Migratzaileen berrogei txabola inguru erre dira Ceutako kanpaleku batean

Berria, Igor Susaeta, 11-09-2026

Migratzaileen berrogei txabola inguru erre dira Ceutako (Espainia) kanpaleku batean, Tarajalgo kaiaren inguruan. Espainiako hedabide batzuek Poliziaren iturriak aipatuz kaleratu dutenez, sutea «nahi gabe» piztu dute; hori da hipotesi nagusia. Han daudenek, baina, ukatu egin dute hori. Ikertzen ari dira zer gertatu den.

Dena den, ez da eremu horretan azken hilabete eta erdian gertatutako lehen gorabehera izan. Astearte goizaldean bertan kaputxadun batzuek harriak jaurti zizkieten migratzaileei, eta jazarri egin zitzaizkien. Esaterako, kanpin denda batean gurasoekin zegoen 6 urteko haur bat zauritu zuten, balin pistola batekin tiro egin baitzioten. Adingabe horrek jarritako salaketaren arabera —

El País

egunkariak eduki du horren berri—, «erre egingo zaituztegu!» oihu egin zieten.

Iturri ofizialen arabera, gauerdia pasatuta piztu da sutea kanpaleku horretan. Han daude, hain zuzen, uztailaren 30ean eta 31n Marokotik Ceutara iritsi ziren 72.000 migranteetako batzuk. Suhiltzaileek pare bat ordu behar izan dituzte sua itzaltzeko. Migratzaileek aterpe gisa eraikitako kanpin dendak ezereztu dituzte sugarrek. Eremua ebakuatu behar izan dute suhiltzaileek. Ez dago zauriturik.

Azken orduetan, gainera, gutxienez zortzi ibilgailu eta lau kontainer erraustu dituzte Ceutako beste hainbat lekutan. Pertsona bat atxilotu dute. Kontuan hartu behar da antzeko gertaerak izan direla han azkeneko egunetan.

Londresen eraginkortasun eskaera

Ceutan gertatzen ari denak krisi humanitario zein politiko bat eragin du. Izan ere, Espainiako eskuinek baliatu dute Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen kontra egiteko. Horren erakusgarri, irailaren 2an Espainiako Estatuko hirietan —Hego Euskal Herrikoetan barne— deitutako elkarretaratzeak. Antolatzaileen esanetan, horien asmoa zen Ceutari elkartasuna adieraztea; hainbat alderdik eta giza eskubideen aldeko talde batzuek egotzi zieten, ordea, Ceutan uztail bukaeran gertatutakoaren ondoren Espainian hedatutako giro arrazista elikatzea.

Giro hori Europako beste leku batzuetan ere dago zabalduta. Pasa den asteburuan, esaterako, Portsmouthera (Ingalaterra) ontzi batean iritsi ziren 140 papergabe ingururen lekualdatzea oztopatzen ahalegindu ziren 500 kaputxadun inguru. «Itzularazi itzazue!», oihu egiten zieten poliziei, agenteak ari zirenean migratzaileak autobus batera lekualdatzen, kontrolgune batera eraman zitzaten.

Migratzaile horiek eremu batera eraman dituzte, eta Hampshireko konderriko agintariek emana dute agindua: debekatuta dago papergabeak dauden lekura hurbiltzea. Erresuma Batuko Gobernuak manifestarien jarrera «kikiltzailea» kritikatu du —gauza bera egin dute alderdi guztiek, Reform UK ultrak barne—, eta Shabana Mahmood Barne ministroak Poliziari eskatu zion atzo eraginkortasunez jokatu dezala eskuin muturreko manifestarien aurka, eta dituzten konpetentzien «erabateko erabilera» egin dezatela. Hori jakinarazi zuen Londresek ohar batean, ministroa Poliziarekin bildu ondoren.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)