Diskurtsoen arriskua
Berria, , 11-09-2026Eskuin muturrari egozten zaio maiz migratzaileenganako gorrotoa sustatzea, eta, noski, haien oinarrizko proposamenetako bat da
bertakoa
lehenestea. Baina diskurtsoa hedatu egin da, eta, ustekabean, edonon topatu daitezke haren jarraitzaileak. Urri amaieran beteko da urtebete Ertzaintza atxilotuen jatorria jakinarazten hasi zenetik. Aldi hartan Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak esan zuen «mesede bat» egiten zietela «gurera egokitu eta behar bezala errotzeko ahalegina» egin duten 150.000 etorkinei. Izan ere, datu hori emanda, eragotzi egingo zen migratzaileen inguruko informazio faltsuak zabaltzea, sailburuaren esanetan.
Ceutako krisiak berriz ekarri du gaia lerroburuetara. Zupiriak abuztu amaieran esana da migrazio fluxuak «kudeatu» egin behar direla «gizartearentzat onargarriak» izan daitezen. Zer da, ordea, gizartearentzat «onargarri» izatea? Zer da «behar bezala etortzeko ahalegina» egitea?
Donostian, egun argiz, tiro egin diote kalean eserita zegoen migratzaile bati. Ez da parekagarria, noski, baina Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioekin izandako jarrera ere hor da —plataformak abuztu amaieran salatu zuen udaltzaingoa jazarri egin zitzaiela kalean bizi direnen artean ogitartekoak banatzen ari zirenei—, baita Bilbokoak kaleko saltzaileak gaizkile gisa aurkeztu izana ere.
Diskurtsoa barneratu egin du gizarteak, eta horretan lagundu dute politikari eta komunikabideek, ez bakarrik eskuin muturrekoek. Migratzaileen auziak krisi humanitarioa izateari utzi dio azken hilabeteetan, eta segurtasun arazo bilakatu. Inkestek erakusten dute horixe dela herritarren kezka nagusietako bat, segurtasuna; badituzte, noski, beste batzuk ere, hala nola salgaien garestitzea, etxebizitza, hezkuntza… Baina segurtasun gabezian jarri dute arreta politikariek —EAJk eta PSE – EEk gaiari buruzko monografiko bat egin asmo dute—. Eta arreta jartzen den tokira joan ohi dira begiradak ere.
Europak urteak daramatza migrazioari oztopoak jarri nahian. Lehen urrats handia Turkiarekin egin zuen, milaka milioi eman baitzizkion EBra heldu nahi zutenei han eustearen truke. Hamar urte dira hori gertatu zela. Geroztik, beste saio batzuk etorri dira: Frontexen aurrekontua handitzea; etorkinak beste herrialde batzuetara bidaltzea —Italiatik Albaniara, Erresuma Batutik Ruandara—; herrialdetik kanporatu ez baina kontinentetik kanpoko guneetan edukitzea—Espainiak Ceutan eta Melillan egin duen moduan—; atxilotze gune erraldoiak jartzea itsasoan… Boladan dago giza krisi bati segurtasun neurriak areagotuz erantzutea, baina etorkinenganako beldurra eta mesfidantza zabaltzeko soilik balio du horrek. Agian, Zupiriak zioen bezala migrazioak «gizartearentzat onargarriak» izan daitezen, diskurtsoak dira kudeatu behar direnak, eta ez fluxuak.
(Puede haber caducado)