Ceutara laguntza bidaltzen jarraitzeko asmoa duela jakinarazi du Negu Gorriak plataformak

Berria, Julen Urrestarazu - Aitor Garmendia Etxeberria - Kepa Ugarte, 21-09-2026

«Ez gaituzte isilduko eta ez digute atzera eginaraziko». Hitz horiekin erantzun die Negu Gorriak plataformak jasotako eraso eta heriotz mehatxuei. Plataformako kide batzuk atzo iritsi ziren Ceutara (Espainia), han diren migratzaileei laguntza emateko asmoz; baina dozenaka herritarrek elkarretaratzea egin zuten plataformako kideen aurka, «erradikalak» eta «ETAzaleak» izatea leporatuz: besteak beste, auto bat txikitu zuten, barruan zeudenak Negu Gorriak – ekoak zirelakoan. Nolanahi ere, plataformak ez du asmorik etorkinei laguntza emateari uzteko. Are, jakinarazi dute datozen asteetan «brigadista» gehiago bidaltzeko asmoa dutela.

Negu Gorriak plataformak gaur eman du gertatutakoaren balorazioa egiteko prentsaurrekoa. Nerea Fillaten eta Teresa del Romero taldeko kideek zaldu duenez, Mugen Aurkako Europako Agentziako kide da Iruñeko plataforma solidarioa; Ceutan tokian bertan lan egiten duten erakundeekin harremanetan dago Europa mailako talde hori. «Gure ideia zen egiten ari diren lanarekin eta haien eskaerekin bat egitea: elkartasuna helaraztea Ceutan hondoa jota geratu diren pertsonei, eta gorpua jartzea aberriratu ez ditzaten», azpimarratu dute.

Erasoak eraso, ziurtatu dute Ceutaraino eramandako laguntza gaiak helmugara iritsi direla: «Gure lankideek Iruñean bildutako material elektronikoa eta Madrilen jasotako gaiak —material medikoa, mantak, esterak, kanpadendak eta arropa— iritsi dira. Eta, une honetan, logistika eta inbentario lanak egiten ari dira», esplikatu dute.

Plataformako kideek gehitu duenez, ez dute esango hango kideak zehazki non dauden, «segurtasunagatik». Izan ere, baieztatu dute heriotza mehatxuak jaso dituztela: «ETAko kideak izatea leporatzen ari zaizkie publikoki eta haien informazio pertsonala sare sozialetako talde faxistetan zabaltzen ari dira: argazkiak, datu pertsonalak, eta autoaren matrikula ere bai».

«Ekimena publiko egin genuen, uste dugulako elkartasuna dagoenean eta publikoa denean, horrek elkartasun gehiago sor dezakeela. Hori da arrazakeriarekin amaitzeko eta hedatzen ari den faxismoari aurre egiteko modu bakarra», azpimarratu dute.

Aitortu dutenez, Negu Gorriak plataformaren kontrako elkarretaratzeen berri izan zutenean, «deigarria» gertatu zitzaien, baina ez zuten espero bildutakoek «horrenbesterainoko indarkeria» erabiltzea.

«Hala ere, Ceutan dagoen egoerarekiko elkartasun kanpaina ez da amaitu», azpimarratu dute. «Aitzitik, hasi besterik ez da egin. Ez bakarrik Negu Gorriak – en aldetik, baizik eta tokian bertan lanean ari diren beste elkarte eta talde mordo baten aldetik ere bai», esan dute.

Gaitzespenak

Ostiralean, Negu Gorriak – ek jakinarazi zuen

Ceutara joango zela migratzaileei laguntza ematera. Atzo iritsi ziren portura, baina hainbat herritar zain zituzten han: 18:45ean elkartu ziren Ceutako portuko ibilgailuen irteeran, elkarteko kideek iritsi behar zuten lekuan. 20:15ak pasatuta, berrehun manifestari inguruk ibilgailu bat geldiarazi zuten, astindu egin zuten, autoaren aurreko eta atzeko kristalak hautsi zituzten, eta arrautzak bota zituzten.

Hori dela eta, Polizia bertaratu zen, eta manifestariek Poliziarekin izan zuten liskarra. Istiluak geldiarazteko, poliziek tiro egin zuten airera. Julia Ferreras Ceuta Ya alderdi politikoko diputatua, Sofia Canovas NBE Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen aldeko abokatua, eta Rafael Borrego Flotillako aktibista zeuden manifestariek astindu zuten autoan.

Hala azaldu du Borregok: «Gizon batek esan du ni ETAzalea naizela, eta denak gainera etorri zaizkit. Ahal izan dudan bezala joan naiz iskanbilatik, baina igotzen ari nintzen autoa liskarraren ondoan zegoen».

Ferrerasek salaketa jarri zuen polizia etxean, Mohamed Mustafa alderdiko buruak jakinarazi duenez. «Inork ezin du inolako indarkeria ekintzarik justifikatu; ez migratzaileen aurka, ez aktibisten aurka, ez Ceutako herritarren aurka», adierazi du.

Eraso egin zioten autoa, Poliziaren eta manifestarien artean, atzeko kristala hautsita. ROBERTO RUIZ OLIVA / EFE

Ceutako Gobernuak ere gaitzetsi du gertatutakoa. Indarkeria ezin dela «onartu» esan du gaur kaleratutako ohar batean. Halere, gaineratu du «ulertzen» duela hiri autonomoko biztanleen «nekea, kezka eta frustrazioa». PP Alderdi Popularra dago agintean Ceutan, eta azken migrazio krisia erabiltzen ari da Espainiako Gobernuari presio egiteko.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere hitz egin du atzoko gertaeraren inguruan. Haren hitzetan, «ezin da epelkeriaz jokatu gorrotoaren normalizazioaren aurrean». Gainera, sare sozialetan goraipatu egin du Ceutan jarduten duten GKE gobernuz kanpoko erakunde guztien lana.

Bitartean, Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak baztertu egin du PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik aurkeztutako adierazpen instituzionala, migratzaileen aurkako indarkeria eta arrazakeria ekintzak gaitzesteko eta Ceutako egoeraren aurrean lan egiten duten gizarte erakundeei elkartasuna adierazteko. Contigo – Zurekin taldeak ekimenaren alde bozkatu du, UPN abstenitu egin da eta PPNk eta Talde Mistoak kontrako botoa eman dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)