BDZk Dana Blankstein Cohen Zinemalditik kanporatzeko eskatu du eta manifestazioa deitu du
Antolakundeak Dana Blankstein Cohen Donostiako Zinemaldiko 74. edizioko epaimahaikide izendatu izana salatu du, eta berehala kanporatzeko eskatu du. Gainera, irailaren 26an izango den manifestazioan parte hartzeko deia egin du, «Zinemaldiari koherentzia eskatzeko».
Gara, , 17-09-2026BDZ Euskal Herriak Dana Blankstein Cohen, Jerusalemgo Sam Spiegel Zinema Eskolako zuzendaria, Donostiako Zinemaldiko 74. edizioko epaimahaikide izendatu izana salatu du, eta berehala kanporatzeko eskatu du. Halaber, herritarrei irailaren 26an, 18.00etan Saguesetik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin die, «Zinemaldiari koherentzia eskatzeko eta genozidioaren konplize diren erakundeei plataforma ez emateko».
Ohar batean azaldu duenez, «Sam Spiegel Zinema Eskola erakunde kultural konplizea da. 1989an sortu zuten Israelgo Hezkuntza eta Kultura Ministerioak eta Jerusalem Fundazioak, eta Israelgo gobernu genozida eta eskuin-muturrekoaren finantzaketa zuzena jasotzen du, zehazki Israelgo Kultura Ministerioaren, Jerusalemgo Udalaren eta Israelgo Loteria Nazionalaren partetik».
«Eskolak Jerusalem Fundazioarekin lankidetzan jarraitzen du; fundazio hori konplize da Israelgo okupazio ilegalean eta palestinarren garbiketa etnikoan Ekialdeko Jerusalemen. Halaber, Jerusalemgo Garapen Agintaritzarekin (JDA) du harremana, eta erakunde horrek funtsezko eginkizuna du Israelen kokaleku ilegalen hedapenean, nazioarteko zuzenbidearen arabera gerra-krimena dena», gaineratu du.
Nabarmendu duenez, Israelen aurkako Boikot Akademiko eta Kulturalerako Palestinar Kanpainaren arabera, «Israelgo erakunde kulturalak, kontrakoa frogatu ezean, konplize dira Israelgo okupazioa eta palestinarren oinarrizko eskubideen ukapena mantentzean. Erakunde horiek, haien produktu guztiak eta babesten edo laguntzen dituzten jarduera guztiak boikotatu egin behar dira».
Gainera, BDZ Euskal Herriaren esanetan, «Blankstein Cohenen zuzendaritzapean, eskolak are gehiago sakondu du bere konplizitatea». «‘Bizikidetza’ eta ‘ikasle israeldar eta palestinarren arteko sormen-elkarteen’ diskurtso ez-etikoa sustatzen du; kontakizun horrek Gazako milioika palestinarren aurkako Israelen genozidioa zuritzeko eta Israelen okupazio ilegalaren eta apartheid erregimenaren errealitatea ezkutatzeko balio du».
Horiengatik guztiengatik, BDZ Euskal Herriak Zinemaldiari eskatu dio «Dana Blankstein Cohen epaimahaikide gisa berehala kanporatzeko; Israelen okupazio ilegalaren, apartheidaren edo genozidioaren erregimeneko erakunde konplizeei plataformarik ez emateko; eta programazio eta babesle politika etiko bat hartzeko, giza eskubideen urraketa larriak egiten, sustatzen edo zuritzen dituztenei plataforma ematea saihesteko».
Manifestaziorako deia
BDZ Euskal Herriak herritarrei, gizarte-eragileei eta euskal kulturari dei egin die irailaren 26an, larunbatean izango den manifestazioan parte har dezaten, ‘Zinemaldian Israelen ordezkaririk ez!’ leloarekin.
Manifestazioak Donostiako Zinemaldiari eskatuko dio «genozidioa zuritzen duten erakundeei espaziorik ez emateko eta bere gaitzespen-diskurtsoarekin koherentziaz jokatzeko».
(Puede haber caducado)