Trumpen migrazio politikari eragiteko bi erabaki hartu dituzte

Epaile batek blokeatu egin du atzerriko kazetarien eta ikasleen bisa eskaerak zailtzeko arau federal bat. 21 estatuk demanda bat jarri dute bizileku baimen iraunkorra izatea laguntza publikoa jasotzearekin lotzen duen neurriaren kontra.

Berria, Igor Susaeta, 15-09-2026

Donald Trump AEBetako presidentearen migrazio politika hertsia oztopatzeko bi neurri hartu dituzte azken orduan. Batetik, epaile federal batek eskatu dio administrazioari ez dezala ezarri AEBetako presidenteak sinatutako agindu bat, zeinaren bidez gogortu egin baititu ikasle eta kazetari atzerritarrei bisak emateko baldintzak. Eta, bestetik, demokratak agintean dauden 21 estatuk demanda bat jarri dute, eta eskatu bertan behera uzteko Segurtasun Nazionaleko Departamentuaren arau federal bat, argudiatuta migrazio funtzionarioen irizpidekotasuna areagotuko litzatekeela laguntza publikoa behar duten migratzaileei bizileku baimen iraunkorra eman edo ez erabakitzeko orduan.

Massachusetts estatuko F. Dennis Saylor epaileak ebatzi duenez, «guztiz ahula» da ikasleek eta kazetariek AEBetan igaro dezaketen denbora murrizte aldera administrazioak emandako justifikazioa —uztailean aurkeztu zuen proposamena—. F motako (unibertsitateko ikasleak), J motako (truke programetan ari diren ikasleak), eta I motako (atzerriko hedabideetako kazetari atzerritarrak) bisak eskatzen dituztenei eragingo lieke administrazioak «segurtasun nazionalaren izenean» hartutako neurriak.

Irailean zen indarrean sartzekoa, baina, irakasleen elkarte eta sindikatu batzuek osatutako koalizioaren salaketari erantzunez, behin-behinean blokeatu egin du Saylor epaileak. «Arauaren justifikazioa ikusita, zenbait galdera zilegi planteatzen dira: ea arauaren benetako asmoa segurtasun nazionala eta mugak babestea ote den, edo beste helburu batzuk lortzea, hala nola gobernuak instituzio akademikoen gaineko kontrol handiagoa edukitzea», argudiatu du ebazpenean. Haren esanetan, arauaren promulgazioak ez du bete Prozedura Administratiboen Legeak jasotakoa.

Demokrazia, azken mende erdiko egoerarik okerrenean aeb-etan

Demokraziaren mailak behera egin du azkeneko urteotan AEBetan, eta azken mende erdiko egoerarik okerrenean dago. Horren berri eman du gaur Demokraziarako eta Hauteskunde Laguntzarako Nazioarteko Institutuak —Suedian du egoitza—, demokraziaren egoera globalari buruz urtero argitaratzen duen txostenean —1975ean hasi ziren hori egiten—. Horretarako, demokraziaren kalitatea neurtzeko, hainbat aldagai hartzen ditu kontuan: zuzenbide estatua; adierazpen eta prentsa askatasuna; justiziarako sarbidea; eta, besteak beste, independentzia judiziala. Aintzat hartu behar da, gainera, V-Dem Institutuak martxoan argitaratu zuen txostenean adierazi zuela AEBak jada ez direla demokrazia liberal bat, ezin duela estatus hori eduki.

Arau horretan jasotzen denez, F eta J motako bisak dituztenek ezingo dute AEBetan egon lau urte baino gehiagoz, onartuak diren bakoitzean, eta I bisa duten kazetariak 240 egunez egon daitezke gehienez —Txinakoak 90 egunez gehienez—, baina aukera izango dute baimena luzatzeko eskatzeko.

«Aukeratzera» behartuta
Eta horrekin guztiarekin lotuta, aurrerapauso esanguratsu bat eman dute AEBetako 21 estatuk —horien artean daude Colorado, Kalifornia, Massachusetts, Michigan, Nevada eta Mexiko Berria, esaterako—. Izan ere, iruditzen zaie migratzaile askorentzat zailagoa izango dela bizileku baimen iraunkorra lortzea —Green Card delakoa— baldin eta horretarako prozesuan migrazioko funtzionarioei esaten badiete laguntza publikoa jasotzen dutela —elikagaien edo osasun arretaren bidez, esaterako—, edo funtzionario horiek ondorioztatzen badute etorkizunean jaso beharko dutela. Araua ostiralean da indarrean sartzekoa.

New York hiriak ere, gehiengo demokratako beste hiri batzuekin batera, antzeko demanda bat jarri du, eta atzo arratsaldean —gaua Euskal Herrian— hirietako eta estatuetako ordezkariek agerraldi bat egin zuten New Yorken. Hango fiskalburu Letitia James aritu zen bozeramaile, eta azpimarratu zuen administrazioa «beldurraz» baliatzen dela, bai baitaki hori dela eta familia batzuek laguntza horiei uko egingo dietela. Haren esanetan, neurri horren ondorioz, familiek «aukeratu egin beharko dute» laguntza edo bizileku baimena eskatu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)