugula, «behingoz, bi estatu arrotz horiengandik askatu eta zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri euskalduna eraikitzeko».
Aldarri horiek ozen aterako dituzte kalera abenduaren 5ean, larunbatarekin, 13.30ean, Durangoko Landako Gunetik hasita. «Faxismoaren aurrean, guk Euskararen Errepublika!».
(Puede haber caducado)