Elkartasuna merezi duen herri baten enbaxadorea
Gara, , 14-09-2026Asteburu honetan Bilbon entzuteko aukera izan zutenek burmuinean kulunkan dituzte oraindik, nonbait, Silvio Rodriguezen ahots sarkor eta beroa eta haren gitarraren akorde amultsuak. Ohore bikoitza izan du Euskal Herriak berriro haren kontzertuak hartuta; alde batetik, sentsibilitate musikal aparta izanda, munduan erreferentzia ukaezina baita, eta, bestetik, herrialde duin baten enbaxadore adoretsu eta dotorea delako.
Joan den ekainean, Kubako Herri Boterearen Asanblea Nazionalak zenbait aldaketa ekonomiko eta sozial iragarri zituen. Aldaketa horiek zerikusia dute Donald Trumpen Administrazioak 65 urteko blokeoa muturrera eraman izanarekin; hori ez da inongo analisi zorrotzen ondorio, ebidentzia hutsa baizik. Hala ere, sinesteko modukoa da Miguel Diaz Canel presidenteak neurri horietaz esan zuena, sozialismoaren eraikuntza babesteko ezinbesteko baldintza direla, hain zuzen. Berehala zehaztu zuen beraien lehentasuna herritar guztien beharrak asetzea dela. Fidel Castrok zioen herrialdearen independentzia zaintzea dela lehentasuna, funtsezko baldintzatzat jotzen baitzuen justizia sozialerako politikak ezartzeko. Horrek ez du esan nahi Kubako Iraultzak gizarte perfektu bat eraiki zuela, eta Castrok berak hala onartu izan zuen maiz, kutsu autokritiko handiarekin. Edonola ere, ez dago zalantzarik esandako lehentasun hori benetakoa dela, elikadura, osasun eta hezkuntza erakusleek argi eta garbi utzi dutenez sei hamarkada baino gehiagoko blokeo ekonomikoaren eta etengabeko erasoen pean ere. Horrenbestez, AEBren eta are Trumpen jokabidea eta Iraultzaren bilakaera maila politiko eta etiko berean agertzeko tentazioa tranpa hutsa baino ez da. Ez da bidezkoa eta, gainera, lehenengoaren mesederako jarrera da.
Larunbatean, Kubaren «setioa» salatu zuen martxa batek egin zion harrera Silvio Rodriguezi. Kubak elkartasun premia handia duela gogorarazi zuten, are gehiago elkartasuna berezko ezaugarria duen herria izanda, Nelson Mandelak kartzelatik irten zenean esker onez oroitu zuenez munduaren aurrean eta nazioarteko komunitatearen lotsagarri. Komunitate horrek, antza denez, aski deritzo NBEk urtero blokeoa gaitzesteari.
(Puede haber caducado)