«Euskal Herria Irabaztera!» irten dira milaka lagun Ernairen mobilizazioan

Faxismoaren aurka deituriko mobilizazioak erantzun handia izan du igande honetan Donostian. Ikasturtea hastearekin batera, gazteek kaleak hartu dituzte «Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskaldun baten alde».

Gara, June Romatet Ibarguren, 14-09-2026

Igande honetan Donostiako Parte Zaharrean koloretako elastikoen artean Euskal Herri «aske, sozialista, feminista eta euskaldun» baten alde dauden lagunak batzen hasi dira goizean zehar. Ernaik ‘Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez’ lelopean mobilizatzeko deialdia zabaldu baitzuen, eta erantzuna iritsi da.

Goizetik eguerdira pixkanaka elkartzen joan dira gazteak, herrietako argazkiak ateratzen eta manifestazioari hasiera emango zioten tokirantz gerturatzen. Ordu bata eta erdiak jo orduko Bulebarra jendez beteta zegoen. Bertan elkartu eta pankartaren atzetik hasi dute ibilbidea. Adin ezberdinetako jendetza bildu da, gazteak gehienak eta kalean zehar zihoazelarik «independentzia!», «Euskal Herria antifaxista!», «jo ta ke, irabazi arte!» eta «Gazte borroka, gazte antolakuntza!» oihuak entzun zitezkeen.

Ibilbidean zehar, ikurrinak eta Nafarroako bandera txikiak nonahi ikusi zitekeen, baita erraldoiak ere. Euskal Herri aske baten alde mobilizatutako kide guztiak elkarren alboan doaz Gipuzkoako hiriburuan zehar, egungo testuingurua salatuz eta alternatiba badagoela aldarrikatuz. Baita gazteei iraultza egitera deituz.

Aitor Zabaletari omenaldia egin diote «Aitor Zabaleta gogoan zaitugu» zioen pankarta zabalduz ibilbidearen erdigunean. «Herriak ez du barkatuko!» eta «Aitor Zabaleta!» oihukatzen zuten bitartean lore sorta eskaini diote Zabaletaren ikurra den txano erraldoi bati.

Idoia ZABALETA | FOKU
Idoia ZABALETA | FOKU
Okendo kalean aurrera egin du manifestazioak ke gorriz betez bidea. «Estatu terrorista, estatu espainola!» garrasiz kalea bete den une berean espainiar zein frantziar banderak erre dituzte.

Bulebarrean sartu berritan, Espainiako erregearen estatua bat lurrera bota eta mailuekin joz hautsi dute. Haren gainetik igaroz egin dute ibilbidearen azken zatia. Errepidearen erdigunean txalo artean jaso dituzte oholtzara abestera igo diren kideak eta Ernairen ‘Irabaztera’ abestiaren doinuak eman dio hasiera ekitaldiari.

Amaiur Egurrolak, Ernaiko bozeramaileak, hartu du hitza orduan, eta «Gora Euskal Herria askatuta!» oihukatuz hasi da, behetik entzuten ari zirenek erantzun ostean.

Konpromisoak berretsiz

Mobilizazioa Ernairen IV. kongresua amaitu eta lau hilabetera egin dute, eta Egurrolak argi azaldu du orduan hartutako bi konpromisotan berresten direla: «Euskal Herriarekiko konpromisoan, eta Euskal Herriko gazteriarekiko konpromisoan». Gainera, horiek «muturreraino eramateko borrokari» ekingo diotela aldarrikatu dute, eta horretan ari direla irmoki defendatu du bozeramaileak.

Atzera begiratu eta eskerrak eman dizkie lanean aritu direnei: «Gure konpromisoa kalean ikusten da, kafeetan, txandak egitean, baita beste behin gurutze frankistak eraistean ere». Eskerrak eman dizkie batez ere «garaiari tamainako erantzuna» emateagatik.

Kapitalismotik eredu berri baterako trantsizioa «are bortitzagoa eta autoritarioagoa» izaten ari dela jarri du erdigunean Egurrolak. Azpimarratu du, geroz eta gehiagok egin nahi diotela aurre gaur egungo egoerari: «Aldaketarako potentziala beraz badago, kontua da aldaketa hori nork eta nola ardaztu eta norabidetzen duen».

Hori dela eta, argi adierazi nahi izan du Ernaik «sistema kapitalista zisheteropatriarkalaren» aurrean badirela etorkizun posible batean sinisteko arrazoiak.

Herri erantzunak

«Alternatiba badagoenaren adierazle» gisa deskribatu ditu azken hilabeteetan herrietan egin diren ekimenak, besteak beste Euskal Selekzioaren aldeko mobilizazio zein argazkiak, edota arrazakeriaren aurka eman diren erantzunak.

Idoia ZABALETA | FOKU
Idoia ZABALETA | FOKU
Ezin izan du aipatu gabe utzi, mobilizazioa Donostian izanik, Kaleko Afari Solidarioen debekua: «Argi diogu, Insausti jauna: elkartasuna ez da delitua, eta ez dago elkartasuna kriminalizatzerik. Gora Euskal Herri antiarrazista!». Entzuleek mezua txalo eta oihu artean jaso dute, bat eginez eta KAS babestuz.

Alternatiba beharra irmoki defendatu du Ernaik eta aldarrikatu, testuinguru globalak «urteetan defendatutako bi errealitate agerian utzi dituela». Batetik, Euskal Herriak askatasuna ukatua duela, «berre etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea ukatzen baitzaio». Bestetik, badaudela beste jendarte eredu bat eraikitzeko aukerak: «Mundua erreakziorantz biratzen ari den garaiotan, Euskal Herria beste mundu baten aldeko borrokaren itsasargi da».

Alternatibaren aldeko erregaia

Faxismoaren aurrean beharrezkoak diren alternatibak martxan jartzeko zer eraiki nahi den argi izatea beharrezkoa dela esan du Egurrolak, eta Ernaik badakiela zein den bidea. Gainera, aitortu du faxistek ulertu dutela hori eta agerian uzten dutela haien ideiak Espainiako banderak eskuan eta «putos vascos» oihuka defendatzen dituztenean. «Jakin dezatela, ohorea dela haien buruko min handiena izatea. Hala izaten jarraituko dugu: banderak kiskaliz, frankoren oinordekoak botaz, zein azaroaren 28an Miarritzen faxistei gure herrian ongi etorriak ez direla esanez», aldarrikatu du bozeramaileak erantzun gisa.

Ideia horri eutsiz, Ernaik iniziatiba politikoa hartu eta urrats berri bat egingo duela iragarri du Egurrolak: «Hurrengo hilabeteetan eskuartean izango dugun proposamena osatu dugu. Garaiotan beste Euskal Herri bat posible dela ikusarazi nahi duen tresna, 9 aldarrikapen eta konstatazio argi bat: borrokatzeko unea da».

Hurrengo hilabeteetan proposamen hori zabaldu eta bertan jasotzen diren aldarrikapenen alde borrokatuko dutela argitu du. Amaitzeko, gaur burututako mobilizazioan ekin dioten bideari jarraipena emango diotela aldarrikatu du Egurrolak: «Bilakatu dezagun indar hau erregai askatzailea. Batu gaitezen eta goazen borrokara. Irabaztera goaz!».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)