Frantziar ofentsibaren aitzinean, antolatzeko deia ezkerreko abertzaleei

Eskuin muturra indarra irabazten ari dela eta heldu diren frantziar presidentetzarako bozetan lehen indarra izan daitekeela jakinik, EH Baik gainerako indarrei arduraz jokatzeko galdegin die. Bestalde, alderdi subiranistak ezkerreko proiektu abertzalea indartzeko xedea du; eta, horretarako, kongresua baliatuko du.

Gara, Oier IRIARTE, 16-09-2026

Kezkaz hasi du ikasturtea Euskal Herria Baik (EH Bai), «Euskal Herriaren eta ezkerreko abertzaletasunaren kontrako ofentsiba» bat hel daitekeela nabari baitu. Hori iruditu zaio, bederen, Pirinio Atlantikoetara iritsi berri den Simon Fetet prefetaren lehen hitz eta ekintzak entzunda: mugetako kontrolen areagotzea, Itsasuko horma irudiaren ezabatzea, euskarari aitortza egiten dioten deliberoen aurka egiteko asmoaren iragarpena… Jarrera horiek azaleratuz, EH Baik gutuna igorri zion Feteti, baina ez du erantzunik jaso.

Dena dela, hori ez da ofentsiba elikatu lezakeen elementu bakarra. Izan ere, «eskuin muturraren eta ideia erreakzionarioen» gorakada deitoratu du, eta heldu diren hilabeteetan eskuin muturrak «Frantzia zein Espainiako estatuetako hauteskundeetan irabazteko» arrisku handia ikusten du. Bada, horri buru egiteko, «mobilizazio zabal, herrikoi eta demokratiko» baten bidez, «Euskal Herria, bere identitatea, elkarbizitza eta balio aurrerakoi zein demokratikoak» defendatu nahi ditu. Berriz bozei helduz, 2027ko frantziar presidentetzarako hauteskundeetan ezkerreko indarrei elkarlanean aritzeko eskatu die, baita gainerakoei arduraz jokatzeko ere. «EH Baik bere eskuetan dagoena eginen du Ipar Euskal Herrian eskuin muturra eta bere ideiak ez daitezen nagusitu eta hedatu».

KONGRESUA
Alderdi abertzaleak argi du: «Heldu den ofentsiba berriari eta faxismoari aurre egiteko eta Euskal Herria defendatzeko, ezkerreko proiektu abertzalea are gehiago indartu behar dugu». Bada, udan aurkeztu zuen bigarren kongresu-prozesua mugarri izan daiteke; «balio abertzale, ezkertiar, feminista eta ekologistekin bat egiten duten» ipar euskal herritarrak elkartu nahi baititu bertan. Defentsa horretara ahal bezainbeste lagun batu daitezen, kongresua «prozesu irekia» izanen da; hots, EH Baiko kide izan ez baina egitura horren ideiekin bat egiten duen orok izanen du eztabaidan parte hartzeko aukera. Era berean, botoa emateko alderdiko kide izan beharra dagoenez, kongresurako kidetzeko aukera zabaldu da. Hori dela eta, «jende guztia» animatu du eztabaidetan egotera eta EH Bain antolatzera. Aitzineratu duenez, askotariko gaiei buruz hausnartzeko parada izanen da: estatus politiko berri baterako urratsak, herri agenda partekatu baten eraikuntza, nazio eraikuntza eta zazpi lurraldeen arteko artikulazioa, alderdiaren proposamen politikoa, ildo mobilizatzailea eta lan instituzionala… Gauzak horrela, prozesuaren hitzordu nagusien berri eman du. Larunbat honetan (hilak 19) izanen da lehena, Hazparnen antolatu dituen eskoletan. Ondotik, urriaren 5etik azaroaren 15era, Ipar Euskal Herri osoan bilkura irekiak eginen ditu, ponentziari buruz gogoetatzeko. Azaroan eta abenduan emazteei eta gazteei zuzenduriko topaketak izanen dira; eta, urtarrilean, egituraren zuzendaritza eta gainerako instantziak aukeratzeko unea. Prozesua urtarrilaren 30ean bukatuko da, Baionan eginen duten ekitaldiarekin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)