Ez da gauza bera

Gara, Nikole Ziarrusta, 13-09-2026

Faxismoaren banalizazioak ekar ditzakeen ondorioak larriak dira, eta Iker Merodiok pasa den astean “Deia”-n idatzitako “Ernai no distingue entre un fascista y un calcetín” artikulua horren adibide argigarri bezain kezkagarria dela iruditzen zait. Artikuluaren izenburuaren bitartez gazte antolakundeak martxan duen udako dinamika antifaxista deslegitimatu eta ekimenaren infantilizazioa bultzatzeko saiakera egin zuen. Zertarako, galdetuko duzue. Ez zen izan faxismoaren egungo formaz hitz egiteko. Bost axola genozidioek eta politika hiltzaileek, Netanyahuren edo Josu Jon Imazen laguna dugun Trumpen proposamen gizagabeek edota PP eta VOXen mehatxuek. Helburu bakarra zen ETAren komodina beste behin erabilgarri bilakatzea ezker independentismoa higatzeko.

Gazte antolakundeak, baina, irakurketa eta analisi zorrotzak ditu. Olatu erreakzionarioa eta faxismoa lotuta doazen baina desberdindu behar diren fenomeno gisa ulertzen ditu. Olatu erreakzionarioak jendartea balio atzerakoietara mugitzen du, eskuineratze prozesua deiturikoa: gutxinaka gehiengo zabalek ikuspegi klasista, arrazista eta matxistak normalizatzean datza. Faxismoa, bestalde, estrategia, gorputza eta agenda dituen ideologia da. Euskal Herrian faxismoak espainolismo erreakzionarioaren eta frantses jakobinismoaren forma hartzen duela azaltzen du Ernaik. Deshumanizazioa, totalitarismoa eta ultranazionalismo baztertzailea indar horietatik baitator. PP eta VOXek hiriburuetan bultzatutako kontzentrazio arrazistak dira honen adibide hurbila.

Azken asteetan gazte independentista eta ezkertiarron agerraldi politikoen aurrean erantzun larriak ikusi ditut sare sozialetan, eta prestatutako estrategia komunikatibo bati erantzuten diotela iruditzen zait. Antifaxismoa eta faxismoa berdindu nahi dira. Faxismoaren kontzeptua edukiz hustu nahi dute, despolitizatuz desaktibatzea lortu arte. Eta bada bertan posizio taktiko baina suizida bat: EAJko sektore batzuk faxismoaren banalizazio hori bultzatzen ari dira, arriskuaren tamaina neurtu gabe.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)