Palestinara daramaten hariak

Inurri lana egiten dute Askatasunaren Flotillako kideek, eta, itsas zabalean, zereginak banatu behar dira: garbitu, kozinatu, ontzia zaindu; eskifaiako kide guztiek egin behar dute zer edo zer. Nekeza izan arren, Palestinarekiko elkartasunak batzen ditu.

Berria, Maddi Iztueta Olano, 16-09-2026

Kufija zuri-beltz bana daramate lepoan; askatu eta jertse baten gisan jartzen dute batzuetan, istriborretik haize fina sartzen denean. Eskandinavian bizi dira biak: Suedian bata, Danimarkan bestea; eta biak ala biak itsasoratu ziren lehenbizikoz Handala II ontzian, joan den maiatzean. Kate-Tenacity ontziarekin batera Bilbora iristekoa zen hura ere, baina, matxura bat tarteko, itsasotik aldendu eta portuan geratu behar izan zuen. Kate-n ontziratzeko aukera eman zieten orduan Abdullah Haj Omarri eta Ditte Erikssoni, eta orain ez dute lehorrera itzuli nahi; ez, behintzat, Gazako kostaldera iritsi arte.

Omar sinetsita dago urtea bukatu baino lehen lortuko duela Israelek zerrendan ezarritako setioa haustea eta hara iristea. «Eskifaiako gainontzeko kideek argi daukate Israelek atzeman egingo gaituela, baina nik uste dut ezetz: itxaropena daukat», esan dio, temati, txalupa motordunaren beste aldean eserita dagoen kazetariari. Diesela hartzeko gelditu behar dutenean, hark eta Tonyk —ez du abizena eman nahi izan— erakusten diote bidea ontziari, eta haiekin joateko gonbita egin diote kazetariari, Kate-ri argazki «txukunak» egin diezazkion.

Nongoa den galdetuta, luze erantzun du Omarrek, Palestinan jaio arren Siriako palestinar errefuxiatuentzako kanpaleku batean eman baitzituen bizpahiru urte, eta hark eta haren familiak Suedian topatu zuten bizilekua ondoren, artean Omarrek 13 urte zituela; 23 ditu orain. Halere, ongi akordatzen da kanpaleku hartan jasandako indarkeriaz, 2013an egin baitzuten alde handik, orduko Siriako Gobernuko presidente Baxar al-Assaden kontra hasitako gerra zibil bete-betean. «Gurasoak kezkatuta dauzkat, baina nik nire herriaren alde egin nahi dut», esan du.

«Eskifaiako gainontzeko kideek argi daukate Israelek atzeman egingo gaituela, baina nik uste dut ezetz: itxaropena daukat»

ABDULLAH HAJ OMAR

Ekintzailea
Gaur hari dagokio mantala jantzi eta kozinatzea. Handala II ontzian ere maiz kozinatzen zuela kontatu du, eta gustura egiten duela hori, nahiz eta olatuen kulunkaren ondorioz akrobata baten pare ibili behar duen. Izan ere, kapitainak ez ezik, eskifaiako gainontzeko kideek ere badituzte zereginak eta betebeharrak. Kapitainari dagokio horiek banatzea eta, goizero-goizero, hurrengo 24 orduetan nork zer egingo duen zehaztea: batzuek komunak garbitzen dituzte, eta besteek platerak —ur gutxirekin—; batzuek motorra zaindu behar dute —horretan eskifaiako ingeniariak aritu ohi dira—, eta besteek, ontzigaina zaindu. Ontzia gidatzea dagokienean, bi orduko txandak egiten dituzte itsasoa gutxi ezagutzen dutenek; beste ontzi batzuetan kapitain izandakoek, berriz, hiru ordukoak. «Oso desberdinak gara guztiok, baina denok gara umilak, eta horrek asko errazten du elkarbizitza; ego handiko jendearekin ezingo litzateke halako bidaiarik egin», esan du Omarrek.

AEBetako, Ingalaterrako, Irlandako, Norvegiako, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Alemaniako, Palestinako, Danimarkako, Bretainiako eta Espainiako herritarrak bildu dira hamabost lagun ingururentzako lekua daukan etxe motordun batean; eta ez dira desberdinak jatorriaren aldetik soilik, baizik eta baita sexu, adin, erlijio eta ohitura aldetik ere. Bada gauza bat guztiak batzen dituena, ordea: Palestinarekiko elkartasuna. Hala uste du Eriksonnek: «Batzuetan, senideak ezezagun bihur daitezke, eta ezezagunak senide; hainbeste indarkeriaren artean hain harreman estu eta onak sortzea benetan da ederra».

«Prozesu luzea izan da, baina, azkenean, ulertu dut: Palestinako auzia kolonialismoaren eta inperialismoaren aurkako borroka bat da»

DITTE ERIKSSON

Ekintzailea
Ibilbide gorabeheratsua izan du Erikssonek. Kausa askotan aritutako ekintzailea da, antifaxista eta feminista, baina aitortu du artean gaztea zelarik ez zekiela ezer Palestinaren inguruan. Bidaiatzeko grina zuen, eta, lagun batek proposatuta, Ha’Ogen kibbutzean bizi izan zen 90eko hamarkadaren amaieran. Han ezagutu zuen bere aurreneko senarra, gizon israeldar bat; alabaina, hara bizitzera joan eta gutxira, 2000. urtearen bueltan, «begiak ireki» zituen. «Kontatzen zituzten istorioak eta han ikusten nuen indarkeria ez zetozen bat; konturatu nintzen istorio horiek propaganda hutsa zirela». Hala, Israeldik irten, eta beste zenbait hilabetez gehiago bidaiatu ondoren, Danimarkara itzuli zen. «Prozesu luzea izan da, baina, azkenean, ulertu dut: Palestinako auzia kolonialismoaren eta inperialismoaren aurkako borroka bat da».

Itsasoa aurreko egunean baino bareago dago. Zutitu eta orekari euts dakioke ahalegin handirik egin gabe; kozinatu daiteke esku bat kazolan eta bestea gerrian. Erikssonen bikotekidea gazatarra da, eta urduri itxaroten ditu haren mezuak eta deiak. Itsas zabalean egotea lagungarri zaio, ordea, iritzi baitio badela zerbait «ozeanoa eta erresistentzia» lotzen dituena, askatasun haizea edo antzeko zerbait. «Kostatik gertu hazi nintzen; eta itsasoa beti izan da askapenerako leku bat. Adibidez, Danimarkan judu askori lagundu genien itsasoz ihes egiten». Eta gaineratu du: «Orain, gainera, gero eta gehiago gara halako ekintzetan parte hartzen dugun emakumeak; belaunaldi gazteek ere asko daukate irakasteko; badakite elkar zaintzen eta babesten».

Mediku, marinel eta ingeniari
Hizkuntza handi eta txikien bilgune bihurtu da Kate. Batzuek ingelesez egiten dute, beste batzuek frantsesez, gaztelaniaz edo arabieraz; edo erdizka euskaraz eta erdizka gaztelaniaz, edo erdizka frantsesez eta erdizka ingelesez; bada alemanez egiten duenik ere. Hitz egin bitartean irribarre egin ohi dute guztiek, eta keinu asko egin, hanka sartu arren parekoak uler dezan zer esan nahi duten. Birminghamgo (Ingalaterra) hizkerari eutsita, Shah Ali eskifaiako kide eta medikuak mantso hitz egiten du, abegikor. Hark ere lehenengo aldia du Flotillan, eta asko ikasten ari dela dio, mediku lanetan aritu ez ezik «denetarik» egiten baitu.

Luze ematen du ontziaren beheko solairuan, eskifaiako ingeniariekin batera; hor baitaude Kate-ren tripak. Bromati ohartarazi die bi kazetariei lanik ez emateko, hankarik ez puskatzeko; eta, batez ere, ur asko edan eta gutxi baina maiz jateko. Haurren zirujaua zen duela hamar urte arte, eta hainbat urtez Erresuma Batuko Medikuen Elkargoko kide izan zen, harik eta 2026ko maiatzean elkargo horretatik kanporatu zuten arte. Hamahiru kexa aurkeztu zituzten haren kontra, Palestinaren alde egiteagatik «antisemitatzat» joz. «Deskonexio handia dago medikuen artean, baina mediku batek ez luke genozidio bat babestu behar, eta osasungintza ez litzateke gerrarako tresna gisa baliatu behar», salatu du.

Flotillako kide batzuk.
Flotillako kide batzuk.
Behin eta berriz esan du Askatasunaren Flotillak: oraingoa ez da misio humanitario bat; hau da, Kate-k ez darama laguntza humanitariorik Gazara. Halere, badaude hainbat sendagai, hara iritsiz gero ospitaleak eta talde humanitarioak hornitzeko erabil litezkeenak. Medikuak kontatu duenez, halere, «kontuz» ibili behar dute daramatzaten sendagaiekin: «Oinarri-oinarrizko sendagaiak dira, Israelek ez dezan aukerarik izan esateko sendagai horiek gerrarako erabil daitezkeela». Okupazioz eta bokazioz egiten du lan Shahk, eta irmo adierazi du: «Osasungintzak eta osasun sistemak doakoa eta unibertsala behar dute izan».

Erikssonen gisara, Shahk ere «bilakaera» handia izan du Palestinako auziari dagokionez. Esan duenez, lehen «neutroa» zen, eta, orain, «Palestinaren oso-oso aldekoa». Etsita eta penatuta kontatu du aliantza eta harreman estuak daudela Ingalaterrako eta Israelgo medikuen artean, eta, tamalez, Erresuma Batuko Medikuen Elkargoko gehienek ez dutela «elkartasunik». Halere, pozik dago hartutako erabakiarekin. Gazara iristeko beldurrik ote duen galdetuta, aise erantzun du baietz, baina, bere buruarengatik baino gehiago, aurreko flotilla batzuetan jada atxilotuak izan ziren kideengatik dagoela kezkatuta. «Honek ez du misio suizida bat izan behar», nabarmendu du.

«Mediku batek ez luke genozidio bat babestu behar, eta osasungintza ez litzateke gerrarako tresna gisa baliatu behar»

SHAH ALI

Medikua
Azken orduko bilera batera deitu du kapitainak: matxura bat dago motorrean. Ingeniariak buru-belarri aritu dira konpondu nahian, baina Kate lehorrera eraman beharko da; behintzat, behin-behinean. Askotarikoak izan dira erreakzioak: eskifaiako kide batzuek uste dute «hainbat egun edo asteko kontua» izan daitekeela; beste batzuk, aldiz, sinetsita daude di-da konpondu eta aurreikusitako egunean iritsiko direla Vigora (Galizia). Gauza bat argi dago, ordea: aldi baterako, behintzat, kulunka eten egingo da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)