Danimarkak Groenlandiako emakumeei ezarri zien programa genozidioa izan ote zen eztabai
1960 eta 1991 bitartean, Groenlandiako 4.000 emakume baino gehiagori umetoki barneko gailuak jarri zizkieten, askotan haien borondatearen kontra edo jakitun izan gabe. Populazioaren hazkundea kontrolatzeko aitzakiarekin Danimarkako Gobernuak ezarritako mediku programa baten parte izan zen.
Gara, , 12-09-2026Lau aditu, bi txosten, ondorio bateraturik ez, edo, hobe esanda, iritzi kontrajarriak. 1960tik 1991ra, Danimarkako Gobernuak Groenlandiako populazioaren hazkundea kontrolatzeko ezarri zuen mediku programak inuiten giza eskubideak urratu ote zituen eta emakumeei haien nahiaren kontra haurdun ez gelditzeko gailuak jartzea genozidiotzat har daitekeen ikertu zuten lau adituek. Aipaturiko programaren barruan, 4.000 emakume eta neskato baino gehiagori horietako asko adingabeak ziren, gazteenak 12 urte besterik ez zituen, umetoki barneko gailuak jarri zizkieten, kasu askotan baimenik eskatu gabe, haurdun gelditu ez zitezen.
Groenlandia Danimarkako kolonia izan zen 1953ra arte, baina, hori bai, autogobernua ez zuen 1979ra arte eskuratu. Are, osasun arloko eskumenak Kopenhageren esku jarraitu zuen 1992ra arte.
Hamarkada luzez inuiten eskubideak hainbat modutan urratu edo murriztu izana leporatu diote Danimarkari. Behartutako adopzioak ere salatu dituzte seme-alabak jaiotzean edo ondoren kendu dizkieten emakume inuit askok. Ongizatearen Ikerketarako eta Analisirako Zentroaren txosten baten arabera, Danimarkako agintari sozialek aldi baterako edo behin betiko erretiratutako haurren proportzioa bost aldiz handiagoa da Groenlandiako familien kasuan.
Pasa den abuztuaren 28an aurkeztu zituzten jakitun izan gabe edo beraien borondatearen kontra emakumeei antisorgailuak jartzeko programa ikertzeko Groenlandiako Gobernuak enkargatutako txostenen emaitzak. Txostenetako bat Jonas Christoffersen Danimarkako Giza Eskubideen Institutuko zuzendari ohiak eta Jensine Nedergaard psikologia ikertzaileak sinatzen dute. Bestea, Dalee Sambo Dorough giza eskubideetan adituak eta Miriam Cullen ikertzaile eta abokatuak. Hasiera batean, lau adituak ikerketa batzorde bera osatzen zuten, baina elkarren artean sortu ziren desadostasunak tarteko, bi taldetan banatu ziren azkenean.
FROGA ENPIRIKO FALTA
Christoffersenek eta Nedergaardek egindako txostenaren arabera, «gaur-gaurkoz ez dago froga enpirikorik genozidiorik gertatu zela esateko. Ez dago ebidentzia enpiriko nahikorik pentsatzeko Danimarkako edo Groenlandiako osasunaren arloko arduradunek edo profesionalek groenlandiar biztanleria osorik edo zati batean suntsitzeko asmoa izan zutenik».
Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioak genozidiotzat hartzen du talde nazional, etniko edo erlijioso jakin baten barruan erreproduzitzeko gaitasuna sistematikoki mugatzeko neurriak ezartzea, besteak beste, bortxazko esterilizazioa eta behartutako abortuak. Christoffersenen eta Nedergaarden aburuz, baina, litekeena da mediku batzuek groenlandiarren ugalketa gaitasuna mugatu nahi izatea, baina «Danimarkako Estatuak ez zuen groenlandiarrak desagerrarazteko asmorik, eta, beraz, hamarkada luzez indarrean egon zen programa ezin da genozidiotzat hartu». Aitortzen dute ez dagoela zalantzarik Groenlandiako neskei eta emakumeei «behar besteko informaziorik eman gabe» jarri zizkietela umetoki barneko gailuak, baina, beraien ustez, horrek ez du esan nahi Danimarkako Estatuak «derrigortu» egin zituenik.
Doroughen eta Cullenen txostenaren arabera, berriz, ez dago esaterik emakume groenlandiarren nahitaezko esterilizazioarekin genozidioa gertatu zen ala ez. «Ez dago arrazoirik ondorioztatzeko jarduera antikontzeptiboaren helburua, nahitaez, inuiten populazioa erabat edo partzialki suntsitzea izan zela, nahiz eta hazkunde demografikoa mugatzeko nahia egon zen».
«Medikuek teknika limurtzaileak erabili zituzten emakumeak konbentzitzeko. Programarekin modu aktiboan konprometituta zeuden oro har. Antisorgailuak kentzeko eskaerak modu sutsuan ukatzen zituzten. Mediku horiek Estatuak enplegatutako langileak ziren, hortaz, Danimarkako Estatuaren agintaritzapean zeuden. Nazioarteko zuzenbidearen arabera, Estatua da arduraduna», diote txostenean.
«Genozidioa egiteko helburua frogatzerik ez dagoenean ere, Estatua erantzulea da zer gertatzen ari zen jakin behar zuelako eta hori eragozteko jardun behar zuelako», gaineratzen dute.
Nuuk, Groenlandiako hiriburua. Danimarkaren kolonia bat izan zen Groenlandia 1953ra arte. (EUROPA PRESS)
Danimarkako lehen ministroak, Mette Frederiksenek, Groenlandiako Gobernuak aurkeztutako «txostenak interes handiz» aztertuko dituela azpimarratu du. Groenlandiako Gobernuarekin batera «bide egokiena» bilatzeko prozesu politiko bat martxan jarriko duela ere iragarri du. Begi onez hartu du Groenlandiako presidente Jens-Frederik Nielsenek egindako proposamena: iragana modu autokritikoan aztertzeko eta eragindako mina aitortzeko adiskidetze batzorde bat osatzea. «Batzordeari borondate onarekin heltzen badiogu, lankidetzarako bide komun bat sor dezakegu, funtsezko hiru zutabetan oinarrituta: konfiantza, errespetua eta berdintasuna», esan du.
Abuztuan, Danimarkako Legebiltzarrak kaltetutako emakumeei kalte-ordainak emateko legea onartu zuen. Bakoitzak 300.000 koroako kalte-ordaina jasoko du (40.000 euro inguru). «Ezin da gutxietsi legearen esanahia. Groenlandiako emakumeen zenbait belaunaldiri eragindako trauma aitortzeko ekimen zehatza da», esan zuen Naaja H. Nathanielsen Groenlandiako diputatuak Danimarkako Parlamentuan.
Iaz, Nuuken egindako ekitaldi ofizial eta publiko batean, Frederiksenek eta Nielsenek barkamena eskatu zuten emakume groenlandiarrei eragindako min eta saminarengatik, bai eta pairatu zuten diskriminazio sistematikoagatik ere. «Ezin dugu gertatutakoa aldatu, baina ardurak har ditzakegu. Danimarkaren izenean, barkamena eskatu nahiko nuke biktimek pairatu zuten min fisiko eta psikologikoagatik. Haserrea eta tristura eragin zituen gertatuak Groenlandiako familia askoren artean, eta Danimarkako irudia zikindu zuen», nabarmendu zuen Frederiksenek.
Groenlandiako Mute B Egede lehen ministro ohiak, jaiotze tasak kontrolatzeko ezarritako programa genozidio gisa deskribatu zuen 2024. urtean.
Biktimek ikerketaren metodologia eta ondorioak kritikatu dituzte. «Emaitzak partzialak dira; ikertzaileen artean ez da inuit jatorriko inor egon. Niretzat ez da soilik historia edo politika kontua. Nire gorputzaz, nire bizitzaz, nire erabakitzeko eskubideaz ari gara. Beste behin ere, niri eta beste emakume batzuei egindakoa beste batzuek ikertu eta finkatu dute», gaitzetsi zuen Henriette Berthelsenek.
(Puede haber caducado)