Gauzak garbi: Ceuta eta Melilla enklabe kolonialak dira

Gara, Joxe IRIARTE «Bikila», 13-09-2026

Espainiako eskuinak duela hilabete bat Ceutan izandako etorkinen uholdea Espainiaren inbasiotzat jo du, eta eskuinean kokatzen ez diren batzuek ere horrela egin dute. Kontsiderazio horrekin bat egin dutenak badira Euskal Herrian ere. Nola kontsideratu daitezke asilo eske datozenak armada inbasore? Etorkinak babes bila datoz euren herrietan bizi baldintza duinak ez dituztelako bermatuta, eta, hein handi batean, gu geu gara egoera horren erantzule.

Argitzearren, Afrikako eremu horretan inor inbasore bada, Espainia da. Ceuta eta Melilla enklabe kolonialak dira, Espainiar kolonialismoaren azken gotorlekuak, gutxi arte Sidi Ifni, Sahara, Ekuatore Ginea eta Fernando Po izan diren bezalaxe; edo Guantanamo Ameriketako Estatu Batuena; Groenlandia Danimarkarena; Donbass eta Krimea Errusiarena; Martinika Frantziarena; Sahara Marokorena. Zuzenean edo zeharka, kolonialismoa munduan bizi-bizirik dago. Kolonietako okupatzaileek alde egin behar dute. Ondoren, toki horietan bizi izan den jendearen eskubideak bermatu eta errespetatu beharko dira, finean, zailak bezain ezinbestekoak diren prozesu dekolonizatzaileak martxan jarri behar dira.

Migratutako pertsonekin gertatzen ari dena ez da onargarria, munduko pertsona zaurgarri eta ahulenak ez ditugu gurekin nahi. Europarrok, urte luzez kolonizatu eta ustiatu ditugu hainbat herrialde, eta gaur egun ere horretan dihardugu; erregaiak eta mineral preziatuak lapurtu dizkiegu, are, sarraskiak eta gerra zibilak bultzatu ditugu eta klimak gaiztotu. Horrek guztiak badu zerikusirik migrazioarekin.

Ipar globalean bizi garenok (hala erabakita edo ez), milioika pertsonaren exodoa bultzatzen dugu, mundua muga eta harresiz inguratzen dugun bitartean. Beraz, daukagun erantzukizunetik, migratutako pertsonak babestu behar ditugu. Aspaldi esan genuen, Sobietar Batasunaren eta Europaren artean zegoen horma erortzean harresien amaiera ospatu genuen, gaur egun, ordea, militarki defendatzen diren mugak biderkatu egin dira. Horrez aparte, salagarria da gure gizarteetan dagoen arrazakeria. Migrazioa delinkuentziarekin eta sexu indarkeriarekin lotzen dute batzuek. Testuinguru horretan, bereziki eskertzekoa da Kaleko Afari Solidarioak ekimenean eta beste hainbat espaziotan euren elkartasuna adierazten duten herritarren ekarpena.

Migrazioaren auzian, kontsiderazio humanitarioaz gain, arazo estrategiko eta politikoak ere badaude. Langile klasea ez da inoiz jatorri nazional bakarrekoa (industrializazioak, mundu osoan, toki askotako langileria pilatu behar du produkzioa gauzatzeko). Hau da, bilakaera hortik abiatu beharra dago helburu bateratuetara iristeko. Askapen nazional eta sozialaren bidean langile klasearen zati handi bat kanpoan uzteak prozesua bera oztopatzen du. Arrazakeriak kalte handia egiten digu. Aldez aurretik bazterrean uzten bada langile klasearen parte handi bat, askapen nazional eta soziala lortu nahi dituen prozesu batean parte hartzea oztopatzen ari zaio. Ezinbestean, gaurko eta betiko aldarria: «Mundu guztiko langileok eta herri zapalduok, elkar gaitezen!».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)