Bengoetxeak emaitza txarren faktore gisa aipatu du «hizkuntza gaitasuna»
Lakuako Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak PISA txostenaren emaitzak «oso txarrak» direla aitortu du eta adierazi du murgiltze eredua «emaitza horiek azaltzen dituen faktoreetako bat izan daitekeela, baina ez bakarra». EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio, «euskara jopuntuan jartzea» egotzita. Hezkuntza Sailak emaitzak hobetzeko «planteamendu serioa» iragarri du.
Gara, , 12-09-2026Ser irrati katean asteazken gauean egindako elkarrizketan, Lakuako Gobernuko lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aitortu zuen hezkuntzaren egoerari buruzko PISA txostenaren emaitzak «oso txarrak» direla. Halaber, kazetariaren galderei erantzunez, adierazi zuen euskarazko murgiltze eredua emaitza horiek azaltzeko «kontuan hartu beharreko faktoreetako bat» dela, «baina ez bakarra».
Halaber, sailburuak azpimarratu zuen «ez gaudela analisi sinplista egiteko unean», eta orain «datuek benetan esaten digutenari erreparatzeko eta datuen azterketa xehe-xehea egiteko» unea dela, «datu kaskarren atzean dauden arrazoiak identifikatzeko».
«Egia da ikasleen hizkuntza gaitasuna emaitza txarrak azaltzen dituen faktoreetako bat izan daitekeela, baina beste faktore asko ere badaude. Horietako batzuk beste herrialde batzuekin partekatzen ditugu, eta beste batzuk euskal hezkuntza sistemaren berezkoak izan daitezke», azaldu zuen Bengoetxeak. Hala, sailburuak adierazi zuen digitalizazioa, arreta defizita, sare publikoaren eta itunpeko sarearen arteko egoera, eta egoera sozioekonomikoa ere kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk direla.
JARDUNALDIA
Bide horretan, Hezkuntza Sailak 600 ikastetxe publiko eta itunpeko baino gehiagoko zuzendaritzekin egindako jardunaldian ikaskuntzak hobetzeko hainbat jarduketa-ildo aurkeztu zituen atzo BECen. Urtero egiten duten jardunaldia da, baina atzokoan PISAko emaitzak eta euskal hezkuntza sistemari buruz eskura dauden gainerako ebidentziak ere izan zituzten mintzagai.
Atzo azaldutakoaren arabera, besteak beste, Hezkuntzako Emaitzak Hobetzeko Estrategia Integralaren barruan hartutako neurrien eragina ebaluatuko du Sailak. Irakurmena lehentasun gisa kokatu du, PISAren emaitzek konpetentzia horren lanketa indartzeko beharra agerian utzi dutela iritzita. «Irakurmena transbertsala da. Arazo matematiko bat ulertzeko, testu zientifiko bat interpretatzeko, informazioa erlazionatzeko, argudiatzeko edota denbora eta ahalegina eskatzen dituen testu baten aurrean arreta mantentzeko gaitasunari eragiten dio», adierazi zuen.
Era berean, ikastetxeetako hizkuntza proiektuak berrikustea aurreikusi du Hezkuntza Sailak, «hizkuntzen ikaskuntza planifikatzeko tresna gisa duten eginkizuna indartzeko eta gero eta askotarikoagoa den gizarte eta hezkuntza errealitatera egokitzeko». Horrez gain, baliabide digitalen hezkuntza erabilerari buruz dagoen ebidentzia aztertuko du, teknologiak ikaskuntzan, irakurketan, kontzentrazioan eta arretan duen eragina kontuan hartuta.
Hezkuntza Sailak, gainera, PISA ez ezik, Ebaluazio Diagnostikoa, ISEI-IVEIren ikerketa eta ebaluazio proiektuak, eta beste adierazle batzuk ere hartuko ditu kontuan sistemaren diagnostikoa egiteko. Hezkuntza Sailaren arabera, «ebidentzia bakar batek ere ez ditu besteak ordezkatzen, eta eskura dagoen informazio guztiaren azterketatik abiatuta eraikitzen da diagnostikoa».
EH BILDUK AZALPENAK ESKATU DITU
Bengoetxea sailburuaren euskarazko murgiltze ereduari buruzko adierazpenen aurrean, EH Bilduk ekimen sorta abiarazi du Legebiltzarrean, Bengoetxea bera, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua eta Adituen Ebaluazio Foroa Legebiltzarrean ager daitezela eskatuz. «Arduragabekeria da. Murgiltze eredua emaitza akademikoekin lotutako faktore gisa aurkeztu du, baieztapen hori inongo azterketa eta ebidentziarik gabe oinarrituz», adierazi du.
Era berean, PISA txostenaren emaitza txarren arrazoiak «behar bezala, seriotasun eta zorroztasun osoz eta inolako oinarririk ez duten irakurketak saihestuz» aztertzeko eskatu du EH Bilduk.
ELA ETA LAB: «ARAZOAK EZ DIRA BERRIAK»
LABek nabarmendu du PISAren txostenak eztabaida publikora eraman dituela hezkuntza sistemaren «gabeziak», eta gogorarazi du urteak daramatzala horiek salatzen eta «sakoneko eraldaketarako» proposamenak egiten.
ELAk elkarretaratzea egin zuen Bilbon eta sindikatuaren arabera hartu beharreko neurrietako batzuk aipatu zituen: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, aniztasunari erantzuteko baliabide eta politika sozial gehiago izatea, eta teknologia berrien aurrean «digitalizazio etiko eta arduratsuagoa» bultzatzea.
(Puede haber caducado)