«Ehiza arrazista» ez normalizatzeko eskatu dute kalean, eta Insaustik erasoa gaitzetsi du
Berria, , 15-09-2026Zenbait herritarrek manifestazioa egin zuten atzo Donostian, joan den ostiralean
migratzaile bati egindako tiroketa
salatzeko. Egia auzoko Blas de Otero plazan batu ziren «ehiza arrazista» gaitzesteko:
Ezin dugu ehiza arrazista normalizatu
zioen pankarta zeramaten aurretik. Kalean bizi diren migratzaileen kontra azkenaldian izan diren eraso larriak gaitzetsi zituzten, eta Poliziari eta Donostiako Udalari betetzen ari ez diren ardurak betetzeko exijitu zieten.
Donostiako alkate Jon Insaustik tiroketa gaitzetsi du, eta uste du halako gertakariak «larriak» direla. Horrez gain, azaldu du Ertzaintza eta Donostiako Udaltzaingoa gertakaria ikertzen ari direla, ebazteko delituak jatorri arrazista duen ala ez. Prentsaurreko baten bidez eman ditu adierazpenok alkateak, eta gehitu du tirokatua izan zen gizona udaleko zerbitzu sozialen arta jasotzen ari dela. Azaldu duenez, aurrez zerbitzuaren erabiltzailea zen biktima, eta orain «zaindua» izaten ari da. Antza, erasoa jasan zuen gauean Abegi Etxean gau bat pasatzeko eskaini zioten.
«Donostia beti izan da hiri ireki eta tolerante bat, eta hala izaten jarraituko du. Gorrotoak ez du lekurik hemen», aldarrikatu du.
Aire konprimatuko arma batekin jotako hiru tiro jaso zituen gizonak iragan ostiralean: lehen tiroak bizkarrean jo zuen, bigarrenak sorbaldan eta hirugarrenak masailean. Hala ere, Harrera Sareak salatu du ez zela inolako polizia operaziorik zabaldu tiroketen egilea identifikatzeko edo lokalizatzeko. «Ez da abiatu tiroz egindako eraso baten ondorioz ohikoa den polizia operaziorik, ezta ikerketarik ere». Ez da polizia faltagatik, baina: «Arratsaldero Polizia ikus daiteke Egian eta Alde Zaharrean, KASeko boluntarioak behatzen eta mehatxatzen, afariak banatzen dituzten bitartean», oroitu dute.
«Eraso arrazista hau ez da ezerezetik sortu», ohartarazi dute. Harrera Sareak ziurtatu duenez, sare sozialetan azken bi urteetan indartuz joan den gorroto giro baten ondorioa da erasoa. Fiskaltzaren eta Poliziaren aurrean hamaika salaketa jarri dituztela jakinarazi dute, erasotzaileen bideo eta sare sozialetako argitalpen eta guzti. Behin eta berriro ohartarazi dute egoerak okerrera egiteko arriskua zegoela, «eta halaxe gertatu da».
Gogorarazi dute ez dela horrelako kasu bakarra: hilabete gutxian Donostian izandako era horretako bigarren erasoa da. Udan, Alde Zaharreko balkoi batetik tiro egin zioten beste etorkin bati bizkarrean. «Oso kezkatuta eta beldurtuta gaude gure kaleetan gertatzen ari dena ikusita. Gainera, orain egun – argiz gertatzen dela ikusita, are beldurgarriagoa iruditzen zaigu», aitortu dute Herritarren Harrera Sarekoek.
Salaketa publikoa falta
Udalaren erantzukizun falta azpimarratu dute: «Azken bi urte hauetan, ez du inoiz publikoki kondenatu hirian zabaldu den gorroto giroa». Are gehiago, egoera jakin batzuetan Udalak berak diskurtso arrazistei haizea eman izana deitoratu dute: «Beste era batera esanda, gorroto diskurtsoari aurre egin beharrean, diskurtso horrek berak seinalatzen dituen pertsonen aurka jarduten dute». Eta, gaineratu dute, horrela «arrazakeria normalizatzen» dela, eta «bultzatzen eta gauzatzen dutenen zigorrik eza sustatzen».
Gorroto delituen aurkako protokoloa martxan jartzeko galdegin dute, eta baita halako gorroto giroa indarkeria bihurtzea prebenitzeko neurriak abiatzea ere.
Mezu arrazistak paretetan
Lizarran (Nafarroa) pintaketa arrazistak azaldu dira pareta batean. Lizarrako EH Bilduk atzo salatu zituen pintaketa horiek, eta kezka agertu zuen «hirian gero eta gorroto diskurtso xenofobo gehiago» dagoelako. Ohar batean adierazi zutenez, paretetan agertutako pintaketa arrazisten bidez «beldurra elikatzea eta migratzaileak mehatxua direlako gezurrak eta informazio faltsua zabaltzea» dute helburu.
Lizarrako EH Bilduk Udalari, herritarrei eta erakunde sozialei arduraz jokatzeko eskatu die, eta ez uzteko gorroto diskurtsoei «eremu publikoa blaitzen, eta arrazakeria eta faxismoa elikatzen»: «Gure kaleek elkargune, bizikidetza eta aniztasun leku izan behar dute aurrerantzean ere».
Pintaketa arrazista bat, Lizarran. LIZARRAKO EH BILDU
Astigarragan (Gipuzkoa), berriz, herriko denda batean irain eta mezu arrazistak pintatu dituzte asteburuan. Udalak adierazpen baten bidez jakinarazi du «irmo eta ozen» salatzen duela eraso hori, «elkarbizitzaren eta giza eskubideen aurkakoa» delako. Babesa adierazi die erasoa jasan duen familiari eta denda horretako langileei, eta dei egin du herritar batzuek antolatutako agerraldira azaltzeko. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Astigarragako Joseba Barandiaran plazan.
(Puede haber caducado)