Trumpek ohartarazi du Iran «suntsitu» egingo duela akordiorik egin ezean
Berria, , 22-09-2026AEB Ameriketako Estatu Batuetako agintaldi erdiko bozak egiteko sei aste falta diren honetan —Ordezkarien Ganbera osoa eta Senatuaren herena berritzen dituzte—, mitin baten traza zeukan hizketaldi bat eman du Donald Trump AEBetako presidenteak gaur, New Yorken, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren eztabaida orokorrean. Besteak beste, bere
lorpenak
zerrendatu ditu —nabarmendu du zortzi gerra «amaitu» dituela—, Iran «suntsitzeko» mehatxua egin du, baita Kubako erregimen politikoa eraistekoa ere: «Ez dugu onartuko atzerritik datozen arerioentzako babesleku den herrialde batek AEBak mehatxatzea».
Antonio Guterres idazkari nagusiak hasi du eztabaida, eta, jarraian, tradizioari jarraikiz, Brasilgo presidenteak hartu du hitza. Ondoren iritsi da anfitrioiaren txanda, AEBetako presidentearena, eta ordu erdi inguruan aritu da hizketan. Bereziki zorroztu ditu letaginak Etxe Zuriko maizterrak Iranen gainean hitz egiteko orduan. Besteak beste, adierazi du argi daukala Teheranen estrategia zera dela: agintaldi erdiko bozetako emaitzak ikusi arte itxarotea, Trumpen boterea murriztuko delakoan. AEBetako presidenteak, ordea, adierazi du Teheranen egoera «oso txarra» dela, haren «gaitasun operatiboa ia agortuta» dagoelakoan, eta ekonomia ere «suntsituta» duelakoan, eta nabarmendu du Iranekin akordio bat egingo duela, «errepublika islamiarra berreraikitzeko eta herrialdea hobetzeko». Mehatxu egin die ondoren, beste behin: «Akordiorik egin ezean suntsitu egingo ditut. Infernura bidaliko ditut bizirik irauteko aukerarik eta inolako itxaropenik gabe». Irango ordezkari bakarra zegoen aretoan Trumpen hitzaldia entzuten.
Horrekin lotuta, kritika egin die beste hainbat herrialderi. Adierazi du beste batzuek «bakearen gainean» hitz egiten duten bitartean berak «errealitate» bihurtu duela. Besteek «mehatxuen aurrean entzungor» egin duten bitartean berak «aurre» egin diela. Eta besteak «ausardiaz» hizketan aritzen diren bitartean berak ausardia «erakutsi» egin duela. «AEBek jada ez dute onartuko herrialdearen aurkako mehatxurik. Behar izanez gero, gure indar militar berdingabea erabiliko dugu AEBen interes nazionalak babesteko», gaineratu du.
Hala, Kuban iltzatu du begirada AEBetako presidenteak. Esan du AEBek Kubaren egoera aldarazi nahi dutela, herrialdea «erregimen komunistaren presiopean» dagoelako. «Huts egin duen estatu bat da Kuba. Inoiz ez bezala egin du porrot, eta erori egingo da», egin du mehatxu. Gainera, azpimarratu du Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria Kubako agintariekin negoziatzen ari dela —Miguel Diaz – Canel Kubako presidenteak hainbatetan salatu izan ditu AEBen blokeoa eta «agresibitatea»—. Kubako ordezkariek aretotik alde egin dute Trump herrialdea mehatxatzen hasi denean.
Migranteen aurka ere egin du Trumpek, eta bere migrazio politikak goraipatu ditu. Salatu du bera agintera iritsi aurretik «munduko muga arriskutsuena» zela AEBetakoa, «arazo gehien zeuzkana», eta gaur egun, berriz, AEBek inoiz izan duten «mugarik seguruena» dela aldarrikatu du: «Inor ez da sartzen horretarako baimena izan ezean. Azken hamasei hilabeteetan ez da legez kanpoko etorkinik onartu AEBetan, eta emaitza argigarria da: indarkeriarekin lotutako delituek inoiz izandako beherakadarik handiena izan zuten iaz».
NBEren Batzar Nagusiaren eztabaida orokorra datorren astelehenera arte luzatuko da, eta 130 estatuburu eta gobernuburu inguruk hitz egingo dute han. Egoera globala zein den aintzat hartuta, Ekialde Hurbileko egoeraz mintzatzekoak dira, Ukrainako gerraz, adimen artifizialaz, eta, besteak beste, erakundearen beraren finantzaketa krisiaz.
Trumpez gain, gaur arratsaldean Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea ere mintzatu da, eta Emmanuel Macron Frantziakoak ere egingo du mintzaldia, esaterako. Gauean eta bihar goizaldean —arratsaldea New Yorken— helduko da Sanae Takaichi Japoniako lehen ministroaren eta Andy Burnham Erresuma Batuko gobernuburuaren txanda. Ondorengo egunetako hizlarien zerrenda behin – behinekoa da, baina bihar mintzatzekoak dira Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea eta Masud Pezexkian Irangoa. Ostegunean hitza hartzekoa da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, eta larunbatean Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa.
Groenlandiako ituna, sinatuta
Mintzaldiek ez ezik, eztabaida orokorraren bueltan liderrek egiten dituzten aldebiko bilerek pizten dute ikusmina NBEren Batzar Nagusiaren eztabaida orokorrean.
«Segurtasuna bermatzeko» akordio baten berri eman zuten asteburuan AEBek, Groenlandiak eta Danimarkak. Bada, gaur egin dute aliantza horren sinadura ekitaldia, New Yorken bertan, eta bertan izan dira Trump bera, Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksen eta Groenlandiako lehen ministro Jens – Frederik Nielsen.
Trump, Frederiksen eta Nielsen gaur, New Yorken, aliantza sinatzen. MADS CLAUS RASMUSSEN / EFE
AEBetako presidentearen hitzetan, aliantzak Groenlandiaren «segurtasunaren eta beste behar batzuen gaineko kontrola» emango die AEBei, eta nabarmendu du «oso albiste ona» dela AEBentzat, Europarentzat eta Groenlandiarentzat berarentzat. «Zuen segurtasuna gurea da, eta gure segurtasuna zuena», erantzun dio Frederiksenek. Danimarkaren eta Groenlandiaren arabera, itunak haien «marra gorri guztiak» errespetatzen ditu. Horren harira, Reuters berri agentziak kaleratu du, iturri ofizialak aipatuta, han bi base irekitzekoak direla AEBak. Eta Trumpek berak berretsi du beranduago, hitzaldian. Horietako bat, Gerra Hotzean (1945 – 1991) erabilitako bat, berrezarri egingo dute; beste bat, ordea, eraiki. Gerra Hotzean hamazazpi base eduki zituzten AEBek han; 10.000 soldadu inguru. Gaur egun base bakarra dute, eta 150 militar inguru daude han.
Orain, Danimarkako Parlamentuak berretsi beharko du akordioa. Eta azken urrats hori egiten badu, AEBek askatasuna izango dute uhartean base militar gehiago eraikitzeko Groenlandiaren eta Danimarkaren onespenaren beharrik gabe.
Hala ere, akordioa sinatu duten arren, oraingoz ez dute xehetasunik eman. Kopenhageren esanetan, Artikoaren segurtasuna ez da egongo ez Danimarkaren eta ez AEBen esku. «NATO arduratuko litzateke horretaz», esan zuen Lars Lokke Rasmussen Danimarkako Atzerri ministroak igandean, elkarrizketa batean.
Bestalde, AEBetako presidentea Zelenskirekin ere biltzekoa da gaur; baita
Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidentearekin ere
, Euskal Herriko biharko goizaldean. 2015az geroztik ez dira batzartu AEBetako eta Venezuelako presidenteak. Orduan, Panaman, Ameriketako Goi Bileran, Barack Obama eta Nicolas Maduro batzartu ziren. Hain zuzen, Maduro New Yorken espetxeratuta dago behin – behinean, AEBek urte hasieran bahitu zutenetik.
Guterresen azken mintzaldia
Konfiantza berrezartzea, eraldaketa kudeatzea: denekin konplitzen duen Nazio Batuen Erakunde bat.
Hori da aurtengo leloa. Erakundeak, gainera, zenbait auziri buruzko bilerak programatu ditu, eta adituek, estatuburuek eta gobernuburuek parte hartuko dute horietan: klima larrialdiaz, itsas mailaren gorakadaz, pandemiez eta, besteak beste, arma nuklearrak deuseztatzeaz.
Guterresen azkeneko eztabaida orokorra izango da. Abenduan bukatuko du bere bigarren agintaldia, eta, hamar urteren ondoren, kargua utziko du —ez dago agintaldi mugarik, baina, tradizioz, idazkari nagusiek bi egiten dituzte gehienez—.
Zazpi dira hura ordezkatzeko hautagaiak
: Rafael Grossi, Maria Fernanda Espinosa, Rebeca Grynspan, Macky Sall, Carolyne Rodrigues Birkett, Ivonne Baki eta Olara Otunnu. Michelle Bachelet ere hautagaia zen, baina lehia utzi zuen joan den larunbatean, NBEren Segurtasun Kontseiluko estatu bakarraren babesa jaso zuelako.
(Puede haber caducado)